- ACB
Gipuzkoarrek bosgarren garaipena eskuratu dute oso sendo jokatuta
·Bruesak egindako defentsaren aurrean, Pamesa behera etorri zen bigarren laurdenean
DONOSTIA
Ez zirudien erraza hasiera batean, baina Bruesa GBC ongi nagusitu zen atzo eguerdian jokaturiko partidan Valentziako Pamesaren aurrean. Markagailuko 84-72 emaitzak nabarmen utzi zuen talde baten eta bestearen arteko sendotasun mailaren arteko aldea .
Izan ere, askoz sendotasun handiagoa erakutsi zuten Porfi Fisacen gizonek, bigarren laurdenetik aurrera batik bat. Lehenengo zatia, aldiz, nahiko eskasa izan zen. Bi taldeek oso gutxi jokatu zuten, baina donostiarrak erdi lo kantxaratu zirenez Illunben, lehen hamar minutuen ostean 12-17ko emaitza erakusten zuen markagailuak.
Lehen minutu horietan Kammerichs eta Bradley izan ziren joko apur bat eskaini zuten donostiarrak. Bigarren laurdenean ordea, askoz sendoago azaldu ziren gipuzkoarrak. Berdin defentsan nola erasoan. Jaurtiketa portzentaje eskasak izanagatik, errebotea kontrolpean hartu zuten eta valentziarren nagikeriari esker, atsedenaldira 37-27 iritsi ziren.
Hirugarren laurdena ere, ohi duen moduan, indartsu ekin zion Bruesa GBCk. Defentsa asko zorroztu zuen Fisacen taldeak eta kontraeraso dotore pare bat ere ikusi ahal izan ziren atzo Illunben; hala nola, Urtasunek eta Smithek bikain gauzatu zuten alley oopa kasu. Une horietan, gipuzkoarren abantaila 18 punturaino iritsi zen: 45-27.
Valentziarrek, alabaina, Vule Avdalovic bezalako izar handi bat dute eta jokoan sartzen hasi zen apurka. Bestalde, etxekoek bost jaurtiketa libre hutsegin zituzten bata bestearen atzetik. Ondorioz, urduritasuna nagusitzen hasi zen donostiarrengan Tauren kontra alperrik galdutako abantaila gogoan eta valentziarrak zazpi puntura gerturatu ziren hirugarren laurdena amaitzean: 56-49.
Laugarren laurden polita eskaini behar zuten talde biek, teorian bederen. Aitzitik, urduritasunak eragindako hanka sartze dezente burutu zituzten, nola batzuek hala besteek. 0-7 partzial baten ostean kanpokoak 60-56 hurbildu ziren markagailuan, eta Caja San Fernando edo Tauren kontrako porroten mamua agertzen hasi zen Illunben. Menorcak eta Valladolidek galdu ostean, alperrik galtzen utzi ezinezko abagunea zuen atzo Bruesa GBCk.
Une horietan, falta pertsonalek eraginda, Fede Kammerichs eta Devin Smith egotzi zituzten epaileek. Kontua ilun zegoen, baina Ordín, Urtasun, Fajardo eta Bradleyren puntu eta lan onak zortzi puntura jaso zuen donostiarren abantaila. Ordurako, Avdalovic kalean zegoen, pertsonalen erruz egotzita. Ordínek jaurtiketa libreen marratik eta hiruko baten os- tean, errematea ezarri zion neurketari. Douglas eta Stefanssonen hiruko saskiratzeek partidaren azken emaitza finkatu baino ez zuten egin: 84-72.
Fisac: «Basamortuan basobete ur edan dugu, baina oraindik basamortuan gaude»
DONOSTIA Pozik eta lasaitu galanta hartuta ez zen harritzekoa, jarraian bost neurketa galdu eta gero azaldu zen Porfi Fisac, Bruesa GBCren entrenatzailea prentsaurrekoa ematera. «Gaurko ‹atzoko‹ partida bi zatitan banatuko nuke», esanez hasi zen extremadurako entrenatzailea. «Alde batetik, lehenengo laurdenean duda-mudatan ibili gara, bai gu nola Pamesa, baina bigarren laurdenetik aurrera askoz hobeto, askoz zentratuago ibili gara eta hala bideratu dugu garaipena. Hirugarren laurdenaren azkenetik hasita akats batzuk egin ditugu, baina Tauren kontra ez bezala, zuzendu ahal izan ditugu». Hala ere, nahiko zuhur mintzatu zen atzo Fisac. «Ez dezagun ezer irabazi dugunik pentsa. Oraindik ez behintzat. Egia da basamortu honetan baso bete ur edateko aukera izan dugula, baina baita oraindik basamortu honen erdian jarraitzen dugula ere». Gran Canaria Grupo Dunasen aurka amerikarrek eginiko partida eskasa salatu ostean, atzoko neurketaren ondoko balorazioa ere egin zuen teknikari espainiarrak. «Bradleyk erakutsi du, bai, indartsu egon behar denean halaxe egoten badakiela. Asko gustatu zait, egia esan. Devin Smith, aldiz, bada, Devin DEvin da. Gauza apartak egin ditzake eta hanka sartze galantak ere bai. Ikasiko du». Bestetik, oso haserre mintzatu zen Fotis Katzikaris, Pamesaren entrenatzailea. «Hain tentsio gutxirekin, hain eskas jokatuta, ez diogu inori ere irabazi. Ez ACB ligan eta LEB ligan ere. Eskerrak Bruesak jaurtiketa libre asko huts egin dituen, bestela a zer jipoia jasoko genukeen»!
|