Milaka lagunek 2x2 egitasmoa bertan behera uzteko eskatu zuten
Kamioi bidearen aurkako aldarrikapenak etengabeak izan ziren atzo Donapaleun, Leia elkarteak bildu zituen 5.000 bat herritarren ahoetan. Eta, berriz ere, egitasmoa bertan behera uzteko eskatu zieten bai Nafarroako Gobernuari baita Kontseilu Nagusiko buruari ere. Donapeluko karrikak zeharkatu, eta manifestazioa herriko merkatuan bukatu zen. Bertan, Leia elkarteak egitasmoaren aurka «gogor egiten» jarraitzeko eskatu zien herritarrei.
DONAPALEU
Jendetsua izan zen atzo Leiak Donapaleun antolaturiko Pirinioez gaindiko bide proiektuaren aurkako manifestazioa. Goizean ELB sindikatuak eginiko “traktoreen bidea” ekimenak ehun eta hogeita hamar bat traktore elkartu zituen.Arnegitik goizeko hamaiketan abiatu eta Donapaleura biak aldera iritsi ziren. Bertan, manifestazioa abiatu aurretik, herriko karrikak zeharkatzeko parada izan zuten. Bi eta erdietan hastekoa zen Leiak antolaturiko manifestazioa. Baina, azkenean, ordubeteko berantarekin hasi zuten. Kamioien soinuak etengabe entzuten ziren, eta bertan zeuden herritarrei autobide batek zer harrabots egiten duen jakinarazi nahi izan zieten. Baina, atzokoa, autoena baino gehiago, herritarren autobidea bilakatu zen Donapaleu. Airetik plaza erraldoia leporaino betea zegoen, eta herriko karrikak txiki geratu ziren bertan zegoen jendetza jaso ahal izateko. Desfilea karriketan barneratzen ari zelarik, manifestazioaren burua eta buztana elkarrekin gurutzatzen aritu ziren. Eta, azkenean, karrika batetik bestera abiatuz,bi aldeek topo egin zuten. Oren erdi batez itxaron behar izan zuten, desfilea irekitzen zuten joaldunek buztana pasatu arte.
Leloak etengabe Manifestazioak iraun zuen oren eta erdi horretan, etengabe entzun ziren bertaratu ziren herritarren ahoetan «ez, ez, ez kamioi biderik ez» edo Jean Jacques Lasserre eta Barthelemy Aguerre bide proiektu horren bultzatzaileen aurkako erranak: «Lasserre,Aguerre gezurrik ez, sekula ez duzue gure lurra kenduko», «gezurrari eta autobideari ez».
Horiek hala, Leia elkarteak azken urteotan bide proiektu horren aurka antolatu duen ekimenik arrakastatsuena izan zen atzokoa. Orotara, antolatzaileen arabera, 5.000 lagun baino gehiago elkartu ziren bertan.Desfilea Leia elkarteko kideek ireki zuten, eta ondotik, auzapez eta hautetsiek zeramaten Hautetsien kolektiboko bandera zegoen. Besteren artean izan ziren: Bernadette Oiharburu Jutsiko auzapeza eta Sauveur Bacho Arberatzeko auzapeza Nafarroa Behereko hautetsi eta alkateekin, Jean Lissar Berdeen Akitania eskualdeko kontseilaria, Frantxua Maitia Alderdi Sozialistako kontseilari nagusia eta Jean Michel Galant kontseilari abertzalea. Manifestazioa herriko merkatu estalian bukatu zen, eta, bertan, Nafarroa Garaiko Leiako ordezkari batek hitz egin zuen lekukoei hitza eman aurretik. Berriz ere, Nafarroako bi alderdiek «kamioiz beteriko biderik» behar ez dutela adierazi zuen. Azken urteotan bai Nafarroako Gobernuak baita Pirinio Atlantikoetako Departamenduko buruek ere bide proiektua aurrera eramateko bultzatu «formulak» barregarritzat jo zituzten. Egitura publiko horiek beren xedea betetzeko baliatzen zuten «gezurra, manipulazioa eta faltsukeria» salatu zituen.
Proiektua bertan behera utzi Leia elkarteak, berriz, Donapaleun Barthelemy Aguerre bide egitasmoa bultzatzen duen kontseilari nagusiaren lurretan zeudela aipatzen jarraitu zuen, eta bertan zeudenek txistuak eta oihuak zuzendu zizkioten. Nafarroa Garaiko Leiako ordezkariaren gisara, lekuko herritar eta hautetsiekiko Lasserrek erakusten zuen «mespretxua» salatu zuen.
Bide proiektua aurkeztu zutenetik izandako gertakariak azaldu zituen Leiak, eta agintariek erran dituzten gezurrak nabarmendu zituen.Jean Jacques Lasserre Kontseilu Nagusiko buruaren xede nagusia «isiltasunean proiektuaren hirugarren fasera heltzea» dela adierazi zuten Leia elkarteko kideek; hala, 2008an bidearen obrak hasi ahal izango dira. Horrenbestez, gaur egungo bideak hobetzearen eta Nafarroa Garaiarekin harremanak indartzearen alde agertu zen Leia. Baina lekuko ekonomiarako eta bizimodurako kaltegarria izanen den proiektua, berriz ere, bertan behera uzteko eskatu zuen. Ekitaldia herritar guztiei «gogor egiten» jarraitzeko eskatuz bukatu zuten Leiako kideek. Eta, ondoko asteetan Nafarroa Behereko herriko kontseiluetan proiektuaren alde edo kontra azaltzekotan direnez gero, kontrako jarrera hartzeko presioa egin dezatela eskatu zieten lekuko herritar guztiei.
Etengabe hazten ari den mobilizazioa
Kontseilu Nagusia eta Nafarroako Gobernua bide proiektua bultzatzen hasi zirenetik ari da borrokan Leia. Atzo gogorarazi zuenez, orotara lau manifestazio egin dituzte, 10.500 izenpetze bildu, eta Nafarroa Behereko herri gehienak proiektuaren aurka azaldu dira. Hala, Lasserrek 2004an egindako adierazpenak aipatu zituen Leiak: «EuskalHerriak erabakiko du». «Gaur Euskal Herriak iritzia eman du», azaldu eta ekitaldiaren arrakasta goraipatu zuen. -
Adierazpenak
Jean-Michel GALANT
Kontseilari abertzalea Jean-Michel Galant pozik agertu zen atzo manifestazioak bilduriko jendetzarekin. «Horrek erakusten du zenbatetaraino kezkatzen duen proiektuak. Lasserrek entzun behar gaitu, eta herriari dagokion proiektua bultzatu. Ezin du gaur egun defendatu proiektu hori kamioietarako egina dela», nabarmendu zuen. Frantxua MAITIA PSko
kontseilaria Frantxua Maitiak, berriz, lekuko ekonomiarako ez dagoela bide horren beharrik aipatu zuen. «Akitania eskualdeko kontseiluan laguntzaile naiz, eta bertan garraio modu berriak aipatu dira. Trenbidea eta itsas garraioa sustatu nahi da; beraz, alde horretatik, Pirinioez gaindiko bide horren beharra ez da», erran zuen
|