GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > zirikazan 2007-01-08
Josebe Egia
Urte berria, jarrera argia

Urteroko kontua da. Beste urte bat joan zaigu eta berri batean sartu gara. «Urte berria, bizitza berria» esan ohi dugu poz berezi batez. Irrikaz, esango nuke, ezezaguna zaigun etorkizunari eskuak irekiz. Gabonetako egunak izaten dira, hain zuzen, joan den urteari buruzko hausnarketa egiteko egun ofizialak. Horri lotuta, datorrenari begira ere zeintzuk diren gure asmoak, helburuak edota erronkak, markatzeko egun aproposenak.

Geure buruari begira egin daitekeen hausnarke-ta, pertsonala, jendartean gertatzen denari edo gertatzen ez denari begira ere egin daiteke. Zer utzi digu 2006ak? Zer falta izan da? Zer da premiazkoa 2007an? Zeintzuk errealitate nahi ditugun ametsak?

Hasteko, egun pairatzen dugun gaitz bortitzenetako batekin amaitzeko premian gaude. 2006an Estatu espainolean hirurogeita hamar emakume baino gehiago erailak izan ziren «maite eta zaindu» egiten zituztenen eskutik, agerian utziz terrorismo hitzak adiera bat baino gehiago daukala herrialde honetan.

Beraiekin dauden edo egon diren emakumeak jipoitu, iraindu eta torturatzen dituztenek ezin dute «talde antolatu» izena jaso, baina bakarka jendartean jaiotzen eta garatzen den terrorismo mota konkretu batez baliatzen dira subkontzientean daukaten eta gainditu ezin duten helburua lortzeko ­emakumeen mendetasuna eta gizonen nagusitasuna-, gutxi eta indargabeak izanik topa ditzaketen oztopoak.

Daukagun erronka da lehenbailehen emakumeenganako indarkeria erauztea, horretarako ekimenak eta pausoak areagotuz, azkartuz eta, batik bat, horretarako boterea dutenen eskutik berauek indartuz.

Bide horretan aurrera egiteko ezinbestekoa da emakumeen independentzia bermatzea. Ondotxo dakigunez, independente izatea hertsiki loturik dago ahalmen ekonomikoarekin, hots, enpleguarekin. Arlo horretan ere, badauzkagu hamaika arrazoi 2007an lotan ez geratzeko. 2006an lan-istripuetan bizia galdu zutenak ahaztu barik, lan munduan dagoen ezegonkortasunak emakume aurpegia dauka. Adibidez, lanaldi laburrean dihardutenen %80 emakumezkoak dira, soldatari dagokionez gizonena baino baxuagoa da, %25 eta %30 artean, eraso sexualak jasateko arrisku espezifikoa daukateŠ

Bestalde, emakumeek eta gizonek dauzkaten edo lortu ditzaketen lanpostuak ere oso bestelakoak izaten dira. Nahiz eta unibertsitateetan gehiengoa emakumezkoa izan, nahiz eta kualifikazio hobeak erdietsi, nahiz eta hobeto prestatu euren buruak, erantzukizun handia suposatzen duten lanpostuak gizonenak dira. Zaintza suposatzen dutenak, ordea, emakumeenak. Horrek guztiak, soldatan ez ezik, norberaren autoestimuan eta errealizazioan ere eragina dauka, noski, dependentzia ahalbidetuz.

Baina independentziarako bidean, ahalmen ekonomikoaz eta egonkortasunaz gain, badago beste faktore bat urte honetan ere irabazteari utzi ezin dioguna: denbora. Emakume askok eta askok lanaldi bikoitza dauka egunero, soldatapean aritzeaz gain etxeko lanak ere egiten baititu, zer esanik ez, umeak dauzkatenen kasuan. Horrela, egunaren amaieran euren buruarentzat denborarik ez dutela aurkitzen dira, erlaxatzeko edo zaletasunak garatzeko aukerarik gabe. Familia sostengatzeko premiazko esklabo bihurtzen dira.

Ondorioz, denboraren askatasun ezak, atseden urriak eta gehiegizko emozio-kargak euren osasunean eragiten dute. Beharrezkoa da gizonen eta emaku- meen artean denboraren birbanatzea gauzatzea. Ez baitaukagu irabazita, ezta gutxiago ere, familia arloan tradizionalki eman izan diren rolen aldaketa, bilakaera. Nahi eta nahi ez gainditu beharreko erronka dau- kagu, etorkizunean gure seme eta alaben independentzia berdina izan dadin nahi badugu. Norbaitek esan zuen lez, independentzia buruan hasten baita.

2007ak, beraz, ezin du sexuen arteko berdintasunerako bidean urte lasaia, nagia izan. 2006a izan ez zen bezala. Urteak joan eta urteak etorri, honetan dihardugunok ondo dakigu zein motela izan ohi den aurrera egitea, zein latza esfortzu guztien aurrean fruitu bakanak jasotzea. Zenbat zapuzten gaituen jendartearen axolagabetasunak.

Jendartea jendeak osatzen du, jendeak eta erakundeek. Jendea pertsonak gara, erakundeetan pertsonak daude. Pertsonon nahiek eta erakundeen borondateak indarra osatzen dute. Eta 2007an indarra da behar duguna, zenbat eta gehiago bildu, orduan eta eraginkorrago, errealago.

Egin dezagun gure jarrera aldaketarako beharrezkoa den indarra. -

jegia@gara.net


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Sebastian Dadouretek Guardia Zibilaren esku atxiloturik jarraitzen du
Jendartea
Dos hermanos aparecen ahogados en Murchante
Mundua
El Pentágono reconoce la muerte de 3.000 soldados en Irak
Kirolak
La «estrategia» de Mané funciona
Kirolak
Juninhok zapuztu ditu Avironen ametsak
Euskal Herria
El PSE apoya la convocatoria de Ibarretxe pese al lema elegido
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss