GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2007-01-08
ASTOTXO EGUNA
Galtzeko arriskuan den animaliaren jaia
113 asto autoktono baino gehiago elkartu ziren atzo lazkaoko euskadi plazan eta horietatik guztietatik ar eta eme ederrenaK hautatu zituzten. Lazkao txiki zelaian, berriz, «Egiptora ihesa» testamentu berriko pasartea antzeztu zuten 150 bat lagunek.

Kontent zen Eukeni Lasa Lazkaoko Astotxo Eguneko antolatzailea GARArekin mintzatu zenean. «Hainbat ekintza izan dira eta jende asko hurbildu da ikustera, parte hartzera eta gozatzera. Giro oso onean joan da eguna», ziurtatu zuen. Lehenago, “Egiptorako Ihesaldia” interpretatzeko antolatzen zuten egun berezi hori. Jose, Maria eta Jesus haur jaioberria ageri dira Testamentu Berriko pasarte horretan. Egiptora doaz ihesi eta astoa dute lagun. «Guretzat astoa zen irudirik politena, eta behar adina baloratzen ez zela ikusita eta gainera, galtzen ari den animalia dela jakinda, protagonista bihurtzea erabaki genuen orain hamabi urte», azaldu zuen Lasak. Horrela hasi ziren, poliki-poliki; gero GIASEL Gipuzkoako Astozaleen Elkartea sortu zuten eta atzo 113 asto biltzea lortu zuten, denak Enkarterrietakoak.

«Bertako astoa nahiko zabaldua dago, eta hori erakustea eta saritzea erabaki genuen iaz. Horregatik, animalia autoktonoek soilik hartu dute parte txapelketan», argitu zuen. Datorren urterako erronkei buruz galdetuta, aldiz, Enkarterrietako astoak zein diren Gipuzkoan bertan ziurtatu nahiko luketela nabarmendu zuen.

Asto Dianak Lazkaoko herria ernatu zuen goizeko hamarretarako eta eguerdirako denak zebiltzan paseoan, zahar eta gazteak, trikiti eta pandero doinuek alaituta. Mendiko arroparekin eta makilekin zeuden Ińaki ordiziarra eta lagunak, bestan murgildu baino lehen ibilaldia egin baitzuten Zaldibian zehar. Zistertar Lekaimeen Komentuan olatak erosi, pixka bat poteatu eta salda beroa hartzeko asmoa zuten.

Izan ere, ohikoa da Astotxo Egunean salda hartzea. Goizeko hamar eta erdietatik bazkalordura arte aritu zen Juan sabelak goxatzen, eta 90 litro prestatu zituztela jakinarazi zuen. «Gustura aritzen naiz. Hala, saltsa honetan parte hartzen dut eta astoa berreskuratzeko jaia antolatu duten Ansoategi Kultur Elkarteari eta GIASELi laguntzen diet», adierazi zuen. Astoen inguruko bitxikeriarik ere kontatu zuen Juanek: «Lehenago, izendatzeko erredura txiki bat egiten zieten hanka batean, baina orain txakurrei bezala txipa jartzea lortu dute».

Egunero animalia horiekin lanean diharduen Mikel Zubizarretak Enkarterriko astoen berezitasunen berri eman zuen:«Arrek 109-123 zentimetro neurtzen dute eta emeek 103-123. Hain txikiak izanda, egokiak ziren meatzariei gurdiak garraiatzen laguntzeko eta hori zuten funtzio nagusia. Pisua ere ez da handia; arrek 170-210 kilo izaten dituzte eta emeek 140-190. Beraz, euri asko egiten duenean ez dituzte zelaiak zulatzen», argitu zuen. Ilaje beltza edo gaztaina kolore ilunekoa dute eta degradazioak izan ohi dituzte begi inguruetan, muturrean, hankapean, sabelean eta gorputz azpialdean. Hemengo orografiara egokitutako animaliak direla ohartarazi zuen Zubizarretak, baita desagertzeko arriskuan daudela nabarmendu ere. «Euskal Herri osoan 300 eme eta 30 ar egongo dira denetara», erran zuen. Gaur egun duten paperaz galdetuta, makinak erabiltzen ez dituzten tokietan mendiak garbitzeko eta pertsonei lagun egiteko baliagarriak direla ziurtatu zuen, «esanekoak eta benetan azkarrak» direlako.

Kalitatea hobetuz

Bertze aditu ugari ere ari zen Lazkaoko plazaren bi aldeetan lotutako 113 asto autoktonoen gainean berriketan; GIASEL Gipuzkoako Astozaleen Elkarteko presidente Jose Inazio Mendizabal, errate baterako. Enkarterrietako asto izendatzeko bete beharreko ezaugarriak biltzen dituzten animaliak bildu, hoberenak aukeratu eta arrak eta emeak elkartzen dituzte GIASELekoek astakumeak jaio daitezen. Herriz herri erakusketak antolatu ondotik, txapelketa egiten dute Lazkaoko Astotxo Egunean, arraza zenbat hobetu den ikusteko. «Urtez urte kalitatea hobetzen ari dela konturatu gara. Horregatik, gaur inoiz baino gehiago ari zaie kostatzen epaileei abere ederrenak aukeratzea, asto pila bat baitago eta inoiz baino estuagoa baita lehia», ohartarazi zuen Mendizabalek. Aurreko urteetan arraza guztietako astoek parte har zezaketen, baina Enkarterrietakoei begira egin dute aurten txapelketa, elkartearen lana eskertzeko. Enkarterrietako asto izendatzeko behar diren ezaugarriak zein animaliak biltzen dituen Gipuzkoan bertan erabakitzea izango litzateke hurrengo urratsa. Orain Bizkaira joan behar izaten dute eta oso neketsua da eurentzat. Gipuzkoako Aldundiaren laguntza badaukate, baina dirua eta udalen baten babesa behar dute.

Ederki kostata, epaileek hamar abere aukeratu zituzten eta, alkate doinuek lagunduta, hesi batera sarrarazi zituzten. Han ibili ziren dotore-dotore bueltaka, txalapartaren musikaren erritmora, hamaika herritar eta bisitariren begi erneen aitzinean. Azken erakustaldi horren ondotik, adituek garaile zintzarriak zeinentzat izanen ziren erabaki zuten.

Chispas eta Mimi

Chispas da ar lerdenenaren izena eta Hondarribiko Lukas Lizarribar du zaintzaile. Hala ere, Joxpi lazkaotarraren esku utzia zuen aberea atzokoan. Orain bost urte ekin zion Joxpik astoekin lan egiteari. Min zuen bizkarrean eta, ebakuntza gaizki atera zenez, ezin izan zuen ordura arteko beharrarekin jarraitu. Denbora pasa hasi zen astoak zaintzen; orain, 14 ditu etxean, Lazkaoko koadrilan 25 dituzte eta GIASEL elkartean 80 bat. Ongi tratatu behar direla erakutsi dio esperientziak eta ilajeari begiratuta bizimodu ona duten ala ez nabaritzen dela jakinarazi zuen, «gose den astoak ile luzea izan ohi baitu». Arrek emeengandik aparte bizi behar dutela ere erran zuen, bertzela harrotu egiten baitira.

Eme ederrena Mimi zen atzokoan, Txomin Arriola elgoibartarraren aberea, eta, Chispasek bezala, hamaika laztan eta mimo jaso zituen goiz guztian zehar. Neska-mutiko ugari gerturatzen zitzaion lastoa ahora ematera eta ilea astiro-astiro eta kontu handiz orraztera. Helduagoek ere liluraz egiten zioten so.

Denbora aitzinera zihoan heinean, astoen inguruan pilatutako jendetza sakabanatzen joan zen, ordea. Askok tabernaren batera jo zuen lagunartean zintzurra freskatzera eta pintxoren bat jatera; ugari ziren postuak ikustera joan zirenak ere. Han ziren Euskal Pastelaren Euskadiko VIII. Txapelketa irabazi zuten gozoak, nork dastatu zain, baita gaztak eta etxeko barkilloak ere. Bergaran eginen den Kilometroak bestako arropa, diskoak, bitxiak eta bertze hamaika aukera ere bazen. Gazteenek ere izan zuten non gozatua lehiaketaren ondoren, astoek tiratutako gurdietan ibili baitziren. Ausartenek animalien gainean egin zuten itzulia.

Euskadi Plaza astoek hartu zuten, baina Lazkao Txiki Zelaian bertzelako ekitaldiak izan ziren. Goizeko hamaiketan Meza Nagusia izan zen Zistertar Lekaimeen Komentuan eta Lazkao Abesbatzak kantatu zuen. Ondoren, “Egiptora ihesa” Itun Berriko pasartea antzeztu zuten 150 bat lagunek. Zaldi, ahate eta, nola ez, astorik ere izan zen 1652. urtetik egiten den interpretazioan. San Jose, Ama Birjina eta Jesus haurtxoa Egiptora joaten dira ihesi, Herodesek errege izateko jaio den ume baten berri izan eta gero. Agintea galtzeko beldur da Herodes eta bi urte baino gutxiago dituzten haur guztiak hiltzeko agindu du. Aingeru batek eman die Joseri eta Mariari erabakiaren berri eta Belengo herrian aurkitu dute babesa, Herodesek agindu krudel hori betearazten duen bitartean.

Haurrek protagonismo berezia izan zuten antzezpenean eta ezin hobeki bete zuen bakoitzak zegokion papera. Martak, adibidez, militar bati eman zion bizitza, eta hagitz gustura aritu zela aitortu zion GARAri. Bazkalorduan egon ginen Martarekin, baita Alex anaiarekin eta Amaia amarekin ere. Euskadi Plaza erdi hutsik zegoen ordurako eta astoak kamioietan sartzen hasiak ziren bakoitza bere bizilekura eramateko. Hala eta guztiz ere, Alexek eta Martak lotua zegoen animalia bat laztantzen jarraitzen zuten. «Ezin izan dugu asto lehiaketa ikusi, antzerkirako prestatzen aritu baikara, eta abereekin egoteko gogoz gelditu gara», adierazi zuten. Lazkaotarrak dira eta urtero gozatzen dute egun horretaz; «aurten, gainera, eguraldi zoragarria izan dugu, besteetan ez bezala».

Aldarrikapenak ere izan zuen tokia bestan, eta euskal preso eta iheslariak etxeratzeko exijitu zuen hainbat lagunek. Ińaki De Juana izan zuten bereziki gogoan enkartelada mugikorrean. Drogen Aurkako Amek, berriz, baztertuek birgaitzeko eta berriz ere gizarteratzeko duten eskubidea defendatu zuten.

Astotxo Eguna ailegatu baino lehenago ere izan ziren ekitaldiak Lazkaon, herritarrak giroan murgiltzen has zitezen. Adibidez, Che Guevararen inguruko erakusketa izan zen ikusgai aste osoan. Urtero gai ezberdin bat hautatzen dute kultur etxean eta oraingoan Argentinako iraultzailearen kamisetak, bideoak, argazkiak eta liburuak bildu dituzte. Jaioterrian sendiarekin eman zuen garaia, Kubako iraultzaren garapena eta Txinara eta Errusiara egin zuen bidaia ageri dira irudietan, baita nola hil zuten ere. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Sebastian Dadouretek Guardia Zibilaren esku atxiloturik jarraitzen du
Jendartea
Dos hermanos aparecen ahogados en Murchante
Mundua
El Pentágono reconoce la muerte de 3.000 soldados en Irak
Kirolak
La «estrategia» de Mané funciona
Kirolak
Juninhok zapuztu ditu Avironen ametsak
Euskal Herria
El PSE apoya la convocatoria de Ibarretxe pese al lema elegido
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss