Europar Batasunaren «hipokrisia» salatu du Batasunak
DONOSTIA
Mendebaldeko estatuen zurikeria salatu du Batasunak Saddam Husseinen exekuzioa dela-eta plazaratu duen prentsa oharrean.«Ameriketako Estatu Batuek eta bere aliatuek Iraken izandako jarrera eta, heriotza kondena honekin, mendebaldeko estatuen hipokrisia salatu nahi du Batasunak dio oharrak. Bush, Blair eta Aznarrek Iraken hasi zuten gerlak milaka eta milaka heriotza eta sarraski eragin ditu, bertako biztanleria zibila gerla bortitz batean sartuz. Askatasun eta bakearen izenean gerla besterik ez dute erein Iraken». «Noiz epaituak izanen dira mendebaldeko agintariak gerla honetan duten erantzukizunarengatik, eragindako heriotza guztiengatik? Hala hauek ere beste bati egotziko al dizkiote?», galdetu du talde abertzaleak.
Kurduak
Batasunak, bestalde, «elkartasun beroa» adierazi die herri kurduari eta «askatasunaren eta bere eskubideen aldeko borrokari. Izan ere, Batasunak herrien eskubideen aurka ari den ororen eginkizuna eta erantzukizuna salatzen du, baita Saddam Husseinek izan zuena ere». Oharrak AEBen eta Europar Batasunaren (EB) «zurikeria eta zinismoa» era berezian salatu ditu. «Haiek armatu zuten Saddam Hussein, eta kurduen aurka erabilitako arma kimikoak, beraiek saldu zizkioten. Non dago haiek duten erantzukizuna auzi horretan? AEBek, EBren laguntzarekin, beren mesedetara moldatzen dute justizia, eta beraien erantzukizunak ezkutatzeko burutzen dituzte honelako epaiak. Batasunaren aburuz, heriotza zigorra printzipio juridiko bezala erabiltzeak ez du arazoa konpontzen, gerlak eta eskubideen urraketak jarraitzen dute-eta».
|