- Berezkoak (Superprestigioko finala)
Ezkurra II.a faborito Ozafrainen aurka
BAIONA
17.00etan jokatuko dute Donibane Garazin Superprestigioko finala. Bertan, Paxkal Ezkurra eta Patrick Ozafrain lehiatuko dira.Ez dira lehen aldiz neurtuko bi pilotari horiek lehiaketa horretan; izan ere, final-laurdenetako ligaxkan ere multzo berean baitziren. Orduan, Ezkurra gazteak irabazi zuen, eta gaurkorako ere bera aterako da faborito. Urruñako atzelaria da ia denen ustez trinketeko esku pilota profesionalean dagoen onena, eta gaur horixe baieztatu nahiko du. Aurten Bakarkakoan eta Binakakoan txapeldun izan da, eta falta zaion txapela jantzi nahiko du. Patrick Ozafrain ere pilotari handia da. Ez du zorterik izan, bere unerik onenean heldu baitzen pilotariek Federazioarekin izandako liskarra, eta horrek txapel bat baino gehiago galarazi dio. Gainera, ez da ongi ibili, baina azkenaldian berriro ere bere mailarik onena ematen ari da. Finalerdietan inor gutxik uste zuen Etxeto menderatuko zuenik, baina lortu egin zuen, eta finalera galtzeko ezer gabe helduko da.Presioa Paxkal Ezkurrarentzat izango da, eta horrek lasaitasuna eman beharko lioke. Finalaren aitzinetik, ordea, hirugarren eta laugarren posturako lehia izango da. Bertan, Etxeto, egungo txapelduna, eta Waltari neurtuko dira. Horiek ere final-laurdenetako ligaxkan elkarrekin ziren, eta orduan Etxetok astindu handia eman zion. Gaur, kubatarra orduan baino partida hobea egiten ahaleginduko da. Sarrerak, berriz, bukatu egingo dira, eta Garat erabat beteko da.
|