Madrilgo epaiaren zain, gazteak ez daude geldi
Joan den hilabetean alarma guztiak piztarazi zituen «Jarrai-Haika-Segi auziko» epaia urte berria hastearekin batera emango du aditzera Auzitegi Goren espainolak. «Talde terrorista» izendatzeko eskatzen die Fiskaltzak Madrilgo epaileei, eta horren jiran hartu beharko dute erabakia. Alta, Segiko kideak gazte erakundearen aurkako erabakia salatzeko protestaldiak ari dira egiten egunotan herriz herri.
Abenduaren hasieran espero bazen ere, Segi gazte erakundearen gaineko epaiaren berrikusketaren berri urtarrilean emango dute. Asko jota hilaren 18an, Auzitegi Goren espainolak azaldutakoaren arabera. Hala ere, Segiko kideak ez dabiltza besoak gurutzaturik eta egun hauetan makina bat ekimen eta protesta ari dira egiten Euskal Herriko hainbat txokotan.
Aztertu beharrekoaren eta erabakitzen dutenak izango dituen ondorioen «tamaina» kontuan hartuz, hilabete atzeratu zuen Auzitegi Gorenak esku artean duen «Jarrai-Haika-Segi» delako auziaren deliberazioa. Izan ere, 2005ean Auzitegi Nazionalak Segi «legez kontrako» gazte erakundea zela erabaki bazuen eta auzipetutako gazteei bi eta hiru urte eta erdiko espetxe zigorrak ezarri bazizkien ere, Gobernu espainolaren ordezkaritza lanak egiten dituen Fiskaltzak oraingoan ere Segi «talde terrorista» izenda dezaten nahi du. Hori gertatuko balitz, gutxienez zortzi urteko espetxe zigorra jasoko lukete dozenaka auzipetuk, bai eta hemendik aurrera Segiko kide izateagatik epaitzen dituztenek ere. Are gehiago, «terrorismoaren» definizio berri bat eratzea da, uneotan, Auzitegi Goren espainolak erabaki beharrekoa.
Gauzak horrela, «gazteen eskubideen alde antolatzeko eta borrokatzeko», eta independentziaren eta sozialismoaren alde ekiteko, duten eskubidea eta zilegitasuna ari dira mahai gainean jartzen behin eta berriro. Independentziaren aldeko kanpai- naren barruan, etxebizitza eskubidearen alde edota «kontsumismo basatiaren» aurkako salaketa lanetan badabiltza ere, PSOE alderdiaren jarrera ere salatzen dihardute Segiren aurkako epaiaren karietara.
Lizarran, esaterako, PSNren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin zuten joan den astean, eta bertako gazteekin harreman dinamika ireki dute Segiren inguruko babesa gorpuztearren. Urola Kostako gazteak ere antzeko dinamikan ari dira lanean. Itzulbatzeta-Erromon, aldiz, fatxanoel pertsonaiaz mozorrotu eta PSOEk bultzatu duen auzia salatu zuten Galdamesko Ogi Egunean, hiru aste barru iritsiko den «zilegitasun gabeko» erabakia salatzen. -
DONOSTIA
|