Baiona eta Garazi arteko trenari eusteko diru-laguntzak izanen dira
BORDELE
Akitaniako Kontseiluan, Bordeleko prefet Francis Idrac eskualde kontseilarien aurrean agertu zen Estatu frantsesaren eta Akitaniako eskualdearen artean 2007 eta 2013 artean izanen den hitzarmenaren egitasmoari buruz mintzatzeko. Elkarrizketak joan den udaberrian gaizki hasi baziren ere, oraingoan bi erakundeen arteko ideiak hurbiltzen ari direla ematen du, eta akordioa otsailerako izanen dela pentsatzekoa da.
Eskualdeko prefetak edo gobernu ordezkariak jakinarazi zuen Estatuak 100 milioi euro inguru emanen dituela hasierako egituraketarako. Aldi berean, Baiona eta Donibane Garazi arteko trenbidea birgaitzeko dirua emanen duela ere adierazi zuen; Baiona eta Kanbo elkartzen dituen hasierako lanetarako, hain zuzen ere.
Akitaniako lehendabiziko presidenteorde Jean-Louis Carrere-k azaldu zuen Estatua bigarren mailako trenbideetan dirua ematearekin pozik agertu baldin bazen ere, diru-laguntzak era mugatuan egitea tamalgarria dela. Carrerek erran zuen Baiona eta Donibane Garazi arteko lineak «diru-ezarketa handiak behar dituela ez ixteko».
Turismoari dagokionez, Estatuaren diru-laguntza asko jaitsi da: iaz 20 milioi eurokoa izan zen; aurten, 2,7 milioikoa izanen da.
|