- Urrezko Aizkora
Nazabalek eta Lopezek aise irabazi dute
DONOSTIA
Floren Nazabalek eta Juanjo Lopezek aise irabazi zuten Urrezko Aizkorako B multzoko lehen eta azkeneko saioa. Aurrez aurre Txapartegi eta Peñagarikano izan zituzten. Hasieran, Olasagasti zen izatekoa, baina Igeldokoa min hartuta dago, eta haren ordez aritu zen Txapartegi.
45 ontzakoa kolpeka moztuz abiatu ziren, eta Nafarroako bikoak 32 kolpetan erdibitu zuen enborra; eta gipuzkoarrek, berriz, bost gehiago behar izan zituzten.
Jarraian bi 45 ontzako moztu behar izan zituzten, eta berriro ere Nazabal eta Lopez nagusitu ziren. 1.21 izan zen haien denbora, eta 1.30 izan zen Peñagarikanoren eta Txapartegiren denbora.
Hirugarren lana bi metro bueltan dituen enborra zutik moztea zen, eta oraingoan ere Nafarroako bikoa gailendu zen. 3.54 izan zen haien denbora, eta 4.44, aurkariena. Laugarren lana oinbikoa txanda librean moztea zen, eta Nazabal eta Lopez oraingoan ere Gipuzkoako bikoari gailendu zitzaizkion. 2.37 izan zen irabazleen denbora, eta 2.46 izan zen galtzaileena. Bosgarren lanean, berriz, aizkolariek kana-erdiko bat zutik eta bestea etzanda moztu behar izan zuten, eta faboritoek 4.12n amaitu zituzten lanak; aurkariek zortzi segundo gehiago behar izan zituzten.
Azkeneko lanean, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituzten, eta Nazabalek eta Lopezek 10 minutu eta 43 segundoan burutu zituzten lanak. Peñagarikanok eta Txapartegik, berriz, 10 minutu eta 55 segundo behar izan zituzten.
Atzoko irabazleak Mugertzaren eta Arrospideren aurka neurtuko dira, eta galtzaileak, Barberena-Larretxearen aurka.
|