Nafarpres, Nafarroako Tokiko Prentsaren Elkartea
·Hamahiru argitalpenek osatzen dute eta tokian tokiko kazetaritza eta albisteak bultzatzea du helburu
IRUÑEA
Nafarroako tokian tokiko eta maiztasun ezberdinetako argitalpenak biltzen dituen elkartea jaio da: Nafarpres. Atzo aurkeztu zuten Iruñean, eta herrialdeko hamahiru argitalpenek osatzen dute; hasi Tuteratik eta Baztan edo Beraraino, bidean Tafalla edo Iruñea utzita.
Helburu nagusiak tokian tokiko informazioari leku bat eskaintzea; auzo, herri eta hiri konkretuen garapena bultzatzea eta Nafarroako ezaugarri «bereziak» mantentzen laguntzea dira, baita tokian tokiko prentsaren sorrera eta garapena bultzatzea, hura modernizatzea, argitalpenek elkarrengandik ikastea, eta komunikabide nazional eta eskualdekoek betetzen ez duten hutsunea betetzea ere.
Nafarpresen izenean, Eva Chourraut-ek eta Jose Manuel Irigoienek hitz egin zuten; gainera, hamahiru agerkarien artean ageri den aniztasuna eta ugaritasuna hizkuntza, maiztasun, eredu eta banaketa moduetan ere nabarmendu zituzten. Hilabetero 250.000 pertsona baino gehiagok Nafarpresen agerkariren bat etxean jasotzen dutela azaldu zuten, eta idatzizko komunikabideak nagusi izan arren, elkarte horrek tokian tokiko telebista, irrati eta web orriak ere barne hatzen dituela adierazi zuten.
|