Hotz eta elur arriskuak alerta egoeran du Euskal Herria
Azkenik euria iritsi zaigu Euskal Herrira; denok sumatzen genuen bere hutsunea. Euria egin zuen hiririk eta herririk gehienetan, baina elurra ere agertuko da, dagoeneko egin ez badu. Datozen egunotan elurraren maila 100 metroraino ailegatuko da, eta tenperaturek beheranzko joerari eutsiko diote larunbatera arte gutxienez.
|
IRUÑEA
Askotan eguraldi aurreikuspenekiko sinesgarritasuna guztiz galduta dugula iruditzen zaigun arren, oraingoan iragarpen horiek betetzen ari dira, eta azkenik, gurera egiazko negua etortzen ari da. «San Vicente hotz, neguaren bihotz», dio esaera zaharrak, baina oraingoan neguaren hasiera atzoko egunak ekarri digu.Igande arratsaldean hasita, tenperaturek beherako bidea hartu dute; hala mantendu ziren atzo, eta ez dirudi hurrengo egunetan ere joera hori aldatuko denik. Euskal Herrian «alerta» egoerara deitu dute larrialdi zerbitzuek, datozen egunetan elurte handiak eta hotza egingo duela adierazi baitute. Hori dela-eta, bai Lakuako Gobernuko Barne Sailak baita Arabako Foru Diputazioak ere, Negurako Bideragarritasun Plana martxan jarri dute. Gobernu espainoleko Sustapen eta Barne Ministerioak joan den azarotik martxan zuen plana indartzea erabaki du. Iragarpenek diotenez, aurtengo lehen elurrak aste honetan ikusiko ditugu. Nafarroari dagokionez, bai Pirinioetan bai Kantauri isurialdeko mendi gainetan, gaur 10 zentimetro elur jarriko duela jakinarazi dute, eta kota altuenetan, bikoitza. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 15 zentimetro jartzera ere irits daitekeela azaldu dute. Elur mailari gagozkiolarik, berriz, 300 metrora ere zurituko duela adierazi dute iragarpenek. Joera horri eutsiko dio datozen egunotan ere, eta asteazkenerako espero da egoerarik txarrena: elurra 100-200 metroan eta iparreko haizea oso indartsu.
|