Oiartzungo Elorsoro kiroldegia leporaino bete zen atzo. Eskaileretan ere jendea zegoen. Denak presoen egoera zuten buruan. Bertsolariak, ostera, ahotan hartu zuten gaia. Etxeratek urtero antolatzen duen bertso saioak gero eta harrera beroagoa du. Egin behar ez izatea nahiago dutela azaldu zuten jaialdiaren aurkezpenean, baina momentuz, behintzat, beharrezkoa da.
Andoni Egaña, Amets Arzallus, Arkaitz Oiartzabal, Jon Maia, Jon Martin, Julen Zelaieta, Sebastian Lizaso eta Xabi Paia bertsolariek euskal presoen gaia izan zuten mintzagai nagusia. Laxaro Azkune aritu zen gaiak jartzen.
Ildo horretan, Sebastian Lizasok agurrean esandakoa: «Gaurkoa ongi landu ezean/ ez da izango biharrik/ zuek eta guk beraz elkarri eman beharko indarrik/gaurko saioa izan ez dadin bertso saioa bakarrik».
Xabi Paia ere gure artean falta direnez gogoratu zen. «Urtarrilan 7a Oiartzunen hara/jende asko elkartu da festa bat ez al da ba?/Kiroldegian bertan zenbat begirada/ deiaren oihartzunakin laster batzen gara/kiroldegia bete da zenbat begirada/eta halere oraindik jendea falta da».
Justiziak «diktadoreak» zigortzeko erabiltzen dituen neurri desberdinak ere nabarmendu zituen Jon Maiak. Pinochet ohean hil da eta Saddam Hussein urkatuta gaiari horrela heldu zion. «Adibide bat argigarria/Pinocheten pelikula ta txarrena da berak ezikan denok ikusi dugula».
«Saddam Hussein urkatu dute/hori justizia ote?/Saddamen egon den leku berean Bushek egon behar luke».
Hirugarren bertsoan, aitzitik, Euskal Herriari begiratu zion. «Ta itsu dagoen horren aurrean ezin dela lasai hitz egin/hitzak juzkatzen eta zigortzen hartu dezake atsegin/euskal herriak justiziakin aspaldi badu zenbait min/horra Iñaki de Juana bera hortxe lotu gordin gordin/presoa lehertu egin behar al da egia ikusi dadin».
Presoez eta injustiziaz gain, atzean utzi ditugun gabonak ere hizpide izan zituzten. Loteriarekin ere ametsetan aritu zen Andoni Egaña, gai-jartzaileak hala aginduta. Eskuzabal egon zen Egaña milioi ugariko saria berari egokituta, hangoekin banatzeko asmoa agertuz. Ametsak, baina, amets.
Bestalde, atzerrian Euskal Herriak eta euskal herritarrok ematen dugun irudiari buruz ere aritu ziren bertsolariak.
Umorea albo batera utzita, iazko abenduaren 30ean Madrilen izandako atentatua eta horren osteko egoera ere zeharka aipatu zuten. Saioaren hasieran mahai gainean jarritako gaia: 2006 urteak zer eman dien eta 2007 urteari zer eskatzen dioten. Bakarkako gaietan eta agurretan, iazko ametsak bete barik gelditu direla eta aurten horiek betetzeko itxaropena dutela adierazi zuen batek baino gehiagok. -