Zuek» zarete irabazle: gu, Interneteko erabiltzaileok. AEBetako “Time” aldizkariaren [www.time.com http://www.time.com/>] 2006ko urteko pertsonaia guk guztiok osatzen dugu. 2005ean Bono [U2ko abeslaria], Bill Gates [Microsoft-en sortzailea] eta bere emaztea hautatu zituzten sariaren hartzailetzat. Aurten bestelako izaera eman nahi izan diote sariari, beste irakurketa sozialago bat: pertsonaia ezagun eta indibidualak saritu beharrean, oparia Internet eraikitzen dugun kolektibo askotariko eta globalari eskaini diote.
“Time” 1923an sortu eta egun AEBetan informazio orokorra zabaltzen duen astekaria da. Astekariaz gain, munduan zehar edizio ezberdinak kaleratzen ditu: europarra “Time Europe” da [www.timeeurope.com http://www.timeeurope.com/>], Londresen editatzen dena; asiarra Hong Kong-en; kanadiarra Toronton eta azkenik, Hego Pazifikorako edizioa Sydneyn. Bestelako auzi polemikoengatik [esaterako, 1974an Richard Nixon-en dimisioa eskatu zuten] ezagutzen bada ere, aldizkariaren ezaugarririk entzutetsuenetakoa «Urteko pertsonaia» saria da: urteko albisteetan pertsona indibidual eta kolektiboei izan duten eragina [ona zein txarra] aitortzen die. Horrexegatik ez dauka beti sari pozgarria izan beharrik: zigor bat ere izan daiteke. Bere garaian Adolf Hitler eta Stalin ere saritu zituzten. Eta 2004an, bigarren aldiz, George W. Bush saritu zuten. Eta iaz sarituetako bat Bill Gates izan zen. Zergatik ote.
2006an, komentatu bezala, saria munduko kolektiborik askotariko eta sakabanatuenari eskaini diote: Interneteko erabiltzaileoi. Aurten milioika pertsonaia anonimo eta ezezagun saritu dituzte. “Time” aldizkarikoek Internet erabiltzaileek informazioaren aro globalean duten eragina aitortu nahi izan dute. Erabiltzaileek «demokrazia digital berriaren sortze eta egiuratzean» duten garrantzia nabarmendu dute.
Baina erabakia haratago doa. Ez da sari hutsala. Argumentazio propioko erabakia da. “Time”-ekoek erabiltzaile arruntek sortu eta ekoiztutako online edukien eragina eta hazkundea azpimarratu nahi izan dute. Eta eduki horiek guztiak sortu eta banatzeko tresnez ere aritu dira. Sareko bitakora edo blogen hedapena aipatzen dute. Blog edo bitakora hauen bitartez, erabiltzaileok gure eduki propioak erraz sor ditzakegu, gutxieneko ezagutza informatikoak baditugu ere [www.blogari.net http://www.blo- gari.net/>]. Bestalde, “YouTube” webgunea ere [www. youtube.com http://www. youtube.com/] aitatzen dute. “YouTube”-n, erabiltzaileok nahi adina bideo ikus, gorde eta bana ditzakegu. Eta azkenik “Wikipedia” [http:// eu.wikipedia.org http://eu. wikipedia.org/>] bera ere argumentu andanaren artean azaltzen da. Wikipedia hizkuntza asko eta askoetan gero eta sarrera gehiago dituen Interneteko entziklopedia librea da.
Eta egia da, ez dute arrazoi faltarik. Are gehiago: sari honek Euskal Herrian ere badu zentzurik. 2006an erabiltzaileok sortutako edukiek gora eta gora egin dute etengabe. 2006an Tim O’Reillyk 2005ean definitutako Web 2.0 hedatu egin da Euskal Herrian. Gorpuztu. Finkatu. Lekukotu. Ezagutu egin da. Jendarteratu. Internet eta teknologia berriak gure bizitzeko modua aldatzen ari direla argi gelditu da. Gutxiago edo gehi- ago, Internet eta teknologia berrien beharraz jabetu gara. Internet eta teknologia berriak erabiltzearen beharra zabaldu da. Baina Internet eta teknologia berriak ondo erabiltzearen beharra eta ardura ez da behar adina barneratu.
Teknologiak teknologia hutsak dira. Makina fisikoak. Hotzak. Hutsalak. “Time” aldizkariaren saria teknologia horien erabiltzaileentzat izan da: kausalitatea. Erabiltzaileok gara motorra. Erabiltzaileok mantentzen dugu Internet aktibo. Baina ez da erabilpen hutsa saritu. Beharrezkoa da Internet eta teknologia berriak ondo eta egoki erabiltzea. Eta horixe da saritu nahi izan dutena: erabilera zuzena. Aurtengoa ez da zigor bat izan, inondik ere: kobre zaporeko omenaldi kolektiboa izan da.
Internet eta teknologia berriak gure komunikatzeko modua aldatzen ari direla esaten da maiz. Eta egia da, neurri batean. Internetek eta teknologia berriek behar dugun informazioa orain eta hemen izatea ahalbidetzen digute. Internet eta teknologia berriek komunikatzeko behar, bide eta modu berriak sortu dituzte. Beharrak ezberdinak dira, eta soluzioak, logikoki, ere bai. Soluzio egokiak modu zuzenean erabiltzen ikasi behar dugu. Hor erronka: teknologiak gure bizitza erraztu eta hobetzeko erabili behar ditugu.
Sariak sari, erronkak erronka, urte bukaerako egunak beti dira egokiak hurrengo urterako nahiak mahai gainean jartzeko. Hona hemen ene ametsetako bat: Internet eta teknologia berriak Euskal Herriaren biziraun eta garapene- rako elementu estrategikotzat hartzea. Internet eta teknologia berrien izaera estrategikoa barneratzea ezinbestekoa baitzaigu: berandu baino lehen. -