GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-12-31
«Euskal mitologia-Mitología vasca» argitaratu du Ortiz-Oses antropologoak
Urte hondarreko ospakizunak direla-eta, liburu ederra argitaratu du Kutxak, ohi bezala, oraingoan euskal mitologiari buruzkoa. Egile nagusiak Andres Ortiz-Oses eta Luis Garagalza dira, baina bertan badira, osagarri gisa, Josetxo Beriain, Felix Gerenabarrena, Jose Guimon eta Joseba Zulaikaren testuak ere. Liburua ez da ipuin bilketa hutsa, euskal mitologiaren interpretazio-saioa baizik; hori bai, edonork ulertzeko moduan adierazita. Elena Odriozolak egin ditu marrazkiak.

DONOSTIA

Duela hogeita bost urte, Andres Ortiz-Oses Deustuko Unibertsitateko irakasleak, “El matriarcalismo vasco” izenburupean, berebiziko garrantzia izan zuen liburu bat plazaratu zuen. Haren arrastotik jarraitzen du orain Gipuzkoako Kutxak, euskaraz eta gaztelaniaz batean, argitaratu duen “Euskal mitologia-Mitología vasca”k. Izan ere, Ortiz-Oses bera da liburu berriaren aita pontekoa, nahiz eta oraingoan Luis Garagalza eta beste hainbat ikertzaile ezagunen lankidetzan aritu den.

Mari, Tartalo, Atarrabi, Mikelats, Olentzero, Mamarru, laminak, Teodosio Goñikoa eta enparauak dira protagonistak, baina liburuaren helburua ez da izaki horien ipuin bilketa egitea, euskal mitologiaren ikuspegi global eta antolatua ematea baizik. Azken batean, bertan azaldutakoa ikerketaren fruitua da, nahiz eta egileak edonork ulertzeko moduko testuak idazten saiatu diren.

Monumenturik garrantzitsuena

Joxe Miel Barandiaran, Julio Caro Baroja, Jorge Oteiza eta Luis Mitxelenarekin duen zorra aitortu ondoren, zera esaten du liburuaren hitzaurrean Andres Ortiz-Osesek: «Euskal mitologia da, euskararekin batean, euskal tradizioaren monumenturik garrantzitsuena. Euskara antzinako euskal hizkuntza bada, mitologia antzinako euskal mintzaira da. Batak nahiz besteak indoeuroparraren eta kristautasunaren aurreko funtsa dute eta horrek interes berezia ematen die».

Antropologoaren ustez, euskal mitologia «matriala» da, eta hori da duen «gauzarik positiboena». Hau da, «ez da bere panteoiaren aurrean jainko aita duten patriarka-mitologien taldekoa». Aldiz, euskal mitologiako elementu nagusia ama lurra bera da, Mari izeneko izaki batek pertsonifikatuta.

“Euskal mitologia” hiru ataletan banatuta dago. Lehenengoan, Luis Garagalza Deustuko Unibertsitateko irakasleak munduko beste mitologien testuinguruan aurkezten du euskal mitologia. Atal horri, osagarri gisa, “Mitoari eta zentzuari buruzko hausnarketa” gehitu dio Felix Gerenabarrena EHUko ikertzaileak.

Bigarren atalean, berriz, euskal mito nagusiak aztertu ditu Ortiz-Osesek berak. Elena Odriozolak liburuari begira propio egin dituen hogeita lau marrazkiek atal hori hornitzen dute gehienbat. Mari, Basandere, Aker, Tartalo, Mamarro eta gainerakoen ikonografia berritzailea proposatu nahi izan du ilustratzaile donostiarrak.

Hirugarren atalean, azkenik, elezaharrak eta errituak, motiboak eta sinboloak aztertu ditu Andres Ortiz-Osesek. Adibidez, Kixmi eta jentilen kontua, Olentzero, San Joan, Inauteria, pilota-jokoa bera eta beste hainbat. Osagarri moduan, sanferminetako entzierroaren sinbologiari buruzko testu bat idatzi du Josetxo Beriain Nafarroako Unibertsitate Publikoko soziologoak. Jose Guimon psikiatra bilbotarrak, berriz, sakon aztertu du herensugea eta San Migelen kondaira ezaguna.

Liburuak badu Andres Ortiz-Osesek berak idatzitako eranskin bat: “Leizetik katedralera eta museora”. Baita “Hiria eta emakumea” izenburupeko epilogo bat. Epilogo hori Joseba Zulaika antropologoaren esku geratu da.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
EEUU ejecuta al ex presidente y aumenta el riesgo de una guerra civil a gran escala
Jendartea
Otro preso muerto cifra en diez los fallecidos en 2006
Euskal Herria
Askatasuna reivindica la amnistía ante las prisiones de Hego Euskal Herria
Kultura
«Euskal mitologia-Mitología vasca» argitaratu du Ortiz-Oses antropologoak
Euskal Herria
Zapatero deja en suspenso el diálogo con ETA tras el atentado en el aeropuerto de Barajas
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss