Filipe Aska! taldeak behingoz beren jarrera azaltzeko eskatu die hautetsiei
BAIONA
«Bada garaia beren jarrera garbia adieraz dezaten», esan zuen atzo Baionan Ttotte Etxebeste Filipe Aska! batzordeko kideak. Bi urte igaro dira Filipe Bidarten askatasun eskaeraren inguruan beren iritzia kaleratzeko eskatu zietenetik. Berrikitan gutun bat igorri diete bertako diputatu eta senatariei eskaera berritzeko, tartean, Michele Alliot-Marieri, Jean Greneti, Alain Lamassoureri eta Didier Borotrari. Erantzunik jaso ezean, preso baigorriarrari gerta dakiokeenaz «Estatua bezain erantzule» izango direla eta «herriaren aitzinean erantzun» beharko dutela gaineratu zuen Etxebestek. Izan ere, otsailaren 1ean ezagutuko da Bidartek bere askatasun eskaera ukatzeagatik tartekatu zuen helegitearen emai- tza. Helegitea abenduan aztertu zuten eta fiskala aske uztearen kontra azaldu zen.
Argudio «politikoak»
Bere argudioak «erabat politikoak» izan zirela berretsi zuten batzordeko kideek. Euskal presoak azaldutako lan eta bizi proiektuaren sendotasuna zalantzan jarri zuen fiskalak. Horri erantzunez, hain zuzen, Cimadek (lana agindu dion era- kundeak) eskutitz «gogor» bat igorri dio epaitegiari. Bestalde, «kontrolpeko erdi askatasuna» aplikatzeko egindako eskaera Bidarti ezin zaiola aplikatu adierazi zuen Filipe Aramendi abokatuak. Epaitegiak helegitea atzera botatzen badu, beste askatasun eskaera bat egiteko eta berori aztertzeko legeak ezarritako epeak direla medio, Bidartek gutxienez bi urtez espetxean jarraitu beharko duela gaineratu zuen. Batasuna, AB, Aralar, LCR, Askatasuna, Ahaideak eta CDHPB taldeetako kideez inguratuta, otsailaren 1ean, Baionako herriko etxearen aitzinean elkarretaratzera eta urtarrilaren 27an 15.00etan Saint Andre plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu zuen Filipe Aska! batzordeak.
|