Muskildi herriko gaztandegitik saltokigune erraldoietako apaletara
Muskildi, Urdiñarbe, Garindaine, Ainharbe, Lexantzü, Lakarri eta Ozaze herrietako hemezortzi artzainek osatzen dute Azkorria, kalitatezko ardi gazta egiteko sortutako kooperatiba. Gaztandegiaren jarduera abian jarri zutenetik urtebete igaro da, eta Euskal Herriko eta atzerriko saltegietan presente daude jadanik.
Duela urtebete, Azkorria kooperatibako lagunek Muskildi herrian eraikitako gaztandegiaren jarduera abian jarri zutela jakinarazi zuten prentsaren aurrean. Kalitatezko ardi gazta ekoiztea eta Zuberoako garapen ekonomikoari bultzada ematea helburu zutela nabarmendu zuten; gainera, esku artean zuten erronka ez zela batere erraza izango aitortu zuten. Hamabi hilabete geroago, zailtasunak zailtasun, egitasmo horren bultzatzaile diren hemezortzi artzainen produktua Euskal Herriko eta atzerriko zenbait saltegitan dago salgai.Emeki-emeki bada ere, laborari horien denboraz eta diruaz elikatzen den proiektua aurrera doa, beraz. «Gaztandegiaren jarduera abiatu aitzin, arazo handiena produktua merkaturatzeko izango genuela abisatu ziguten. Eta horrela izan da, uste baino denbora handiagoa behar izan baitugu saltegietako apaletan egoteko», onartu zuen kooperatibako presidente Peio Elgoienek. Elgoienekin ez ezik, GARAk Azkorriako kide Jean-Claude Barreitxekin eta Dominique Agergarairekin ere hitz egin zuen atzo Muskildin; herri hori eta Urdiñarbe lotzen dituen errepide bazterrean dagoen gaztandegian, alegia. «Donibane Garazi eta Maule artean saihets ez daitekeen errepidea da. Horregatik ezarri ginen hemen, jendeak ikus gaitzan», nabarmendu zuen Agergaraik.
Eroskin, salgai
Gazta ekoizteko eta gordetzeko eremua izateaz gain, Muskildiko eraikina denda eta bisitagune gisa ere erabiltzen dute. Gazta nola egiten duten erakusteko aukera dute horrela, bost minutuko film baten bidez eta gaztandegiaren bisitaren bitartez. «Bisita doan da. Zer egiten dugun erakutsi nahi dugu, ez baitugu ezer ezkutatzeko. Filmak gaztaren ekoizpen prozesua esplikatzen du; lehen nola egiten zen eta orain nola egiten den azaltzen du. Irudiek garbi erakusten dute beti egin izan den moduan egiten dugula ardi gazta. Higiene kontuak soilik aldatu dira: orain eskuzorroak erabiltzen ditugu, eta lehen, ez», adierazi zuen Barreitxek. Gabonetako oporrak direla-eta, jende dezente joan zen atzo gaztandegira. Horietako gehienak, dendariak dastatzeko eskainitako pusketa probatu ostean, Azkorriako gazta besapean bueltatu ziren etxera. «Gaztandegiko dendan gazten %15 saltzen ditugu. Handizkako saltzaileen bitartez, berriz, gazten %60 saltzen ditugu», jakinarazi zuen Agergaraik, eta aste honetatik aitzin Eroski taldeko zenbait saltegitan presente egongo direla adierazi zuen. Hain zuzen ere, Gipuzkoako eta Bizkaiko saltokigune erraldoietara egingo dute jauzia. Horrenbestez, Azkorriako gazta DonostiakoGarberan, Usurbilgo Urbilen, Basauriko Bilbondon eta Leioako Artean dauden Eroski supermerkatuetan egongo da salgai. Dena dela, Hego Euskal Herriko dendetara irail aldera iritsi zen lehen aldiz, Hernaniko Lasa anaiak eta Itsasondoko Patxi Aldanondo handizkako saltzaileen eskutik. Orduz geroztik, Ordiziako, Tolosako eta Arrasateko merkatuetan ikus daiteke, baita Donostiako Bretxan eta zenbait hiritako supermerkatu txikietan ere. «Aukera handiak eskaintzen dizkigu Hegoaldeak, Euskal Herriko biztanleen %90 bertan bizi baitira. Arrazoi ekonomikoengatik, baina filosofiarengatik ere, Euskal Herri osoan egon nahi dugu», nabarmendu zuen Elgoienek. Azkorriako gazta Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako dendetan dago, gainera. Atzerriari dagokionez, Biarnon, Lyonen eta Paris aldean kooperatibako hemezortzi artzainen lana dastatzeko aukera ere badute. «Merkatuan egonda ere, oso oso zaila da saltzea. Produktua ezagutarazi behar da lehenik, eta hori da zailena», aipatu zuen Agergaraik. Mementoz, merkatu sarea handitzeko xedearekin, beste etxe batzuekin harremanetan jarri direla jakinarazi zuen. Alde horretatik, Donibane Lohizunen egoitza duen Bascogelekin hitz egiten ari direla adierazi zuen, Gipuzkoako eta Lapurdiko kostaldeko jatetxeetan janari freskoa banatzen duen enpresa horrekin tratua egiteko asmotan.
Arbaila eta Iratin gora
Gaztaren ekoizpenak ez du sekreturik Azkorriako artzainentzat. Joan den sasoiko lehen gaztak urtarrilaren 3an egin zituzten, gaztandegia ireki bezain azkar; hasi berria den sasoiko lehen gaztak, ordea, abenduaren 10ean etorri dira. Oso era laburrean azalduta, esnea 32 gradutan dagoenean gatzatzen dute. Behin gazta osatuta, 12 gradutan gordetzen dute sotoan, lehor dadin. Hiruzpalau hilabete igarotzen ditu gordeta, tamainaren arabera. Handienak lau hilabete pasatzen ditu; txikienak, aldiz, hiru. Hiru neurritako gaztak ekoizten dituzte; lau, bi eta kilo bakarrekoak, hain zuzen ere. Lan handiena artzainek berek egiten dute: esnea biltzetik produktua merkaturatzeko asmoz lotu beharreko harremanak egiteraino, gazta egiteko eta lehortzeko lana tarteko. «Artzain bakoitzak astean egun bat eta erdi dedikatzen dio lan honi. Kontuan hartu behar da gure lanetik kanpo egiten dugun zerbait dela. Diru kontuak direla-eta, hiru langile ditugu soilik: gazta egile bat, horren laguntzaile bat eta idazkari bat», azaldu zuen Agergaraik. «Era berean, merkataritzako kabinete batek laguntzen digu Lyongo eta Parisko kontuekin», erantsi zuen. Merkatuak merkatu, kooperatibako lagunek garbi utzi zuten xedea kalitatezko produktu bat egitea dela. «Helburua goi mailako ardi gazta bat egitea da, kantitatean lehiatu ezin garenez, kalitatea delako gure aterabide bakarra», berretsi zuen Barreitxek. Horiek hala, kalitatezko produktu bat lortzeko, ardiei kalitatezko janaria ematea ezinbestekoa dela esplikatu zuen. «Ossau-Irati izendapenekoak baino barne-arau zorrotzagoak ditugu. Ardiei ez diegu fermentatutako janaririk ematen, izendapen horretan ez bezala», nabarmendu zuen. Hori bai, maiatza eta iraila bitartean, Zuberoako gainerako artzainak bezala, Azkorriako lagunak mendira igotzen dira ardiekin. Buru beltz, gorri eta zuriz osatutako artaldeak 1.400 metro inguruko mendietan elkarretaratzen dira, Irati eta Arbaila aldean. Ekoizpen katea, beraz, mendian hasten da eta gaztandegian amaitu. «Joan den sasoian 350.000 litro esne gaztatu genituen. Etorkizuneko helburua kopuru hori handitzea da. Kooperatibako kide gehiago behar ditugu horretarako, handitzeko gaitasuna baitaukagu. Izan ere, gaztandegia 700.000 eta 800.000 litro esne inguru tratatzera irits baitaiteke», adierazi zuen Agergaraik. Bestalde, Azkorriaren jardueraren lehen urtearen balantzea egiterakoan, kooperatibako partaideak pozik agertu ziren, bai ekoitzi duten produktuagatik baita urtearen buruan ikasitakoarekin ere. «Laborantza eskolan ez da hau irakasten; hots, proiektu bat nola jartzen den abian eta produktua nola sal daitekeen. Eskolan ekoizpen prozesua soilik irakasten dute, irabaz edo gal daitekeena kontuan hartu gabe. Gu egunero ari gara ikasten», aitortu zuen Barreitxek. Azkorriako presidentea ere kontent agertu zen. «Pozik
gaude 2006. urtean egin dugunarekin. Hala ere, ziur nago sasoi berriko gazta
aurrekoa baino hobea izango dela», adierazi zuen Elgoienek. -
«Zuberoak laborantza behar du», nabarmendu dute artzainek
Azkorria kooperatibako artzainek laborantzaren garrantzia nabarmendu zuten. «Zuberoak laborantza behar du. Lanbide hau oso garrantzitsua da Ipar Euskal Herriko barneko alderako. Mendia desagertuz gero, akabo», adierazi zuen Azkorria kooperatibako kide Dominique Agergaraik. Laborantzaren garrantziaz ohartzeko, Gaindegiak argitaratutako azkeneko azterketari so egitea nahikoa da. Sektoreko erroldak bateratzen dituen txosten horren arabera, Euskal Herriko gainerako herrialdeekin alderatuz gero, laborantzak Nafarroa Beherean eta Zuberoan du pisu handien: langileen %26,3 eta %21,5 ari dira lehen sektorean bi lurralde horietan, hurrenez hurren. Dena dela, nabarmentzekoa da urte gutxitan laborantzak izan duen beherakada. 1991. urtean, esate baterako, Nafarroa Beherean langileen %34,4 aritzen ziren laborantzan; Zuberoan, berriz, %26,7. Era berean, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak bildutako datuek Ipar Euskal Herriko barnealdean gero eta ustiategi gutxiago dagoela adierazten dute. 1982. eta 1999. urteen bitartean, Zuberoan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean beherakada handia izan da: ustiategien %33,5, %31,5 eta %26,7 desagertu dira, hurrenez hurren.
|