Zolpan enpresan kaleratzeak iragarri dira finantza talde batek erosi ostean
Besteak beste, lanpostuak desagertzea eta industriaren «hustuketa» eragiten duen LBO erosketa sistemaren arriskuak salatu zituen atzo CFDTK. Zolpan enpresa horietako bat da eta finantza talde batek erosi zuenetik, bertan gertatzen ari diren gehiegikeriek arriskuan jarri dute lantegiaren geroa.
BAIONA
Oraingoz Baionako lau langileren lanpostuak desagertuko ez diren arren, elkarteei margoa saltzen dien Zolpan enpresaren geroaz oso kezkatuta azaldu ziren, atzo, CFDT sindikatuko ordezkariak.Izan ere, 2005eko uztailean Materis finantza taldeen esku geratu zen Departamenduan berrogeita bost urte daramatzan enpresa. Urte bereko abenduan, antzeko beste talde bati (Wendel taldea) saldu zioten. Bi erosketak Leveraged buyout (LBO) deituriko teknikarekin egin ziren eta, geroztik, 50 langiletik 40ra jaitsi dira.
AEBetako eredua
Estatu Batuetatik eratorritako erosketa eredu hori baliatuta, inbertitzaile talde txiki batek dirua mailegatu (askotan enpresako bertako zuzendari eta buruzagiei) eta enpresa erosten du epe oso laburrean, berriro saltzeko asmoarekin. Hori bai, salmenta berrian ahalik eta balio erantsi gehiena lortzea da helburua eta horretarako, soldatetan, gastu orokorrean, lanpostuetan eta inbertsioetan sekulako murrizketak eginez, berregituraketa latza egiten dute, errentagarritasuna artifizialki puztu arte.Zolpan talde osoaren eskualdaketan, esaterako, 900 milioi euro irabazi dutela jakinarazi zuen Jean-Pierre Hernandezek. CFDTko ordezkaria, hain zuzen ere, hilabete eta erdiz kaleratu dute trikimailu horien ondorioak salatzeagatik. Urtarrilaren 17an Departamenduko Lan Zuzendaritzak berriro bere lanpostuan hartzera behartu du Zolpan enpresa. Ipar Euskal Herriko CFDTko idazkari Jean-Baptiste Etxetok gogor salatu zuen atzo enpresaren jokaera eta, oro har, LBO sistema industrian eragiten ari den «benetako hustuketa, helburua ez baita enpresa baten geroa ziurtatzea, liberalismo neurrigabearen ildotik, lehenbailehen dirua irabaztea baizik». Estatu frantsesean 1.600 enpresa (800.000 lanpostu) sistema horrekin kudeatzen direla adierazi ondoren, herrialde baten ekonomiarentzat fenomeno biziki larria dela salatu zuten. Barne hauteskundeak ari dira egiten orain Zolpan taldean eta «ustekabean» beste zerrenda bat agertu izana susmagarritzat jo du CFDTk. «Sinetsita gaude CFTC sindikatuaren izenarekin aurkeztutako zerrenda Zuzendaritzak bultzatutakoa dela guri kalte egiteko», gaitzetsi zuen Etxetok. Datozen egunetan ezagutuko dira emaitzak eta aurrerantzean enpresak hartuko dituen neurri berriak. Paueko administrazio zerbitzuak Bordelera eramateko asmoa, zazpi lanpostu desagertzea ekarriko duena izango da, seguru asko, neurri horietako bat.
|