- Heineken Kopa
Biarritzek apirilaren 1ean jokatuko du Northamptonen aurka Anoetan
·Biarritz taldeak atzo baieztatu zuen berria, nahiz eta Realak ere etxean jokatuko duen
BIARRITZ
Biarritz eta Northampton apirilaren 1ean neurtuko dira HeinekenKopako final-laurdenetan, eta norgehiagoka, aurrez jakina zen moduan, Anoetako estadioan jokatuko dute Biarritzek aditzera eman zuenez.Partida hori Donostian jokatuko dutela joan den astean baieztatu zuen Marcel Martinek, Biarritz taldeko presidenteak. Herenegun bertan jakin zen zein izango zen zuri-gorrien aurkaria, eta data jakitea bakarrik falta zen, final-laurdenak martxoko azkeneko bi egunetan eta apirilaren lehenengoan jokatuko baitituzte. Azken egun hori izango da Biarritz Donostian ikusteko eguna. Hala ere, partida horrek baditu hitz egin beharreko zenbait gauza. Asteburu horretan Realak ere etxean jokatzen du, eta talde zuri-urdinak larunbatera pasatu beharko du partida. Horretarako, telebistekin eta aurkariarekin iritsi beharko du adostasunera, baina aurreko urteetan gertatu den moduan, ez luke arazorik izan behar. Gauzak ongi joaten badira, ordea, neurketa ez litzateke Biarritzek Anoetan jokatzen duen azkena izango. Izan ere, kanporaketa hori gainditzen badu, finalerdiak ere etxean izango ditu, lehen faseko talderik onena izan baita Biarritz, eta orduan ere partida Anoetan jokatuko litzateke. Ez da ohikoa izaten multzo berean aritu diren bi talde gero final-laurdenetan elkarren aurka aritzea, baina kasu honetan horrelaxe egokitu da. Sailkatzen diren talde guztien artean sailkapen bat egiten da, eta Biarritz izan da horietan onena. Northampton, berriz, zortzigarren geratu da. Lehen sailkatuak zortzigarrenaren aurka jokatzen duenez, berriro ere elkarren aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Aurreko bi partidak ikusita, talde zuri-gorria izango da norgehiagoka irabazteko eta finalerdietara sailkatzeko faboritoa. Final-laurdenetako beste hiru partidak, berriz, honako hauek izango dira: Llanelli-Munster; Wasps-Leinster eta Leicester-Stade Français.
Ohorezko B Maila
Ohorezko B Mailan, Hernanik derbia jokatu du Durangon, eta gipuzkoarrek garaipen garrantzitsua lortu dute, eta horrekin batera sailkapeneko bigarren postuan jarri dira. Denboraldia amaitu bitarte hor iraungo balute, hernaniarrak Ohorezko Mailarako kanporaketak jokatzeko moduan izango lirateke. Hernanik 14-23 irabazi zuen partida, baina lehen zatian etxekoak izan ziren nagusi, eta 11-8koarekin joan ziren atseden hartzera. Bigarren zatian, Hernani nagusitu zen, eta garaipena lortu zuen. Gernikak ere behar zituen puntuak lortu zituen Valentzian, 8-29 irabazita, eta jaitsierako postutik ihes egitea lortu du. Sailkapenean, Hernani bigarren dago 24 punturekin; Durango bosgarren 16rekin, eta Gernika seigarren 11 punturekin.
|