GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Mundua 2006-12-28
Asiako zati handi bat telekomunikazio barik dago Taiwango lurrikararengatik
Arazo larriak sortu ditu Taiwango lurrikarak Asiako telekomunikazioetan. Txinan, Filipinetan, Japonian, Indonesian eta Thailandian atzerrira telefonoz deitzea edo Interneten nabigatzea oso zaila zen; batzuetan motela, besteetan ezinezkoa. Ondorioz, hainbat banketxek bertan behera utzi dituzte transferentziak, eta saltokietako jarduna ere kaltetu da. Joan den astearteko lurrikarak bi hildako eta 40 zauritutik gora eragin zituen Taiwango hego-mendebaldean.

BEIJING

Taiwango hego-mendebaldeko kostaldean izandako lurrikarak kalte handiak eragin ditu Asiako hainbat herrialdetako telekomunikazioetan. Txina osoan, Filipinetan, Indonesian, Singapurren, Thailandian eta Hego Korean, esaterako, telefono eta Internet bidezko komunikazioak ez zebiltzan behar bezala. Horrek kontinenteen arteko negozioetan eragin du gehienbat.

Joan den astearteko lurrikara 7,1 gradukoa izan zen, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Geologia Zentroak adierazitakoaren arabera. Dardarek hiru eraikin eraitsi eta hamabi sute piztu zituzten Hengchuen hirian. Horren ondorioz, bi pertsona hil eta 42 zauritu ziren. Lurrikara handiaren ostean, beste dardara batzuk egon ziren. Lehenengo orduetan, Filipinetan tsunami bat egon zitekeela ohartarazi zuen Japoniako Meteorologia Agentziak. Baina orduak igaro ahala, alerta hutsean gelditu zen.

China Telecom eta China Mobile Txinako operadore nagusiek jakinarazi zutenez, Taiwan uharteak lur azpitik eta itsas azpitik dituen kable ugari moztuta geratu dira lurrikararen epizentrotik gertu. Taiwanen eta AEBen arteko telekomunikazioen %60 etenda zeuden, Pazifikoa zeharkatzen duten zuntz optikoko hainbat kable apurtu direlako. Malasiarekin, Singapurrekin, Thailandiarekin eta Hong Kongekin, halaber, ez zegoen komunikatzeko modurik. Sarea bere onera itzultzeko teknikariek hiru aste beharko dutela jakinarazi zuen Chuanghwa Telecomek.

Hong Kongen ere telefonian zein datuak transmititzeko zerbitzuetan arazo handiak sortu ditu lurrikarak.

Txinako telefono finkoetatik atzerrira deitzea ia ezinezkoa zen. Sakelako telefonoek deiak egin zitzaketen sateliteari esker. Interneteko nabigazioa ere mugatua zen; Txinako atarietan egin zitekeen, baina atzerriko webguneetan, ostera, ezin zen.

Txinan bezala, Thailandian eta Filipinetan ere telefonoz deitzeko eta Interneten ibiltzeko oztopoak izan zituzten. Batzuetan nabigazioa oso motela zen, besteetan, ezinezkoa.

Banketxeetako transferentziak

Hego Korean, bestalde, banketxeetako sareak kaltetu zituen lurrikarak, eta ondorioz, transferentziak bertan behera utzi zituzten.

Banketxeetakoa ez ezik, Asiako saltokietako jarduna ere oztopatu zuen komunikazioen etenaldiak.

Taiwango hegoaldean epizentrotik 20 kilometrora dagoen zentral nuklearrak ez zuen kalterik jasan. Bertako agintarien esanetan, erreaktorea ez zen gelditu lurrikarak iraun zuen bitartean. Aireportuetan ere ez dute arazoen berririk eman.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Al margen de la ley y del proceso
Kirolak
Euskal Herria demuestra que quiere y puede competir
Ekonomia
Muskildi herriko gaztandegitik saltokigune erraldoietako apaletara
Mundua
Las tropas de Etiopía avanzan hacia la capital somalí tras la toma de Jowhar
Jendartea
Lakua y PSE acuerdan paralizar de forma provisional el proyecto del TAV
Euskal Herria
Etxerat afirma que «la amnistía es la superación política del conflicto»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss