Donostiako Piratak, parte-hartzerantz abant
·Larunbateko Gaua aurkezteaz gain, herri ekimena sendotuko dutela jakinarazi dute
Urtez urte ezaugarri bat izaten du Donostiako Pirata Gauak, nabarmendu nahi dituzten ideien araberakoa, betiere herri jaien inguruan. Larunbatean, «parte-hartzea beharrezkoa dela» nabarmenduko dute, marinelen hizkerara hurbildu eta "Parte-hartzeruntz abant" leloa erabilita.
DONOSTIA
Aste Nagusian parte-hartzea oinarri zuen besta egin nahi zutelako ekin zioten Donostiako gazte batzuek Pirata Gaua antolatzeari orain lau urte. Sormena garatzen laguntzea zuten xede. «Baliagarria da horretarako film laburren txapelketa, sendotzen ari den ekimena», adierazi zuten atzo pozik. Lan horiek erakutsiko dituzte larunbat honetan Intxaurrondoko Letaman gaztetxean eginen duten Pirata Gauean, eta horren bitartez jendearen parte-hartze zuzena bilatuko dute. Bestalde, Aste Nagusiko gastuak ordaintzeko dirua bilduko dute, Udalak ez baitie laguntzen.
Arratsaldeko bostetan hasiko da besta, modu alaian hasi ere, Lapurdiko Space Mukaki kale animazio taldea bertaratuko delako. Bertso saioa, ideiak agertzeko ekitaldia eta Keikeren, Betagarriren eta Donostiako pop-rock txapelketako garaile Laurobaren kontzertua ere izanen da.
Aste Nagusiaren inguruko lantegia egin zuen Udalak azaro hasieran, baina Piratek jakinarazi zuten: «Ez du ondoriorik kaleratu, bilerara gonbidatutako taldeok azaldu genituen ideiak ez dituelako gustuko». Euskarak toki handiagoa izateko, zezenketak baztertzeko eta askotariko egitaraua egiteko eskatu zuten, bertzeren artean. Piraten aburuz, ez zen parte-hartzea bultzatzeko saiakera zintzoa izan, ideia bilketa baizik. «Martxo inguruan benetan saiatuko gara parte-hartzea sustatzen, borondatea duten eragile guztien artean Aste Nagusia nola antola dezakegun ikusteko. Ahalik eta jende gehiena bilduko gara, orain artekoa baino herri ekimen sendoagoa eta egitarau osoagoa egiteko», esan zuten.
|