Lan arloan elkarlana eskaini dio Kontseiluak Lakuari
Lakuako Gobernuak joan den irailean «Lan-hitz» programa aurkeztu zuen hiru aldundiekin eta Eudelekin batera. Egitasmo horren helburua ingurugiro sozioekonomikoan euskararen erabilera bultzatzea da. Kontseiluak, berriz, sei urte daramatza horretan, eta elkarte baten sorrera iragartzeaz gain, Gobernuari elkarlanean aritzea proposatu dio.
GASTEIZ
Atzo egindako agerraldian, Bai Euskarari Ziurtagiriaren arduradun Rober Gutierrezek eta Kontseiluko lehendakari Mikel Arrizabalagak elkarte berriaren sorrera aurrera doala adierazi zuten. Kontseiluko ordezkariak Euskal Herriko hainbat eragileren ekarpenak jasotzen ari dira, eta, horiek hala, Lakuako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzari bilera bat egiteko eskatu diote «Kontseiluaren asmoak lehen eskutik ezagut ditzan», atzoko agerraldian jakinarazi zutenez. «Lan mundua euskalduntzeko zereginean Administrazioak ezinbestekoak diren eragileen artean elkarlana bideratu eta gidatzeko ardura izan behar du», adierazi zuen erakundeak.Ibarretxeren Gobernuak lan munduan euskara bultzatzeko asmoa duela adierazi zuen, eta hori dela-eta pozik daude Kontseiluko ordezkariak. Baina eurek urteetan egindako lana alde batera utzi, eta ekimen berriak sortzea ez dute begi onez ikusi. Joan den irailean EAEko Gobernuak, aldundiek eta Eudelek sortutako «Lan-hitz» deituriko programan, euskara eta kalitatea ziurtatuko dituen lehen agiri publikoa sortzea erabaki zuten, eta horretarako, Euskalit Fundazioarekin hitzarmena sinatu zuten joan den urrian. Kontseiluak, Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez, sei urte daramatza lanean, eta haren ustez, urte hotietan guztietan egindako lana aintzakotzat ez hartzea eta bikoiztea lan mundua euskalduntzean egin daitekeen akatsik larrienetakoa da. Elkarlanak lana erraztuko duela nabarmendu zuten, bai eta bi agiriek nahasmena sortuko dutela ere. Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkarte berria sortu dutela adierazteaz gain, harreman fasea luzatu dutela jakinarazi zuten. «Harreman fasea luzatu dugu interes handia sortu duelako eta ahalik eta entitate gehienekin elkarlanean aritu nahi dugulako», adierazi zuen Gutierrezek. Azken hilabeteetan, hainbat eragile lotu zaio beren deialdiari. Enpresetako ordezkarien artean, besteren artean, Adegi, Ekonomisten Euskal Elkargoa, Euskal Ganberak eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa. EAEn gehiengoa duten sindikatuen artean, berriz, CCOO, ELA, EHNE, LAB, STEE-EILAS,ESK, Hiru eta UGT. Arduradunek azaldu zutenez, eragileen ekarpenak jasotzen ari dira elkartearen parte- hartzea ahalik eta irekiena izateko, eta atera dituzten ondorioen arabera, bilera horiek ontzat jotzen dituzte. Rober Gutierrez ordezkariak Ziurtagiriaren arrakasta aipatu zuen, eta Hizkuntza Politikako Sailburuordetzari bere lanarekin bat egitea egokia izango dela adierazi zion. Orain arte, 1.410 agiri banatu dituzte enpresen, saltokien eta beste erako entitateen artean. «Beste egiaztagiri bat sortzea lana bikoiztea izango litzateke», ohartarazi zuen. Gobernuak euskararen alde ekimenak egin ditu
bere kontu
Lakuak urrian sinatu zuen ziurtagiri publiko bat ateratzeko hitzarmena. Ez da hori Gobernuak lan munduan euskara bultzatzeko sortutako ekimen bakarrik; izan ere, Elebide izeneko zerbitzu publikoa martxan dago. Zerbitzu horrek, hizkuntza eskubideak bermatzeko helburuarekin, kontsultak egiten ditu herritarren kexuak bilduta. Kontseiluaren eskutik Behatokiak urteak daramatza Euskararen Telefonoa zerbitzuaren bidez gauza bera egiten. -
|