GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2007-01-08
«Bide ertzeko printzak», Andoni Salameroren lan berria
2004an argitaratu zuen «Zu. Ni. Bi. Bidean...» poesia liburuarekin lotura handiak dituen lan berria plazaratu du Andoni Salamero idazle zumarragarrak. «Bide ertzeko printzak» izenburupean, 60 olerki laburrez osaturiko liburua prestatu du, sei ataletan banatua eta marrazki «finez» atondua. Beste behin ere, autoedizioaren aldeko hautua egin du poetak.

DONOSTIA

Andoni Salamero idazle zumarragarrak poesia liburu berria plazaratu du “Bide ertzeko printzak” izenburupean. Sei zatitan egituratu du lana eta, orotara, 60 olerki labur bildu ditu bertan. «Batek baino gehiagok pentsatuko luke aforismoa ote den... Batzuetan tankera hori hartzen dute hitzek, beste batzuetan hausnarketatxo batzuk dira, zer pentsa ematen dutenak. Hau da, alde batetik txikiak dira, baina gero, era berean, badute nahiko espazio bere horretan pentsatzeko», ohartarazi du poetak aurkeztu berri dituen olerkiei dagokienez.

Hasieratik aitortu du Salamerok, bigarren lana duen honek 2004an argitaratu zuen “Zu. Ni. Bi. Bidean...” liburuarekin loturarik baduela. «Lehenengoan agertzen dena bidearen metafora da ­aipatu du­; bidea, nolabait, gure biziaren ibilbidea da, eta beti dago hasiera bat, egunsentia ere badena, gero egutera bat, gure proiektu eta unerik gorenekin, eta gero ilunabartzen doa guztia. Baina horrek ez du esan nahi beti amaiera bat denik, gauaz esaten den bezala, eta gauarekin heriotza edo. Nolabait, askotan amaiera bat hasiera bat da, eta hasiera bat amaiera bat».

Idazlearen esanetan, hain zuzen ere, «bi aurpegi horiek beti ikusten dute elkar, baina nik uste dut ideia bera agertzeko dela». Horrela bada, ideia hori ere nahiko presente ageri da azken liburuan. Zera adierazi du: «Ekialdetik hasi eta Mendebaldeaz harago amaitzen dugu, eta erdian beste ibilbide bat proposatzen dut. Ikusten denez, bidearen metaforak berean dihardu eta hor proposatzen diren gai ezberdinen artean, berean jarraitzen dute gizakiek, izakiek, izadiak eta bestelako gauza guztiek, nolabait ere izatearekin bat egiten dutelako».

Dena den, “Bide ertzeko printzak” izeneko lanak jasotzen dituen poesietan «txikitasunari» eman dio garrantzia zumarragarrak, eta Ekialdeko poesiaren eragina jasotzen duela ere aitortu du. Maiz irakurri omen ditu poesia japoniarra zein txinatarra. Gehienbat, hautatutako «haikuak» eta Ekialdean duten «gauzak apaltasun osoz aurkezteko abilezia» nabarmendu ditu zentzu horretan. Hemen gauza luzeagoak egiteko ohitura dagoela esanez, hauxe erantsi du horri dagokionez: «Ekialdekoen kasuan badago halako gauza garbia, xumea, arrunta egiteko joera. Olerki fin eta apal horiekin ni oso identifikatuta sentitzen naiz».

Hautaketarik ez maitasunean

Ostantzean, liburua ez dagoela irakurle jakin bati zuzendua ere nabarmendu du idazleak. «Gaiak oso orokorrak dira, eta nik horregatik ez diot eskaintza inori egiten. Nire gauzen iturburua beti da maitasuna, horri esker, eta maitasuna ardatz dudalarik idazten dut, eta maitasunean ez dut aukeraketarik egiten», aipatu du. Bere iritziz, «olerkia ez dago pertsona jakin batzuendako eginda. Nik uste dut gizakia dagoela horren atzean eta gizaki baten begirada gizarte osora eta izadiaren muinera luzatzen da. Han aurkitzen dut nik iturburua, nik ere arnasteko, eta gero izate natural hori berreskuratzeko».

Bestalde, Andoni Salameroren poesiek marrazkiak ere badituzte bidelagun. Liburua, Koldo Cadierno zumarragarraren bederatzi marrazkiz hornituta plazaratu du. Idazleak jakinarazi duenez, hura «teknika japoniar batez baliatu da nik esan nahi nukeen hori berak beste modu batez adierazteko».

Lortutako emaitza «fina» dela esan eta marrazkigilea «langile porrokatua» eta «zoragarria» dela ere erantsi du gero.



Bi liburu eta ibilbide bera: autoedizioa
Bere bi liburuak plazaratzeko baliatu da idazlea autoedizioaz, «momentuz ez bainau gehiegi bete argitaletxe batera jotzeak». Bere ustez, «gizarte masifikatu batean bizi gara, non dena azkar doan, eta batzuetan detaileak ez diren behar bezala gordetzen». Aitzitik, halako lan batek jarraitu behar duen prozesuan hamaika detailetan sakontzeko beta izan behar dela deritzo. «Xamurtasunez eta goxotasunez zaindu beharreko detaileak dira, eta hori ez dut ikusten bestelako egoeretan. Esperientzia hau oso gustukoa izan dut, eta inguruko jendeak lagundu izan dit», erantsi du pozik. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Sebastian Dadouretek Guardia Zibilaren esku atxiloturik jarraitzen du
Jendartea
Dos hermanos aparecen ahogados en Murchante
Mundua
El Pentágono reconoce la muerte de 3.000 soldados en Irak
Kirolak
La «estrategia» de Mané funciona
Kirolak
Juninhok zapuztu ditu Avironen ametsak
Euskal Herria
El PSE apoya la convocatoria de Ibarretxe pese al lema elegido
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss