ZAMUDIO
Espainiako Auzitegi Gorenak Segi gazte erakundearen aurkako epaia ematear dago. Urtarrilak 18a du epaia emateko azken eguna eta bertan Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeak ilegalak edota terroristak diren ebatziko dute.
Ugariak dira auzi honen aurka Segi gazte erakundeak aurrera eramandako ekimen eta mobilizazioak. Joan den ostegunean adibidez, Zamudio izan zen protesta horietako baten kokalekua. Bertan 50 lagun inguru bildu ziren Segik garatzen duen proiektu politiukori babesa helarazteko. Bertsolariak, poetak edota luntxa izan ziren ekitaldiaren ataletako batzuk.
Bestetik, ematear dagoen epaiari erantzuteko xedez, Segi gazte erakundeak borroka eguna deitu du datorren ostiralerako, hilak 12. Euskal Herri osoan zehar egingo diren mobilizazioen bidez «zilegitasunik ez duen erabaki eta eraso judizial berri bati», «gogor» erantzungo dutela adierazi du Segik.
Euskal Herri osoan zehar egin diren mobilizazioetaz gain, goizean zehar, ikastetxeetan paroak deituko dituztela ere adierazi dute. Era berean «hortzak erakusteko» eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu zuon euskal gazteri osoari.