«Immigranteen integrazio prozesuan integrazio kulturala garrantzitsua da»
Kontseiluak antolatutako «Aniztasunean» jardunaldiak atzo bukatu ziren. Euskalgintzako, immigrazioko eta hezkuntza sistemako eragileek parte hartu zuten azken egunean, eta haien aurrean jardun zuten adituek. Etorkinak euskarara hurbiltzeko moduez jarduterakoan adituek garbi daukate «hizkuntza integrazioa lortzeko aurretik integrazio soziala lortu behar dela». Modu berean, integrazio prozesu horretarako ezinbesteko jotzen dute integrazio kulturala.
DONOSTIA Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak antolatutako “Aniztasunean” jardunaldien azken egunean atzo adituek hainbat sektoretatik etorritako eragileen aurrean jardun zuten; euskalgintzako, immigrazioko eta hezkuntza sistemako adituen aurrean, hain justu.Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek nabarmendu zuenez, euskararen normalizazioan aurrera egiteko «euskararen eta euskal kulturaren normalizazioa» lortu behar da lehenengo. Modu berean, etorkinen hizkuntza integrazioaren aurretik egin beharrekoa da, Mendigurenen esanetan, integrazio soziala. Gironako Unibertsitateko Ignasi Vila aditua Mendigurenekin agertu zen eta modu bertsuan aritu zen. «Immigranteen integrazio prozesuan integrazio kulturala elementu garrantzitsua da, eta hori ez dago integrazio sozial, ekonomiko eta politikotik kanpo», esan zuen. Hartara, Vilak euskara euskal gizartearen kultur elementu guztien erdian jarri behar dela gaineratu zuen.
Aisialdia eta hizkuntza
«Hizkuntza, batik bat, gauzak egiteko bidea da, bai besteekin, bai norberarekin ere», agertu zuen Kataluniako adituak. Horregatik eta hartutako herrialdearen hizkuntza ikastea integrazioaren giltza ez den arren, Vilaren ustez, integrazio politika bat dagoen neurrian eta bertako pertsonekiko harremanen berdintasuna dagoen neurrian, «etorkinek herrialde horretako hizkuntza hartzen dute elkarrekin gauzak egiteko». Ideia horretara bideratu zuen Ignasi Vilak bere atzoko hitzaldia.Bestetik, aisialdiak hizkuntzaren normalizazioan daukan garrantziaz aritu zen Urtxintxa Eskolako Jaime Altuna. «Haur eta gazteek aisialdiko jardueretan ondo pasatzen duten bitartean, naturaltasunez, beraien arteko harremana euskaraz garatzen dute», esan zuen. Hortik abiatuta, Urtxintxa Eskolak kultur aniztasunean oinarrituta egitasmo bat jarri zuen martxan duela hiru urte, munduko jolasen bilduma bat oinarri hartuta. Alea Tita Konba izeneko programa martxan dago Zumaian, Villabonan eta Zizurkilen. Altunaren esanetan, «kultura desberdinetako haurren arteko komuneko ezaugarri garrantzitsuenetakoa jolasa da; haurrak munduko bazter guztietan jolasten dira». Horiek hala, haur etorkinak euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko tresna egokia da jolasa. Modu berean, haur euskaldunek beste kulturetako ohiturak eta hizkuntzak ezagutzeko modu interesgarria da munduko jolasen bilduma. Kultur aniztasuna bi norabidetan sustatzen du, beraz, Urtxintxa Eskolaren ekimenak.
|