Eskubide guztiak, zatiketarik gabe
Udalbiltzak eskubideen urraketari buruzko txostena ezagutarazi zuen atzo. Iragan den urtarrilaren 13an Donibane Lohizunen eginiko bilkuran hitzarturiko txostena, alegia. 2002. urtean zabalduriko bideari jarraituz, erakunde nazionalak eskubideen inguruan diagnosi zabala bezain sakona burutu du, eta lan mardul horren laburpena eskuratu zuten atzo komunikabideek. Izan ere, orain plazaratu duten txostenak bide luzea dauka egiteke, eragile politiko eta sozialei emango baitiote azterketaren berri, horren gainean ekarpenak egin ditzaten. Erakunde nazionalak eginiko lana ez dago, beraz, bukaturik. Guztiz alderantziz, eskubideen urraketei buruz eragile askok zeresan handia dute, eta hortaz jabeturik, Udalbiltzak berebiziko garrantzia ematen dio hemendik aurrera burutuko duen gizarte eztabaidari. Izan ere, Udabiltzak eginiko azterketa irakurri ostean dagoeneko hainbat ondorio atera daitezke. Lehenengo eta behin, txostenak sarritan ezkutatzen den egoerari argia emateko duen balioa nabarmendu behar da. Eskubide urraketa askotarikoa dela agerian geratzen da, baita eskubide urraketen erantzule nagusiak Euskal Herrian beren administrazioa ezarrita duten estatu biak direla ere. Oinarrian ematen den eskubideen bortxaketari erreparaturik, ukazio horrek eskubide kolektiboetan eta norbanakoen eskubideetan eragin larriak dituela ondorioztatu du zazpi herrialdeetako udal hautetsiak elkartzen dituen erakundeak. Ildo horretan, eskubideen urraketak askotarikoak izanik, herritarrek beren eskubide guztiak bermaturik izan ditzaten apustu egiten du Udalbiltzak, bere ustez, «bakea, bazterketarik gabe, eskubide guztiak bermatzen dituen oinarrien gainean eraikiko baita». Nazio Batuetako Giza Eskubideen Nazioarteko Adierazpenak ezarritako irizpideari heldurik hots, ezin da eskubideen artean sailkapenik egin, denak premiazko baitira nazioek eta herritarrek bizitza duina izan dezaten Udalbiltzak eskubide guztiak, zatiketarik gabe, aintzat hartzen ditu, eta bere txostenean «eskubide guztientzat, baldintza berdinetan eta bazterketarik gabe» defendatzen ditu. Egungo esparruek ez dutenez euskal herritarrek dituzten eskubideak bermatzeko aukerarik emanez, estatus berdinketa finkatu behar dela proposatzen du erakundeak. Herri honen etorkizuna bakean eta berdintasunean eraiki behar dela uste duen orok ukaziotik errespetura doan ibilbidea zeharkatzeko duen konpromisoa agertzeko aukera du. -
|