Segiri zilegitasuna aitortu eta auzia eteteko exijitu dute hamaika aurpegik
DONOSTIA
Segi gazte erakundearen jarduera soziopolitikoari zilegitasuna aitortu eta hari babes osoa helarazteko, euskal gizarteko hamarnaka pertsona ezagunek manifestu bat aurkeztu zuten atzo Donostian egindako agerraldi batean.Epaitegi Gorena ‘‘Jarrai-Haika-Segi’’ auziko epaia ematear dago, eta Estatu espainolari eta frantsesari euskal gazteriaren eskubide zibil eta politikoak errespetatzeko eta epaiketa eteteko exijitu zieten atzo bildutako musikari, kirolari eta eragileek. Euskal gazteriaren arazoei aurre egiteko eta independentziaren eta sozialismoaren proiektu politikoa gauzatzeko xedearekin, duela 27 urte Jarrai gazte erakundea sortu zela gogorarazi zuten. Gazte erakundearen jarduera handitu ahala, euskal gazteriaren babesa zabalduz joan zela azaldu zuten, eta intsumisioaren borroka sendo errotu izana jarri zuten horren adibide. Estatu espainolak eta frantsesak, aldiz, «euskal gazteriaren jarduera eta indarra amaitzeko» errepresioaren bidea erabili dutela salatu zuten. Gainera, gazteak atxilotzea, droga erabiltzea edota ilegalizazioak ekarri zituzten gogora. «Lehenengo, Jarrairen aurkako erasoak etorri ziren; ondoren, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan lan egiten hasi zen Haika gazte erakundearen ilegalizazioa; eta azkenik, Segirena» adierazi zuten. Eraso horiek guztiak izan arren, gazte erakunde bakoitzak bere jarduera politikoarekin aurrera jarraitzeko konpromisoa berretsi izana txalotu zuten. Euskal gazteriak eta oro har Euskal Herriak gazte erakundeei eta horiek gauzatu duten proiektu politikoari beti babesa eman dietela adierazi zuten bildutakoek, eta horren adibidetzat Etxarrin egindako azken Gazte Topagunean 20.000 gazte bildu izana aipatu zuten. Euskal gazteriak Euskal Herriko gatazka politikoa gainditzeko nahia betidanik izan duela adierazi zuten. Egun, gatazka politikoa gainditzeko aukerak daudenean, Segi gazte erakundea «ilegalizazio eta terrorismo» parametroetan epaitzeak bideragarria izan behar duen proiektu politiko bat amaitzea duela xede kritikatu zuten. Eta haren etetea exijitu zuten.
Izen ezagun ugari Segirekin bat
O.L. DONOSTIA Ugariak izan dira Segi gazte erakundeak eskuratutako atxikimenduak. Oihane Enbeita, Unai Iturriaga, Fredi Paia, Xabier Paia, Jokin Uranga, Eider Rodriguez, Arkaitz Estiballes, Xabier Beltza, Xabier Silveira eta Etxaun Lekue bertsolariek babestu dute Segiren jarduera soziopolitikoa. Makina bat kirolarik ere bat egin du manifestuarekin. Haien artean, Sakanako sokatira neska taldea, Iker eta Kepa Azero surflariak, Labaka eta Aranburu futbolariak edota Martinez Eulate pilotaria daude. Musika mundutik, berriz, Musikherria herri diskoetxea, Berri Txarrak, Banda Batxoki, Ene Bada, Biok eta Adikune musika taldeek edota Fermin Muruguruza, Unai Gastesi, Sorkun edo Fernando Sapo musikari ezagunek ere bat egin dute Segi gazte erakundearekin. Gaztesareak, “Xirika”k, Donostiako Piratek, Iruñeko Gazte Peñak eta Euskal Herri osoko gazte asanblada ugarik ere bat egin dute; baita Mikel Zubimendi, Imanol Iparragirre eta Asier Harraiz Batasuneko mahikideek eta Pablo Gorostiaga ezker abertzaleko militante historikoak ere.
|