GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-12-26
Lurdes Iriondo, kantagintza berriaren izarra, irudietan
Ehun eta hirurogeita hamar kantaldi ematera iritsi zen Lurdes Iriondo 1967an. Horietako asko, noski, Ez Dok Amairukoko kideekin batera. «Euskal Herriaren nobia» deitu zion Arestik, haren edertasunaz liluratuta. Ez Dok Amairuko musa, Euskal Herriko Joan Baez eta beste hainbat epiteto erabili ziren bere kantagintza definitzeko. Urnietako Lekaion haren ibilbide pertsonal eta artistikoaren lekukotasunak bildu dira.

Euskal kantagintza berriaren izarra izan zen hirurogeiko hamarkadan, eta Xabier Letek, senarrak, azken liburuan dioenez, Ez Dok Amairuko hiru eragile nagusien artean jartzen du, Labeguerierekin eta Julen Lekuonarekin batean, nahiz eta gero, taldea martxan jarri zenean alegia, buruzagitza beste batzuek hartu zuten. Iazko abenduaren 27an hil zen 68 urterekin, eta, heriotzaren urteurrenaren kari, “Ez Dok Amairu-Lurdes Iriondo” erakusketa zabaldu zuten atzo bere herrian. «Orain hiru urte Usurbilgo herriak Ez Dok Amairuren erakusketa bat antolatu zuen eta horren barruan txoko berezia eskaini zion Jesus Artzeri. Joxe Ramon Furundarenak egin zuen material bilketarik handiena. Erakusketa hura antolatu zutenekin harremanetan jarri eta gauza bertsua antolatu dugu hemen, baina txoko handi bat Lurdesi eskainiz», esan zuen Iker Apaolaza Lekaio kultur etxeko arduradunak.

Xabierren laguntza

«Materialez urri samar ibiliko ote ginen beldur ginen, baina oso bestela gertatu da, Xabier Letek asko lagundu digulako batetik eta Lurdesekin lan egindako beste zenbait pertsona ere asko inplikatu direlako», jarraitu zuen Apaolazak. Familiako argazkiak, txikitakoak, gaztetakoak, ezkontza garaikoak biltzen saiatu dira antolatzaileak, kantagintza garaikoak ezagunagoak direlako. Hamarkadaka banatu dute materiala. Diskoak eta disko azalak, kartelak, esku-programak, idatzi zituen liburuak eta argitaratu gabe zituen eskuizkribuak erakutsiko dira erakusketan. Jakina denez, haur literaturaren arlokoak dira bere literatur lan gehienak. Hiru izenburu argitaratu zituen Geron, eta beste bat, Ereinen. Urnietako Buruntza antzerki taldearentzat prestatu zituen obra zenbait ere argitaraturik daude, baina erakusketan badira argitara gabeak ere. «Eskuizkribu asko zuen etxean, antzerkia bereziki, ilobei idatzitako ipuinak, familiarteko eta lagunei bidalitako eskulanak (collage-ak, egutegiak eta maskarak)», jarraitu zuen Iker Apaolazak.

Lurdes Iriondori eskainitako txokoak bederatzi panel eta bi bitrina ditu, eta Ez Dok Amairu taldearenak 21 panel eta bideo emanaldi bat.

Lurdes Iriondo Donostiako Moraza kalean jaio zen, aita gerrara joan zelarik, familia hara aldatu zelako. Zazpi urte zituela, hala ere, Urnietaera itzuli ziren. Aita Gipuzkoako Okinen Elkarteko buru izandakoa zen. Hogei urte zituela bihotzeko gaitz bat aurkitu zioten eta ebakuntza larri bat egin behar izan zioten; aurrerantzean bere burua zorrotz zaindu beharko zuela adierazi zioten. Beste amets batzuk alde batera utzi eta musikari lotzea erabaki zuen.

Lehen kantak

Etxean musikazaleak ziren. Joxe Mari Iriondok “Bidegileak” sailean Lurdesi eskainitako zenbakiak kontatzen duenez, anaia bat Donostiako kantu lehiaketa batean parte hartua zen. Lurdes bera Donostian opera eta kantua ikasten ari zen bihotzeko ebakuntza egin zioten garaian. Gitarra jotzen jarraitzea erabaki zuen eta lehen kantak egiten hasi zen. Mojekin ikasketak egina izaki, garai hartan moda zegoen Soeur Sourire moja frantsesaren kantuen antza zuten beren lehen “Abesten dizut, Jauna” edo “Arren, Jauna” haiek, baina, aldi berean, euskal kanta zaharren ukitua ere bazuten “Aurra seaskan” edo “Amatxo laztana” bezalako kantuek. Gilbert Becaud, François Hardy, Charles Aznavour, Jacques Brel eta garaiko beste hainba kantari miresten zituen. Haien diskoak entzuten zituen etxean, eta urteen joanean protesta kantuan buru-belarri sartu zenean, Atahualpa Yupanqui, Raimon, Guillermina Mota, Joan Baez eta gisakoetara pasatu zituen bere mirespenak.

Bere lehen kantaldia Andoaingo ikastolaren alde eman zuen. Sekulako arrakasta izan zuen. Tolosan eta Villabonan kantatu zuen ondoren. 1954ko kontuak dira horiek. Loiola Irratiko kantaldi bat etorri zen gero. Berrogei bat kantaldi eman zituen 1965ean, eta 170 kantaldi ematera iritsi zen 1967an. Labeguerie bera ere txundituta utzi omen zuen Lurdesek, hasierako kantaldi horietako batean Donostian kantuan ikusi zuelarik.

Ibilbide horren lekuko diren irudiak eta diskoak ikus daitezke atzo Urnietako Lekaio kultur etxean zabaldu zuten erakusketan, baita bizitza pertsonalagoaren berri ematen duten irudiak ere. Tolosako Izaskunen ezkondu zen Xabier Leterekin 1968ko urrian. Horren eta gisakoen testigantzak ere badira atzo zabaldu zuten erakusketan. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Olentzero y la alegria para casi todos
Mundua
El Ejército de Etiopía bombardea los dos principales aeropuertos de Somalia
Kultura
Fallece James Brown, el «padrino del soul»
Kirolak
«La oficialidad de la selección Vasca depende de conceptos políticos»
Euskal Herria
PNV y PSE celebran que el Rey español pida «sosiego» y «cohesión» a los partidos
Mundua
La desgracia vuelve a golpear Aceh dos años después del tsunami
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss