BAIONA
Ikus-entzunezko Kontseilu Goren frantsesak (CSA) joan den ostegunean jakinarazi zuen Ipar Euskal Herrian irratia emititzeko lizentziak nori eman zizkion. Frekuentziak berrantolatu ondoren, bi frekuentzia hutsik geratzen ziren. Eta, Ipar EuskalHerriko hainbat irratik proiektuak aurkeztuak zituzten. Horien artean zeuden Internet bidez emititzen duten Info7 eta Radiokultura.Baina CSAk lehendabiziko lizentzia Landetako Cherie FMAquitaine Sud irratiari eman dio; eta, bigarrena, berriz, gehienbat musika emititzen duen Estatu frantseseko Skyrock irratiari. CSAkegindako aukera ikusita, bi irratietako arduradunek bat egin zuten, eta Skyrock «irrati komertziala» aukeratzea oso hautu «larria» dela adierazi zuten.
Info7 irratiko Jone Josiek «aniztasunaren printzipioaren izenean» gertakaria negatibotzat jo zuen. «Pena da irrati komertzial bati lizentzia bakarra ematea. Tokiko nortasuna eta errealitatea kontuan hartzen duten proiektuak baztertu dituzte», azaldu zuen. Josierentzat gertatutakoa «sorpresa handia» izan da, baina irrati gisa numerikoaren parioa egiten jarraituko dutela esan zuen.
«Azken frekuentziak duela hamabi urte ireki zituzten, beraz, auskalo noiz izango diren urrengoak. FM frekuentzian izateko aukerarik ez dugu. Teknologia berriekin panorama ezberdina agertzen da, beraz, bide horri jarraituko diogu», azaldu zuen, eta gertatutakoa tamalgarria dela esan zuen berriz. Mikel Etxebarria Radiokulturako arduradunak, berriz, Skyrock irratia aukeratu izana ez zela beretako sorpresa handia izan esan zuen.
«Lobbyen indarra»
«CSA egiturak beti erran izan du lizentziak eskaintzerakoan irrati komertzialek eta elkarteek aukera berak genituela, baina, gero, funtzionamendua ikusten dugularik, lobbyek indar handia dutela ikusten dugu, eta komertzialek izaten dute lehentasuna», salatu zuen.
Halere, ikusita zein irrati mota aukeratu duten, lekuko errealitaterako oso larritzat jo zuen.
«Skyrockek ez du ezagutzen EuskalHerriko errealitatea, eta ez dio lekuko kulturari tokia egiten», argitu zuen. Horregatik, urteak eta urteak egitasmoak eraikitzen daraman Radiokultura irratirako hautu hori tamalgarria dela gehitu zuen. «Gure proiektuak laurogei bat elkarteren sostengua zuen. Skyrock inposatu diguten proiektua da. Euskal ikuspegitik harturik, benetan penagarria da», bukatu zuen esaten.