GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2007-01-27
Lapurdiko itsasertzeko etxebizitzak Estatuko garestienak Pariskoen ostean
Ipar Euskal Herriko etxebizitzaren prezioaren igoera moteldu egin da, baina etengabe garestitzen segitzen du. FNAIMko (Higiezinen Agentzien Federazio Nazionala) zuzendarien aburuz, prezioak merkatuko direla adierazten duen zeinurik ez da ikusten. Etxebizitzak erosteko denbora handitu dela eta hipotekak urte gehiagotarako hartzen direla adierazi zuten FNAIMko arduradunek. 30 urtera egindako kredituak asko zabaldu direla jakinarazi zuen Federazioak.

ANGELU

Parisen atzetik, Arcachon-en eta Biarrizko eskualdean daude etxebizitzak garestien Estatu frantsesean. Lapurdiko kostaldea hain ezaguna den Mediterraneoko Kosta Urdina baino garestiagoa da. Hiriz hiri begiratuta, Donibane Lohizunek ditu, batez beste, preziorik garestienak, eta ondoren Biarritzek. 2006. urtean, Biarrizko pisu bateko metro koadroa 4.008 euroan ordaindu zuten, eta 2000. urtean, berriz, 1.910 euroan. Etxe bateko metro koadroa 3.266 euroan ordaindu zuten iaz kostaldeko hirian, eta 2000. urtean, 1.663 euroan.

2000. urtetik joan den urtera arte etxebizitzak asko garestitu baziren ere, gutxi egin dira azkeneko urtean. Apartamentuen prezioari dagokionez, Biarritzen %13,2 igo ziren 2000tik 2006. urtera, eta garai berean, Baionan %15,6 garestitu ziren. Izan ere, Lapurdiko hiriburuan joan den urtean ere igoera handia izan zuten: %6,7. Biarritzen, berriz, %3,5. Pisuen aldean, etxeetako prezioek gutxiago egin dute gora, joan den urtean Biarritzen %0,5 bakarrik garestitu ziren.

Barnealdean kostaldeko aldaketek askoz gehiago eragiten dutela nabarmendu zuen Higiezinen Agentzien Federazioak. Itsasertzetik hurbil dauden barneko herriak garrantzitsuak direla agerian gelditu zen; batez ere, Euskal Herriko jendearentzat. Hortik dator herriko etxeek bertako gazteentzat sortu egitasmoen garrantzia. Ipar Euskal Herriko FNAIMko zuzendari berriak adierazi zuen diru askorik ez duen jendeari 70eko hamarkadan egin etxeak erostea komeni zaiola, mantentze-tasak txikiagoak baitira azkeneko urteetan egindakoena baino.

Ipar Euskal Herrian 126 saltoki ditu FNAIMk, eta bertako zuzendaritzako kideek atzo Angelun eman prentsaurrekoan adierazi zuten merkatuan prezioak garestitzearekin batera doazen aldaketa batzuk nabari daitezkeela. Hasteko, etxebizitza erosteko, jendeak gehiago pentsatzen duela eta horrek erosteko denbora luzatzen duela. Lehenago, bi hilabete inguruan egiten ziren salerosketak egiteko hilabete bat gehiago behar izaten da orain. Bestalde, hipoteka luzatu egiten da; gero eta gazte gehiagok hartzen dute 30 urterako kreditua. Horrek duela bost urte eskura ezin zitezkeen etxeak erosten direla esan nahi omen du.



Hendaia, etxe hutsei tasa ezartzen dien lehen hiria

HENDAIA

Hendaiako auzapez Kotte Ezenarrok hirian hutsik dauden 400 bat etxeri tasa bat ezartzea erabaki du. 1999an, kostaldeko hiriko etxebizitzen %5 baino gehiago zeuden hutsik. Hori ikusita, udalbaltzak, aho betez, ENL (Etxebizitzaren aldeko Engaiamendu Nazionala) legeak herriko etxeen esku uzten duen aukera profitatzea onartu zuen, eta bost urte baino gehiago hutsik daramatzaten etxeei tasa bat ezartzen dien Ipar Euskal Herriko lehen hiria izango da. Tasa hori indarrean sartzeak, hala ere, salbuespen asko ditu, eta horrek azkenean ezarpena aski lekukotasunezkoa egingo duela nabarmendu zuen Ezenarrok. Besteren artean, jabearen nahia ez den kanpoko arrazoi batengatik badago hutsik etxea, tasa ezingo da ezarri, ezta etxebizitzak oinordekoen artean arazoak sortzen baditu ere.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
El PSOE ha sido y es parte de este caso
Euskal Herria
Milakabilaka reunirá miles de fotos por la solución
Jendartea
Lapurdiko itsasertzeko etxebizitzak Estatuko garestienak Pariskoen ostean
Jendartea
Y la nieve dejó paso al hielo y al frío
Kultura
Jakintza ikastola, «Wazemank» eta «Aizu!» «Argia»ren aurtengo saridunen artean
Euskal Herria
Etxerat apremia a la movilización de las instituciones por De Juana
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss