Duela egun batzuk Iñaki Zubizarretak euskarazko bikoizketaren 25. urteurrenaren aitzakian errepaso bat egin dio jarduera horri. Oso egokiro azaltzen du 25 urteotan bikoizketak izan dituen gorabeherak eta euskararen normalizazioari egin dizkion ekarpenak:«Hasierako urteetan, 1983-1993, 1.500 ordu inguru bikoiztu zen urtero ETB1erako. 1994tik atzera murrizten hasi eta azken urteetan ez da 500 ordura iristen urtero. Garai batean 150 filmetik gora bikoiztu zen urtean; gaur egun ez da 25era iritsiko. Eta zinema aretoetarako eta DVD-bideoetarako bikoizten dena ez da 40 ordura iritsiko urtean». Hitzok ondo garbi erakusten dute sektorearen egoeraren larria, euskal herritarrak euskarazko filmak kontsumitzeko, telebistan, aretoetan zein DVDan duen aukera hutsaren hurrengoa dela. Tinko bezalako elkarteen ahalegin eskergaz landa ez da urteetan egon euskarazko filmak eskaintzeko ekimen seriorik.
Administrazio publikoak eta ETBk muzin egin diote horri. Tinkori urtean film gutxi batzuk euskaratzeko diru-laguntza ematea ondo dago eta beharrezkoa da, baina Administrazio publikoaren ahalegina euskarazko filmak bermatzeko horretara eta diruz laguntzen dituen produkzioetan euskarazko bertsioa eskatzera mugatzea utzikeria da. Kultura Sailaren ardura da egungo egoera.
Aralarren hizkuntza-politikarako lan taldean Kataluniako Servei Català de Doblatge delakoaren berri izan genuen. Zerbitzu hori Generalitateko Lehendakaritza sailak eta CCRTVk (EiTB-ren pareko egitura) sortu zuten 2005ean. Areto komertzialetan estreinatzen diren atzerriko filmak bikoizten ditu eta banatzaileei doan ematen dizkie. Zerbitzuak hiru milioi euroko aurrekontua du eta urtean 350 film bikoizten ditu. Horixe da bidea.
2007rako aurrekontuen eztabaida eta onarpen prozesuaren ingurumarian ikusi genuen Euskarazko Bikoizketa Zerbitzuaren sorrera bultzatzeko lehen aukera. Horren ondorioz, Kultura sailaren aurrekontuetan zuzenketa bat paratu genuen zerbitzu hori sortzeko. 600.000 euroko aurrekontua izango zukeen 2007an eta 1.600.0000 euroko kreditu-konpromisoa 2008rako. Aralarrek Zerbitzuaren sorrera adostasunera iristeko ezinbesteko puntu moduan jarri zuen.
Baina hirukoak ez zuen hasieran euskarazko bikoizketa sustatzeko interes handirik erakutsi eta ez zuen onartu. Aralarrek ezinbestekotasuna mahai gainean jarri zuenean, bikoizketarako 400.000 euro (eta 200.000ko kreditu-konpromisoa) emateko prest zeudela adierazi ziguten, zerbitzua sortu gabe ordea. Erdibideko irteera gisa proposatu genuen Servei Català de Doblatgeren eredua EAEn ezartzeko beharrezko egokitzapenak aztertzea.
Espero dezagun urtebete barru bikoizketa zerbitzua errealitate izatea, sektorea indartzeko, filmak euskaraz ikusteko aukera ugaritzeko eta euskararen estatusa zein corpusaren normalizazioan urrats garrantzitsua emateko. -