GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Jo puntua 2006-12-31
Kirmen Uribe - Idazlea
Gauza txarrak

Gomutatzen dut aitonak usadio zaharra aipatzen zigula beti Gabon Zahar eguna iristen zen bakoitzean. Usadio zaharra berritu nahi izaten zuen berak urtea bukatzen den egun horretan. Eta agindu berezi bat ematen zigun horretarako. Ogia armairuaren gainean gordetzeko esaten zuen berak. Horixe zela usadio zaharra garai batean. Urtebetez ogia gordean izan eta gero, zopa egiten zen ogi puska zahar harekin. Usadio zabaldua izan bide zen aitonaren haurtzaroan. Ogiak gauza zaharrak berritzeko balio zuen, gauza zaharrekin zopa egin eta urtea berri-berri hasteko. Gertaera txarrak, pentsamendu txarrak albo batera uzteko modu bat zen hura.

Urteko gauza txarrekin zopa egin eta uretan geratuko ziren igarotako gauza txar guztiak.

Halako ohiturak mundu zabalean egiten dira. Asko eta asko dira hortik zehar barreiatuak. Hala eta guztiz ere, Gabon Zaharrari buruzko ohituren artean bitxiena Estonian entzun nuen. Ohitura dute han patrikaretan arrainen ezkatak sartzeko urte zaharrean. Urte berrian ezkata horiek txanpon bihurtuko dira nonbait. Nik ez nuen ezagutzen ezkatak diru bihurtzeko uste hori. Kukuarena banekien, kukua entzutean patrikaretan txanponak dituenak urte guztian dirua izango duela dioen ustea. Eta baita ere beste hau, sugandila lepotik sartuta jantziaren azpitik dirua erortzen dela esaten duena. Haurren arteko jolasa izaten zen hori gure artean.

Ezkatena gogoko izan nuen entzun nuen leen alditik. Ezkatak patrikaretan sartu eta txanpon bihurtzea urte berriarekin. Baliorik ez duen zerbaitek balioa hartzea gau bakar bat igaro eta gero. Ezer ez dagoen tokitik. Aitonak esaten zuen hura ere oso gustuko dut, gauza txarrekin zopa egitearena, alegia.

Ez dakit zer ekarriko digun urte berriak. Baina ez du itxura onik gauzak norabi- dez aldatzen hasten ez badira. Azken berriei erreparatzea baino ez dugu horretarako. Gabon Zaharretako usadio zahar horiek hartu ditut gomutan. Nik neuk ere nahiko nuke halako zerbait egin, usadio zaharrak berritu, gertaera txarrak albo batera utzi.

Hauxe pentsatu dut: gaur gauean berri txarrak sartuko ditut patrikaran. Estoniarrek ezkatak sartzen dituzten moduan. Bada nik neuk berri txarrak sartuko ditut, gure herriari buruzko berri txarrak. Beharbada, biharamonean eskua sartu eta berri onak aurkituko ditut.

Hobe genuke. -


Kirmen Uribe - Idazlea - Artikulo gehiago [..+]
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
EEUU ejecuta al ex presidente y aumenta el riesgo de una guerra civil a gran escala
Jendartea
Otro preso muerto cifra en diez los fallecidos en 2006
Euskal Herria
Askatasuna reivindica la amnistía ante las prisiones de Hego Euskal Herria
Kultura
«Euskal mitologia-Mitología vasca» argitaratu du Ortiz-Oses antropologoak
Euskal Herria
Zapatero deja en suspenso el diálogo con ETA tras el atentado en el aeropuerto de Barajas
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss