GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > CICLISMO 2006-12-28
Iñigo CHAURREAU | Ag2r taldeko txirrindularia
«Garaipenak lortzeari bigarren mailako garrantzia eman diot»
Ondo aztertuta, Iñigo Chaurreauk «erabaki zaila» hartu du, eta txirrindularitzari agur esan dio. Guztira, 12 urte eman ditu gipuzkoarrak txirrindularitzan. Hain zuzen, hiru taldetan aritu da, hala nola, Polti, Euskaltel-Euskadi eta Ag2r multzoetan, eta «apal» lan eginda ibilbide polita egin du txirrindulariak, irabazlea izan ez den arren. Orain, uzteko unea heldu dela uste du eta tropelaren eta ingurukoen begirunea eraman du elastikoan.

Mexikora oporretan abiatu baino lehen hartu gaitu Chaurreauk. Betiko zintzotasunarekin egin du bere ibilbidearen errepasoa. Emaitzei ez die garrantzi gehiegi eman eta garaipen bat besterik ez du, ErlojupekoEspainiako Txapelketa, eta 12. sailkatu zen 2001. urteko Tourrean. Muga hori ezin izan du gainditu 33 urteko euskaldunak, baina pozik da erakutsitako mailarekin. Dohainak eta gabeziak azaldu dizkigu.

­Zerk bultzatu zaitu txirrindularitza uztera?

Urte osoan uztea nuen buruan. Alde batetik, urte asko egin ditut txirrindularitzan, kirol gogorra da, eta zentzu horretan, adina ere badaukat, 33 urte, eta, beste alde batetik, gogoa dut bizitza berri bat hasteko.

­Baina zergatik aukeratu duzu une hau berria emateko?

Uzteko mementoa iritsi denean zaila egin zait «uztera noa» esatea, nire bizitza izan da-eta. Espainiako Itzuliaren ondoren, gustura ikusi nuen nire burua; hain zuzen, fisikoki ondo nago eta horregatik egon nahiz pixka bat zalantzan. Dena den, txirrindularitzaren egoera ez da batere onena orain. Merkatuari so egin diot, eta ez dit gauza handirik eskaini. Izan ditudan eskaintzek ez naute asebetetzen eta horrek lagundu dit erabakia hartzeko orduan.

­Hiru taldetan aritu zara. Nolako balorazioa egingo zenuke?

Poltin ikasi nuen, Euskaltel-Euskadin maila ona eman eta hobetu egin nuen eta Ag2r taldean gorabehera fisiko eta psikologikoak izan ditut.

­21 urterekin Italiara abiatu zinen; sekulako jauzia, ezta?

Egia esan, hasiera polita eta zaila izan nuen, baina ona. Hiru urte eman nituen amateurrean eta gauzak ondo egin nituela uste dut. Hemen gazteegia nintzen jauzia emateko, baina Jose Maria Ezeitzari eta nire inguruko jendeari esker aukera izan nuen Poltirekin harremanetan jartzeko eta Italiara joateko. Pixkanaka ikasi nuen gauzak bizitzen, egunetik egunera. Pertsona aldetik ere hazi nintzen.

­Italian hiru urte eman ondoren, etxera itzuli zinen, Euskaltel-Euskadira, hain zuzen ere.

Tourrean Euskaltel-Euskadirekin hitz egin nuen eta haiekin eman nuen lau urte. Denboraldi oso, oso onak izan ziren. Behintzat, hobekuntza izan nuen eta gustura nengoen hemengo talde batean eta hemengo jendeaz inguratuta.

­Euskaltel-Euskadin aurrerapauso nabarmenak eman zenituen, eta horrek erabakigarriak izan ziren Ag2r taldera joateko.

Laugarren urtean, asko hobetu nuen, zorionez, eta 2001. urteko Tourraren ondorioz ­12. sailkatu zen­ eskaintza ugari izan nituen. Une horretan Ag2r taldearena iruditu zitzaidan onena eta Frantzia aldera abiatzea erabaki nuen. Oso goiz hartu gintuzten Mikel eta ni. Lagunak utzi ditugu talde horretan.

­Bost urtetan Mikel Astarloza lehengusua izan zenuen alboan, laguntzen.

Taldekideak izan gara, gela berean egon gara, lehengusuak gara, azken finean, lagunak izan gara, eta laguntza handia eman diogu elkarri.

­Ag2r taldean gorabehera asko izan dituzula uste al duzu?

Bai. Nire ezaugarri bat erregularra izatea izan da. Hain justu, hori ez dut izan Ag2r taldean: aurreneko urtean lider nintzela hartu nuen Tourra, baina arazo pertsonalak izan nituen eta horrek min handia eman zidan zentzu guztietan, eta kirolean ere nabaritu nuen egoera hori. Hortik aurrera, urte politak eman ditut, esaterako, 2003a onenetarikoa izan zen; 2004an, ordea, kale egin nuen eta konfiantza galdu nuen. Egia esan, gorabeherak izan ditut. Bestela, balorazioa positiboa da.

­Hamabigarren sailkatu zinen 2001. urteko Tourrean, baina muga hori ezin izan duzu gainditu Ag2r taldean.

Nire ustez, ibilbide bateko helburuak dohainak hobetzea eta ahalik eta indartsuena izatea dira, eta garaipenak lortzeari bigarren mailako garrantzia ematen diot. Ni ez naiz batere handinahia izan zentzu horretan eta beti konformatu naiz lehenengoarekin, hau da, indartsua sentitu eta aurrean egotearekin. Beraz, Tour batean 10. edo 12. egitea oso garrantzitsua zen, ez emaitza moduan, baina asko asebetetzen nau jakiteak garai batean hori egiteko gai izan naizela. Behin hori lortu nuela, lidergoan hartu ninduten eta ez nintzen gai izan hori berriro lortzeko. Egia esan, psikologikoki horrek asko ahuldu ninduen: nahi nuen baina ez nuen lortzen, eta nahiko gaizki pasatu nuen. Hurrengo urteetan, berriz, burua altxatu nuen.

­Edonola ere, begirune handia erakutsi dizute tropelean.

Bai, eta ez dut aukera galdu nahi nire ingurukoei eskerrak emateko, hala nola, familiari, lagunei, tropelkideei, hedabideei eta zaleei. Maitatua sentitu naiz orokorrean, eta hori eskertzekoa da. Ni beti saiatu naiz apal aritzen.

­Agian metodikoegia izan zara zure ibilbidean?

Ez hasieran, aurreneko urteetan, ordea, bai. Jubeniletan asko zaintzen nuen nire burua eta orduan ikasi nuen gorputza ezagutzen. Metodikoa nintzen, %120. Gehiegi. Alde batetik, horrek eragina izan zuen profesionaletara iristeko orduan eta, aldi berean, gaur egun nola entrenatu behar dudan ikasi nuen. Horregatik, azken urteetan entrenamenduetan ehuneko parte hori galdu dut. Izan ere, noizbehinka arnasa hartu behar da eta ahaleginak neurtu.

­Teknikarik ezak zure mailan eragina izan duela aitortu duzu orain dela gutxi elkarrizketa batean. Azalduko didazu?

Egia esan, beti pentsatu dut hori eta askotan damutu naiz horretaz, baina ez dago konponbiderik. Horrek kalte egin dit, batez ere, mendi hasieretan eta jaitsieretan. Beti dago tentsioa eta beti izan naiz balaztatzen duten horietakoa, orduan, balaztatu, balaztatu, balaztatu eta atzean hasten nintzen. Fisikoki, aurrera jo behar da eta indar asko galdu, beraz. Ausartagoa izan banintz emaitzak ere askoz hobeak lortuko nituzkeen.

­Ez dizu pena ematen txirrindularitzaren gaur egungo egoera kaskarrak?

Egoera ez da ona, baina txirrindularitza oso kirol indartsua da. Mila gauza ditu bere aurka azken garaian, baina errepidean milaka txirrindularirekin egiten da topo. Kirol hau barruraino sartzen da eta benetan kirol hau maite dugunok beti jarraituko dugu hor, hau da, ez da egun batean hasi eta bi egunera uzten den kirol bat.

­Bizikletan hasi zinetik aldaketa nabarmenak izan al dira?

Beno, ez hainbeste. Azken finean garrantzitsuena bizikleta, txirrindularia, lasterketak eta kiroltasun hori dira. Hori beti mantenduko da: entrenamenduak, zaintzea, hori betikoa da. Zer aldatu da, beraz, eta txarrerako? Kirol hau aurrera eramateko modua, ezbairik gabe. Alde horretatik, asko dago hobetzeko. Orain jende asko ari da muturra sartzen txirrindularitzan, eta beharbada ez guztiak txirrindularitzaren onerako, euren onerako baizik.

­Zer iritzi duzu UCIPro Tourrari buruz?

Ni hasieratik egon nintzen UCI Pro Tourraren aurka, ez zegoelako horrelako aldaketarik eman beharrik. Pro Tour sortu zenetik txirrindularitzan iskanbilak izan dira egunero.

­Txirrindulariak azken morroiak zarete zirku honetan.

Bai, alde batetik bai. Txirrindularia beti da kirol honetan indar gutxien duena, baina hori hobetzea oso zaila da. Orain, txirrindularitzak ez du egiturarik, ez dago arau zehatzik. Adibide bat ipiniko dizut: partxisean jolasten dugu biok; nik, gaur, bosta ateratzen dut eta fitxa neureganatzen dut; zuk, bihar, bosta ateratzen duzu eta ez duzu fitxarik. Zergatik gaur bai eta bihar ez? Nire ustez, txirrindularitzaren arazoa horixe da. Kirol honetan gauza argiagoak behar dira. Hortik aurrera ondo hasi gaitezke, baina oinarri finkorik eta egokirik gabeŠ Gainera, oinarri horiek ez dituzte UCIko presidenteak eta bere lagunek jarri behar, txirrindulariek ere hitza izan beharko lukete eta indar gehiago.

­Txirrindulari profesionalaren etapari agur esan diozu. Zer espero duzu hemendik aurrera?

Hainbat aukera sortuko dira, bizitza berri bat hasten da eta prest nago gauza berriak egiteko; ilusioa eta indarra dut, eta gaztea naiz. Txirrindularitzarekin lotura izateko, bultzatzeko eta hobetzeko asmoa dut. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Al margen de la ley y del proceso
Kirolak
Euskal Herria demuestra que quiere y puede competir
Ekonomia
Muskildi herriko gaztandegitik saltokigune erraldoietako apaletara
Mundua
Las tropas de Etiopía avanzan hacia la capital somalí tras la toma de Jowhar
Jendartea
Lakua y PSE acuerdan paralizar de forma provisional el proyecto del TAV
Euskal Herria
Etxerat afirma que «la amnistía es la superación política del conflicto»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss