Berrehun postu izanen dira San Tomas bestan
DONOSTIA
Askotariko berrehun postu hartuko ditu Donostiak bihar, San Tomas egunean. Horietatik hirurogeitan txistorra izanen da salgai, eta hamaikatan, taloa. Lehiaketak ere ez dira gutxi izanen, nahiz eta aurten ere ez den oilasko eta kapoirik izanen, parte-hartzea hagitz txikia izan delako. Donostia-Beterriko ezti hoberena aukeratuko dute bigarren aldiz; bost ekoizle izanen dira Jose Salaberriaren omenezko fruitu eta barazki txapelketan, eta Euskal Herriko 26 txistorgile lehiatuko dira.
Artisauak izanen dira Gipuzkoako hiriburuko karriketan, animalien erakusketak, haurrentzako lantegiak, Estitxu Eizagirreren eta Sustrai Colinaren bertsoak... Lehendabiziko aldiz, begetarianoek ere izanen dute lekua, Animalien Eskubideen aldeko Elkarteak postua paratuko baitu Konstituzio plazan, «gizarteari animaliak erabili eta haiekin krudelak izan gabe ere festa egin daitekeela erakusteko». Produktu beganoak eta begetarianoak eskainiko dituzte, pestizidarik eta transgenikorik gabeak, «ahalik eta prezio baxuenean».
Elkarteko kideek atzo salatu zutenez, kontsumorako hazten dituzte animaliak, «sentitzeko ahalmen guztia» izan arren. «Tresna bizigabeak bezala tratatzen dituzte, irizpide moraletatik urrun eta krudeltasunaren aurkako babes legalik gabe», ziurtatu zuten.
|