Aviron Baionakoa berriro ere azkeneko postuan da
·Galtzeaz gain, Montpellier-ek puntu gehigarria ere egin zion
MONTPELLIER 39
AVIRON 17
BAIONA
Aviron berriro ere sailkapeneko azkeneko postuan da, atzo aurkari zuen baten aurka galdu baitzuen. Atzoko partidaren aurretik, Montpellier zen azkeneko postuan, baina orain Aviron da. Galtzeaz gainera, etxeko taldeak puntu gehigarria egin zuen, eta zuri-urdinek ez dute erraza izango orain mailari eustea.Partida ez zen gaizki hasi zuri-urdinentzat, lehen minutuetan aurretik jarri baitziren transformatutako entsegu bati esker. Horrek itxaropen handia eman zien baionarrei, baina gauzak ez ziren nahi bezala joan, eta etxekoek erreakzionatu egin zuten. Lehen zatia estua izan zen, baina atsedenera joan aurretik etxeko taldeak partidari buelta eman zion, eta 15-10 aurretik joan ziren atseden hartzera. Partidaren gakoa bigarren zatiko lehen minutuetan izan zen, etxekoek bi entsegu egin baitzituzten hiru minutuan, eta hortxe ikusi zen puntuak nora joango ziren; horrela izan zen. Avironentzat kolpe handia izan zen, eta hori gainditzerik ez zuen lortu. Amaieran, porrota; baina hori bakarrik ez, etxekoek bost entsegu egin baitzituzten, eta horrekin batera puntu gehigarria ere lortu zuten. Aviron berriro ere azkeneko postura bidali zuten. Stade Française menderatuta zetorren Aviron, baina atzoko porrotak berriro ere lurrean jarri du.
|