GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-12-26
Txoriak sendatzeko Hegalaldia zentroa ireki dute Uztaritzen
Gaixorik edo zaurituak diren txoriak zaintzen dituen Hegalaldia zentroa ireki dute Uztaritzen. Naturan bakarrik bizitzeko eragozpen fisikoak dituztenean sendatu arte zaintzen dituzte hegazti harrapariak eta itsastxoriak. Hainbat animalia mota tratatzeko azpiegitura modernoak ditu zentro berriak.

Bi belatz zenbait egunetan sendatzen egon eta gero berriro ere nola egiten zuten hegan ikusteko parada izan zen animalia basatiak babesteko Hegalaldia zentroaren inaugurazioan. Hezurren bat hautsia izan zuten bi belatzak berehala aireratu ziren, baina handik gutxira zuhaitz batean pausatu ziren. Zentroko arduradun Stephan Mauryk azaldu zuenez, hainbeste egun naturatik kanpo egon eta gero, pixka bat galduak egoten dira, eta erreferentzia-puntuak bilatzen ari ziren. Bizia salbatu dien kartzelatik ateratzeak zailtasunak izaten ditu, askatu eta ordu erdira, Hegalaldia zentro inguruko zuhaitzetan itzuliak ematen jarraitzen baitzuten belatzek.

Belatzak bezalako txori harrapariez gain bestelako txoriak ere zaintzen eta birgaitzen dituzte; esaterako, sai ugari izaten da Uztaritzeko zentroan. Itsas hegaztiak zaintzeaz ere arduratzen dira zentroan, eta bi pinguino europar zentroko hiru igerilekuetako batean askatu zituzten. Itsastxoriek uretan izaten duten erreakzioaren arabera neurtzen dute zein puntutaraino sendatuak dauden. Bi pinguino europarrak igerilekura sartu zituztenean, biak lumen artean ura sartzen hasi ziren, garbitzen eta lumak berregituratzen. Handik minutu gutxi batzuetara, bi pinguinoetako bat uretatik atera zen, eta hori guztiz sendatua ez zegoen seinalea zela azaldu zuen Maury jaunak, txoriak zaintzeaz arduratzen den kideak: «Kanpora atera den txoria oraindik ere ez dago ondo; bere gorputza babesten duen geruzak zulo bat du eta hortik ura pasatzen denez gero, hotza sentitzen du uretan. Horregatik atera da».

Protokolo zehatza

Txoriak sendatzeko gauza asko izan behar dituzte kontuan Hegalaldia zentroko langileek, baina lan horrek emaitza onak ematen ditu; hartzen dituzten hegaztien %80 eta %85 artean askatzen baitituzte. Lehenik eta behin, zentrora norbaitek animalia bat ekartzen duenean, nor den, animalia zein espezietakoa den eta non aurkitu duten idazten dute artxiboak osatzeko. Gero, eritegian sartzen dituzte beharrezkoak diren zaintzak izan ditzaten. Horren ondotik, harrapariak kaiola txikietan jartzen dituzte, eta indar aski dutenean, zentroan dauden 26 metroko kaioletan edo 50 metroko luzera duen kaiola handi batean sartzen dituzte txoriak. Han, hegan eginez, muskuluko masa berreskuratzen dute.

Itsasoko hegaztiak zenbait egunez etengabe garbitu behar izaten dira lumak itsasten dituzten produktuak guztiz kentzeko. Garbiketa hegaztientzat urduritasun iturri handia izaten da, horregatik kontu handiarekin egin behar izaten da lana, bestela, txoriak bihotzekoak jota hiltzeko arriskua baitago. Tarteka igerilekuan sartzen dituzte, eta arrantza egiteko ohitura gal ez dezaten batzuetan arrain biziak sartzen dituzte uretan txoriekin.

Animaliak berriro ere naturan askatzea da zentroaren helburu nagusia. Horretarako, hegazti bakoitzaren inguru naturalera joaten dira. Saiak barne aldera eramaten dituzte, eta mendi inguruetan askatu. Itsas hegaztiak, bistakoa denez, itsasertzean askatzen dituzte; aldiz, belatzak zentroan bertan askatzen dituzte, eta gero berek atzematen dute bidea.

Animaliak naturan askatzeko sendatu ezin direnean, gehienetan hil egin behar izaten dituzte. Galtzear dauden animalia mota gutxi batzuetan birsorkuntza programak izaten dira, eta askotan, ugalketa egiten den zentro batera igortzen dituzte.

Frantses Estatuko zentrorik handienetarikoa eta modernoenetarikoa da Uztaritzen ireki dutena. Eta, aldi berean, itsastxoriak eta harrapariak sendatzen dituen bakarrenetarikoa da. Lanean aritzeko material berriena izateaz gainera, Hegalaldia ingurumena errespetatzeko eraiki dute. Alde batetik, eraikin asko zurez egin dituzte, eta, beste alde batetik, berogailuak eguzkiko energiarekin ibiltzen dira.

Ekaitzak, kaltegarriak

Ekaitzen ondoren, Hegalaldia zentroa aldiro hegaztiz betetzen da. Harrapariek eta itsastxoriek nozitzen dituzte ekaitzen eraginak. Harraparientzat, ekaitzak sortzen dituen haize bolada bortitzak izaten dira arazoa gehienetan. Saiak, adibidez, mendian bizi dira, eta ekaitzek askotan kostaldera eramaten dituzte, eta gero handik ezin izaten dira barnealdera bueltatu.

Itsastxoriek ere ekaitzen ondorioak pairatzen dituzte. Baina naturaren eraginek ez dituzte txoriak gaixotzen, gizakiek ekaitza dagoenean izaten dituzten jokabideek baizik. Ekaitz egunetan itsasontziak kontrolatu ezin direla jakinik, egun horiek ontziak garbitzeko profitatzen dituzte marinelek, eta hondakin guztiak itsasora botatzen dituzte. Lehenago beti petrolioaren deribatuak izaten zirela azaldu zuen zentroko langile Stephan Mauryk, baina azkenaldian sukaldeko olioa gero eta gehiago atzematen dutela adierazi zuen.

Produktu horiek guztiak hegaztien lumetan itsasten dira, eta gero ezin izaten dute hegan egin. Marea beltza izaten denean, hedabide guztietan hark hegaztiengan izandako ondorioak nabarmentzen dituzte, baina horrelako egoerak txoriek urtero nozitzen dituztela jakinarazi zuten Hegalaldia zentroko langileek. Horretaz guztiaz gainera, kideek nabarmendu zuten zikinduta dauden txori horiek zaintzeak lan handia ematen duela.-



Zer egin animalia zauritu bat aurkitzean

Hegalaldia elkarteak sortu berri duen zentroan sendatzen dituzten animaliak suhiltzaileek eta poliziakideek eramaten dituzte gehienetan, baina askotan kaleko jendeak bertara deitzen du edo hara joaten da aurkitutako txori edo beste mota bateko animaliak aurkitzen dituztenean. Animalia bat aurkitzen dutenean nola hartu behar den azaltzeko argibide zehatzak ematen ditu Hegalaldiak. Arropa edo oihal batekin hartu behar da eta burua estali; hegazti bat baldin bada, hegalak gorputzaren kontra jarri behar zaizkio. Ondoren, zulo txikiak dituen kartoizko kutxa batean sartu behar da eta animaliak zaintzeaz arduratzen den zentro batekin harremanetan jarri. Inoiz ez da animalia etxean sendatzen saiatu behar, ezta jatera edo edatera ematen ere. Azkenik, animaliak ez dira inoiz haurren eskuetan utzi behar.



Nafarroako zentroarekin lanean
Ilundainen, Aranguren ibarrean, txoriak zaintzeko zentro bat dago, Iruñetik 15 kilometrora. Nafarroako Gobernuak kudeatzen duen zentro hori Hegalaldia elkartearekin harremanetan jarri zen bi zentroek elkarrekin txosten bat aurkez zezaten Europar Batasunak ematen dituen Intereg diru-laguntzak eskuratzeko.

Bi erakundeen artean egitasmo bat eraman zuten aurrera 2003. urtera arte, eta orduan lau helburu finkatu zituzten elkarrekin garatzeko. Lehen puntua azpiegiturei buruzkoa zen, eta Hegalaldiak inauguratu berri duen zentroa izan da horren emaitza. Nafarroako zentroa ere berritu dute. Hainbat eremutan ikerketa garatzea eta aztertutako egitasmo horiek nola gauzatu zehaztea izan zen beste helburuetako bat.

Zentroek gizartean duten oihartzunari buruz ere elkarrekin lanean aritu ziren. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Saileko Isabel Leranozek adierazi zuenez, Ilundainen Hegalaldiak boluntarioak erakartzen egin zuen lanetik asko ikasi zuten. Azkenik, protokolo tekniko bat ere ezarri zuten materiala erabiltzeari buruz eta zentroen espezializazioari buruzkoa. Hegalaldia itsastxorietan espezializatua dago, eta Ilundaingo zentroa, aldiz, hegazti harraparietan.

Egitasmoa bukatu bada ere, bi zentroen arteko elkarlanak aurrera jarraitzen duela nabarmendu zuen.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Olentzero y la alegria para casi todos
Mundua
El Ejército de Etiopía bombardea los dos principales aeropuertos de Somalia
Kultura
Fallece James Brown, el «padrino del soul»
Kirolak
«La oficialidad de la selección Vasca depende de conceptos políticos»
Euskal Herria
PNV y PSE celebran que el Rey español pida «sosiego» y «cohesión» a los partidos
Mundua
La desgracia vuelve a golpear Aceh dos años después del tsunami
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss