GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2007-01-27
Jakintza ikastola, «Wazemank» eta «Aizu!» «Argia»ren aurtengo saridunen artean
Komunikazio arloan euskararen alde egindako lanarengatik Argia sarien XVIII. ekitaldiko irabazleak honakoak dira: Ordiziako Jakintza ikastola ­Internet atalean­, Jojo Bidart ­irratian­, Felix Ibargutxi ­prentsa idatzian­, «Wazemank» umore saioa ­telebista sailean­, Oarsoaldeko Euskara Batzordea ­publizitatean­ eta «Aizu!» aldizkaria ­merezimenduzko saria­. Kike Amonarriz aurkezleak esan zuen moduan, sosik ematen ez duten arren, ez dira «sari sinbolikoak, euskararen munduan oso estimatuak direlako», argudiatu zuenez. Saridunak iritzi berekoak dira, atzoko ekitaldian ezin gusturago jaso baitzituzten.

LASARTE-ORIA

Bazkari oparo baten ostean, Aitor Furundarenaren akordeoiaren doinuekin eta lagunarteko giro epelean eman zituzten atzo Argia sariak. Ohi legez, saritu guztiek Antxon Mendizabalek diseinatutako eskultura bana jaso zuten.

Kike Amonarriz aurkezleak gogorarazi zuenez, euskarazko komunikazioaren munduan meritu handiko lana egin duten pertsona, talde, elkarte eta erakundeei ematen zaizkien sariak dira. Atzo sarien XVIII. ekitaldia izan zen.

Prentsa idatzia ataleko saria Felix Ibargutxi “Diario Vasco” egunkarian lan egiten duen kazetariari eman zioten, duela 40 urtetik hona euskarazko prentsan egindako lanarengatik. «Benetan ilusioa eta poza ematen du honelako sari bat jasotzeak. Hemendik aurrera, eztabaidetan esango dut: ‘Aizu, ni Argia saria irabazitakoa naiz’».

Ibargutxik gogora ekarri zuen bere lehenengo artikulua. «Egungo ‘Argia’ren ahizpa zaharrenean, ‘Zeruko Argian’, izan zen, duela 40 urte. Orduan Nafarroako Unibertsitateko ikaslea nintzen, eta Nafarroan herri handietatik banatu nahi zuten herri txikiei buruzko erreportajea idatzi nuen». Zorrak aipatzen hasita, Txema Larreari diona nabarmendu zuen: «Berari esker ezagutu nuen euskal mundua, eta berak bultzatu ninduen euskarazko kazetaritzara».

Telebista saria “Wazemank” ETB-1ek emititzen duen umore saioak jaso zuen. Bigarren urteko ibilbidea urratzen ari da «zoro taldea», Nagore Aranburu aktoreak esan zuen moduan. Eta arrakastaz gain, «oso ondo» pasatzen dutela esan zuen.

Irrati arloko saria Nafarroa Behereko Irulegiko Irratiko Jojo Bidart esatariari eman zioten. «Ez naiz kazetari handia», esan zuen. «Beraz, saria emango zidaten Iparraldean dauden militanteak saritu nahi zituztelako», argudiatu zuen. Bidartek azken bi hamarkadotan jardun du euskarazko kazetaritzan, eta Iparraldean hori ez dela gutxi iritzi dio “Argia”k.

Publizitate ataleko sariduna aukeratzerakoan zailtasunak izan zituzten, baina ez egitasmo ugari zegoelako aukeran, oso gutxi daudelako baizik. Jakina denez, euskara ez da publizitaterako oso gustuko platera. Dena dela, badira aurten euskararen alde egin duten kanpainak; Oarsoaldeko Euskara Batzordeak euskararen trans- misioa sendotzeko sortutako “Eta, zuk zer?” kanpainak saria merezi duela uste du “Argia”k. «Gurasoentzat bereziki pentsatuta dago. Euskaldunak izanda, euren artean gaztelaniaz hitz egiten duten gurasoentzat, gero umeei euskaraz egiten dieten arren», argitu zuten Oarsoaldeko Euskara Batzordeko ordezkariek. «Batzordean urteak daramatzagu gure ekimenak, eskaintza gizartertatu nahian. Eta ohartu gara gure mezua helarazteko ezintasuna dugula, euskaldunen eremuan ere. Azterketa egin ondoren, produktu bat gizarteratzeko publizitatea beharrezkoa zela jabetu ginen», esan zuen Jose Luis Agirretxe Batzordeko ordezkariak.

IKTeroen gazi-gozoa

Internet saileko saria Ordiziako Jakintza ikastolako IKTeroak irakaslez osatutako taldeari eman zioten, «irakasle talde honek Internekiko duen zaletasuna ikasleengana zabaltzea lortu duelako», saria emateaz arduratu zen “Argia”ko ordezkariak azaldu zuenez.

IKTeroen izenean Maite Gońik, Manu Olanok eta Jokin Lacallek jaso zuten saria. Egitasmoaren sortzaileek onartu zuten sentipen gazi-gozoak dituztela. Alde batetik, 2005etik abiarazi zutenetik hona bide luzea urratu dutelako. «Teknologia berriek duten garrantzia ikusita, irakaskuntza hutsune bat zegoela iruditu zitzaigun», esan zuten. Hartara, bloga sortu zuten «gure sukaldean egosten zen lana» lankideen eta ikasleen artean zabaltzeko asmoz. Zapore gozoa lan horren estimuak eman die. Hala ere, eskolen arteko komunitate handia sortzeko xede hori ez dute lortu. Hortik, beraz, gazi zaporea. Argia saria jaso ostean, ostera, lanean jarraitzeko indarberrituta daudela aitortu zuten.

Azkenik, Merezimenduzko saria banatu zuten eta 25 urte bete dituen “Aizu!” aldizkariak jaso zuen. 1981etik dago kalean AEK-ko argitalpen hori, eta «laurehun pertsona baino gehiagok lan egin dute bertan», adierazi zuen Eńaut Mitxelena “Aizu!”ko ordezkariak. Horiei guztiei baina bereziki euskara ikasleei eskerrak eman zizkien Eńaut Mitxelenak, «gure oinarria direlako».



Euskarazko hedabideen kontsumoa
Komunikazioan euskarak duen presentziari buruz hausnartu zuen Xabier Letona “Argia”ko zuzendariak. Batetik, euskarazko hedabideak teknologia berriei egokitu zaizkie, baina alde iluna ere ikusi dio. «Azken urteotan euskararen jakintzak izan duen hazkundeak ez du euskarazko hedabideen kontsumoan islatu», adierazi zuen. Gakoa, Letonaren iritziz, «euskararen garapen orokorrean» dago. Hori barik, egoera ez da hobetuko. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
El PSOE ha sido y es parte de este caso
Euskal Herria
Milakabilaka reunirá miles de fotos por la solución
Jendartea
Lapurdiko itsasertzeko etxebizitzak Estatuko garestienak Pariskoen ostean
Jendartea
Y la nieve dejó paso al hielo y al frío
Kultura
Jakintza ikastola, «Wazemank» eta «Aizu!» «Argia»ren aurtengo saridunen artean
Euskal Herria
Etxerat apremia a la movilización de las instituciones por De Juana
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss