- ACB Liga
Lan zaila dauka Lagun Arok Malagako Unicajaren aurka
·Kopako sarreren salmentan arazo ugari sortu dira eskaria dela-eta
BILBO
Ligako azkenengo lau partidak jarraian galdu eta gero, lan zailak egokitu zaizkio Lagun Aro Bilbao Basketi. Izan ere, La Casillan 20.30etik aurrera egungo ligako txapeldun Malagako Unicaja izango baita Vidorretaren mutilen arerioa.Bizkaitarrek sei garaipen dauzkate eta oraindik astia sobera dute azken postuan berdinduta dauden Grupo Capitol Valladolid eta Vive Menorcarengandik ihes egiteko. Azken jardunaldiaren ostean Bruesa GBCren atzetik kokatu dira sailkapenean. Aurkaria ere ez da nolanahikoa, nahiz eta oso irregularra den bere ibilia. Astean zehar eginiko adierazpenetan, Fred Weis pibot frantsesak «oso garrantzitsutzat» jo zuen Unicajaren aurkako neurketa. «Urduri ez gaudela esatea gezurra litzateke. Lau partida galtzea ez zaigu gustatu, baina asko falta da oraindik».
Baloi galtzeak Aldiz, Txus Vidorreta baloi galtze kopurua murrizteaz arduratu da. «Unicajari irabazteko ongi jokatu beharko dugu, etxean izan ohi ditugun ehunekoak mantenduz. Bestalde, ezin ditugu partidako 20 baloi galdu. Hori porrot segurua da guretzat», aipatu du Indautxukoak asteon.
Bestalde, Kopako sarreren salmentak, masticket.com webgunearen esku dagoenak, arazoak ditu. 50.000 eskari jaso eta gero, zerbitzariak pot egin du, eta makina bat zaleren haserrea piztu. Hala, ACBk gertatutakoaren berri argitzeko txostena eskatu die webguneari eta Martin Carpenako arduradunei. Sarrerak eskuratzeko hurrengo data ahalik eta lasterren emango duela ere esan du ACBk.
|