BAIONA
Alain Pochat, Avirongo entrenatzailea gustura zegoen jokalariek emandako itxurarekin: «Ez nago kexatzeko moduan. Jokalariek izandako jarrerarekin oso gustura nago. Aste guztian zehar, partida hau prestatzerakoan esandako guztia egin dute. Galdu egin dugu, baina oso gustura nago», esan zuen entrenatzaile lapurtarrak.
Bidegainen golaren ostean gauzak hobeto ikusi zituela onartu zuen, baina ez kanporaketa gaindituta: «Partida berdindu dugunean sekulako poza izan da, baina ez dut kanporaketa gaindituta ikusi. Artean lan asko zegoen egiteko. Horrela amaituta ere luzapena jokatu beharra zegoen, eta ez zegoen ezer erabakita», adierazi zuen entrenatzaileak.
Hori bai, Juninho erabakigarria izan zela onartu zuen: «Bagenekien Lyonek zer nolako jokalariak dituen. Edozein jokalditan erabaki zezaketen eta horrelaxe izan da. Gaizkien pasatzen ari zirenean egin du gola, eta kanporaketa erabaki egin du», onartu zuen.
Manu Merin, baionarren presidentea ere oso gustura zegoen: «Taldearen iutxura asko indartu da. Orain dela hiru urte gure izena ezagutzera eman genuen eta gaur izen hori handitu egin dugu. Uste dut mundu guztia gustura egoteko eguna dela», esan zuen.
Bidegainen golarekin amesteko aukera izan zuela ere onartu zuen:«Dudarik gabe, aukerak ikusten nituen, baina ez nik bakarrik. Nire ondoan ziren Lyongo zuzendariak, eta oso kezkatuta egon dira Juninhok bigarren gola egin duen arte». Atzo garbi geratu zen Baionan Lehen Mailako talde bat behar dela eta honen inguruan zera esan zuen: «Lanean ongi ari gara. Hemen errugbiak indar handia du eta zaila da berarekin borrokatzea, baina gure helburuetatik geroz eta hurbilago gaude».
Juninho brasildarrak, Lyongo izar nagusiak, zera esan zuen neurketari buruz: «Partida ez da erraza izan. Beraiek talde ona daukate, eta hori argi eta garbi utzi dute. Gu markagailuan azkar aurreratu gara, baina gero kosta egin zaigu.Beraiek berdindu dutenean, galduta ibili gara, baina azkenean egin beharrekoa egin dugu», esan zuen. Giroari buruz, zera aitortu zuen: «Oso ona izan da. Ederra da zelaiak honela beteta ikustea, baina garrantzitsuena jendearen jarrera da, eta gaur oso ona izan da».