Jose Ramon Etxebarria - Fisika irakaslea
«Corruptio optimi, pessima»
Epaile espainiarrek jakin behar lukete euskal herritar arruntok zer iritzi dugun beren lanari buruz; adierazpen-askatasunaren erabilera onartuz gero, noski; zeren, teorian baino ez bada ere, herritarren izenean administratzen baitute justizia. Horregatik, azken boladan ikusitakoak ikusita, uste dut garaia dela geure iritzia boz gora ager dezagun, herritarrok hitz egin dezagun, eta gure haserrea eta egonezina publikoki erakuts ditzagun, asko eta asko nazkatuta baikaude gure izenean ari omen diren epaileek egiten dituzten astakeriak direla eta. Beraz, herritarra naizen aldetik, neure iritzia agertuko diet artikulu honen bidez, laburki bada ere. Ez dezatela pentsa nire izenean erabakitzen dutenik, eta beren erabakiak ontzat hartzen ditudanik; hori ez, behintzat!
Bi aldiz egin dit gainezka amorruak astebetean, bietan epaile batzuen erruz: batetik, gazteen aurka Espainiako Epaitegi Gorenean prestaturiko sententziaren berri izan dudanean, eta bestetik, Iñaki de Juanaren aurkako epaia entzun dudanean. Behar da azala, gero, produktu ustel horiek justiziaren emaitzatzat aurkezteko, eta horren arabera «jurisprudentzia» ezartzeko. Inoren «prudentzia»ren adierazle ote da gasolinaren inguruan suarekin jolasten ibiltzea?
Arazoa urrunetik dator, ordea. «Zuzenbide-estatua» omen da halabeharrez bizitzeko tokatu zaiguna. Eta hitz horrekin ahoa betetzen zaie demokrata esklusibo guztiei. Ze, dirudienez, hemen dagoena salbuespenezko legeetan oinarrituriko zuzenbidea dela ikusteak ez die axolarik, «akatatu» baizik ez baitute egiten. Baina zer zuzenbide-estatu izan daiteke, etengabeko salbuespenean dabilena? Ez ote da hori contradictio in terminis? Zer motatako zuzenbide-estatua da, apartheid egoera legalki ezartzen duena, milaka eta milaka herritar eskubide zibil eta politikorik gabe dauzkana, oinarrizko eskubideak, askatasun publikoak, pluralismo politikoa eta askatasun ideologikoa errespetatzen ez dituena, tortura erruz erabili eta torturatzaileak babesten dituena, mendekuan oinarrituriko politika ezartzen duena, adierazpen-askatasunik onartzen ez duena, alderdi politikoak nahierara ilegalizatzen dituenaŠ eta epaile inpartzialak ez dauzkana? Hori al da zuzenbide-estatua?
Zer zuzenbide-estatu eta zer kristo? Lege guztiak disidentzia oro deuseztatzeko bideratuta dauzkan estatua, etsaiaren zuzenbidea antolatzen ari den estatua, gerra-zuzenbidea kode penal arrunt bihurtu duen estatuaŠ Nola dei dakioke holako bati zuzenbide-estatu? Sinbolo frankista-faxistak iraunarazten dituen estatua zuzenbide-estatua ote da? Onartuko ote litzateke gaur egungo Alemanian Hitlerren ohorezko kalerik egotea? Hemen, ordea, normala da. Francorena ere zuzenbide-estatua ote zen?Š Hainbat eta hainbat galdera egin daitezke, bizi garen estatuan erantzun egokirik ez dutenak.
Ostera, kontua da, zuzenbide-estatu bitxi horren defentsarako argudio nagusia bertan hauteskundeak eta epaileak daudela esatea dela. Baina azter ditzagun laburki bi oinarri horiek. Sendoak ote dira? Ahantzirik al dugu hauteskundeak itxita daudela herritar askorentzat? Orduan, non da demokrazia famatu hori, demokrata autoizendatu guztien ahoan dabilena? Eta zer esan epaileei buruz, zorioneko epaileei buruz? Konturatu garenean, adibidez, GAL taldea terrorista ez zela erabaki zuen epaitegiak orain Segi talde terrorista dela erabaki duela, zer pentsatu behar dugu? Orain Gobernuan dagoen alderdi politiko berberaren garaian sortutako ez dut esango nork sortua izan zen GAL talde armatua (armak zituen, ezta?), hainbat hilketaren egile aitortua izan zena, erailtzeko asmoz talde modura ondo organizaturik zegoena talde terrorista ez zela erabaki zuen epaitegi berekoak izanik, orain, inolako arrazoirik gabe, euskal gazte independentistak talde terrorista osatzen dutela erabaki dutenek zilegitasunik eduki nahi al dute? Pentsatzen ez dugun inozoak garela uste ote dute? Nola sinets dezakegu «inpartzialak» direla, «independenteak» direla?
Benetan epaile horiek zilegitasunik onar diezaiegun nahi ote dute, guretzat legitimotasunik dutela aitor dezagun nahi dute? Tenteltzat al gauzkate? Utikan! Herritarrak garen aldetik ezin diegu inolako zilegitasunik eman era horretan jokatzen duten epaileei, ezta pentsatu ere. Oso alderantziz, jokamolde horrek honako erantzun logiko hau du, besterik ez: adierazpen-askatasunik badago, aldarrika dezagun epaile espainiar horiek zilegitasunik ez dutela; eta hori aldarrikatzeko adierazpen-askatasunik ez badago, non dago horien zilegitasuna? Ez, erremediorik ez dute.
Nor dira epaile espainiarrak euskal independentismoa epaitzeko? Nor dira euskaldunon sentimenduak epaitzeko? Euskaldun independentista naizen aldetik, argi esango diet: ez dira inor. Ez! Ez dira inor, euskaldunon hitza eta erabakia errespetatzen ez dituzten bitartean. Ez dira inor eta ez dute inolako zilegitasunik gure eskubideak, pertsonalak eta kolektiboak, onartzen ez dituzten neurrian.
Zeren, epaileek jakin behar lukete, herritar askoren ustez, botere handiko zenbait epaile ez denak, noski prebarikadoreak direla; edo hitz arruntagoaz baina ez garrantzi txikiagokoaz esateko, injustuak direla. Argudia dezakete hori herritar batzuen ustea baino ez dela, nirea kasu, baina epaileek jakin behar dute herritar askok Euskal Herrian ezin konta ahala herritarrek, gehienek agian horrelaxe pentsatzen dugula. Eta epaileek jakin behar lukete, orobat, herritar asko nazkatuta gaudela justiziaren administrazioa ideien askatasunaren aurka erabiltzen dela sentiturik.
Zinez eta bereziki, epaile gorenek jakin behar lukete, antzina esan zuela idazle klasikoak esaldi famatu hau: «corruptio optimi, pessima». Ondo esanda, gainera, zeren ezin hobeto aplika baitaiteke jurisprudentzia injustua ezartzen den kasuan, horrelakoetan sistema judizial osoari eransten baitzaio usteldura goitik beherako noranzkoan.
Halaber jakin behar lukete literaturako klasikoa den Lucanor kondearen alegia hura, erregea biluzik zebilela kontatzen zuena. Ze, epaile gorenek jakin dezaten, nik neuk eta herritar askok eta askok biluzik ikusten dugu erregea, erabat biluzik, handi-mandiak aho beterik oihukatzen ari diren arren urrezko jantzi dotorea duela, esan nahi baita, demokraziarena. Guk urrerik ez dakusagu, argi eta garbi, epaile batzuen ustelkeria ikusten dugun bezain argi. -
|