GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > FUTBOL 2007-01-08
- Frantziako Kopa -
Juninhok zapuztu ditu Avironen ametsak
·Talde lapurtarrak norgehiagoka ona egin zuen eta ez zen Lyongo izarrak baino gutxiago izan

AVIRON 1

LYON 2

BAIONA

Ez da posible izan. Avironek estu hartu zuen Lyon, Frantziako Ligako talderik onena eta Europako onenetakoa, baina Juninhok faltaz lortutako golak erabaki zuen kanporaketa frantziarren alde. Hala ere, Avironek ez dauka triste egoteko arrazoirik, berriro ere goi mailako taldea duela erakutsi baitzuen, orain dela hiru urte erakutsi zuen bezalaxe.

Lehen zatian Aviron atzean sartuta aritu zen. Lyon talde handia da, eta lana haiek egin behar zuten. Hala ere, oso goiz, ia merezi gabe, kanpotarrak aurreratu egin ziren markagailuan. Lehen 45 minutuetan etxekoen atzealdeak egin zuen hutsegite bakarra aprobetxatu zuen markagailuan aitzineratzeko. Boueten ezkerretik kornerra atera, euskaldunen atzealdeak ez zuen asmatu baloia urruntzen, eta Remyk baloia sareetara bidali zuen. Bost minutu lehenago, Juninhoren falta jaurtiketa batek jarri zuen lanean Bouet atezaina, baina jokalari lapurtarrak ongi geratu zuen baloia.

Lehen golak, apur bat urduritu egin zituen Pochaten mutilak, eta kanpotarren menpe egon ziren. Fred gertu egon zen 0-2koa egiteko, baina bere jaurtiketa kanpora joan zen.

Hortik aitzinera, zuri-urdinen jokoa lasaitu egin zen, aurrera begira ere zerbait egin zezaketela ere ikusi zuten eta beraienak izan ziren egindako jaurtiketarik gehienak.

Van de Bruwaenne gaztea eta Louit izan ziren erasorako jokaldi guztiak antolatzen ari ziren jokalariak. Lancienek izan zuen lapurtarren lehen aukera, baina bere jaurtiketa kanpora joan zen. El Hajjamek ere izan zuen berea, baina honen jaurtiketa Lyongo atezainak geratu egin zuen.

Degoulen aukera

Frantziarrak atzeraka zihoazen, eta Kallstrom suediarrak Boueten ate ingurura joateko garaia bazela erabaki zuen, baina bere jaurtiketa Bouetek geratu zuen. Atsedenerako bost minutu geratzen zirenean heldu zen etxekoen aukerarik onena. Ezkerretik Louitek kornerra atera zuen eta Degouelen errematea oso gutxigatik joan zen kanpora. Hurrengo jokaldian, Kallstromen erantzuna etorri zen, baina bere jaurtiketa kanpora joan zen. Azkenean, 0-1koarekin joan ziren atseden hartzera eta zaleen itxaropenak bizirik jarraitzen zuen.

Bigarren zatian irabazi zezaketeka sinestuta zelairatu ziren Pochaten mutilak, eta aurrera egin zuten. Lyon, aldiz, markagailua alde izanda dena erabakita izango zuelakoan irten zen berdegunera.

Bidegainen gola

Lehen minutuetan Fredek eta Diarrak egin zituzten kanpotarren bi jaurtiketa, baina berehala jarri zen agintzen talde zuri-urdina. Barsacq zelairatzeak aurrealdean indar handia eman zion eta Lyonen ate inguruan arriskua geroz eta handiagoa zen.

Hamaseigarren minutuan heldu zen berdinketa. Michel Bidegain kapitainak areaz kanpo baloia hartu eta sekulako zartada eman zion, baloia Vercoutren atean sartuz, zaleen eta jokalarien gozamenerako.

Hurrengo minutuak izan ziren Lyonentzat txarrenak. Ez zuten etxekoen golik espero eta erreakziorik gabe utzi zituen Frantziako Ligako talderik oneneko jokalariak. Lancienek eta Barsacqek izan zituzten etxekoen bigarren gola egiteko aukerak, baina ez zuten asmatu, eta luzapenearen usaina geroz eta handiagoa zen.

Lyonek, ordea, izar asko dauzka eta edozein jokalditan erabaki dezake norgehiagoka. Horixe gertatu zen. Partida amaitzeko oren laurdena besterik geratzen ez zenean, Juninho brasildarrak falta batetik urrea atera zuen. Areaz kanpotik jaurti eta Boueten azpitik, partidako bigarren gola lortu zuen, kanporaketa erabakita utziz.

Hortik aitzinera, euskaldunak ahalegindu ziren, eta posible zela ikusten zuten. Korner eta falta bakoitzean jokalari guztiak joaten ziren erremate bila, bigarren gola lortzeko asmoarekin. Kontraerasora, ordea, Lyonek bere maila ematen zuen, eta Juninhok, Benzemak eta Ben Arfak gertu izan zuten frantziarren hirugarren gola. Amaieran kanporaketak ihes egin zion Avironi, baina egindakoarekin gustura egon daitezke, Europako talderik onena estu eta larri hartu baitzuten, eta hori gutxik lortu dute.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Sebastian Dadouretek Guardia Zibilaren esku atxiloturik jarraitzen du
Jendartea
Dos hermanos aparecen ahogados en Murchante
Mundua
El Pentágono reconoce la muerte de 3.000 soldados en Irak
Kirolak
La «estrategia» de Mané funciona
Kirolak
Juninhok zapuztu ditu Avironen ametsak
Euskal Herria
El PSE apoya la convocatoria de Ibarretxe pese al lema elegido
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss