Bi sindikalista epaituko dituzte Poliziari oldartu izanagatik
Poliziaren aurka «bortizki oldartzeagatik» epaituko dituzte CGTko eta LABeko bi sindikalista, asteartean, Baionako Auzitegian. LABek adierazi duenez, erretiroen erreformaren kontrako manifestazio baten ostean Poliziak biak jipoitu zituen arren, haiei leporatu zieten erresistentzia egitea. Langileak «beldurtzeko» saioa dela salatu du LABek.
BAIONA
Baionako Auzitegiak bi sindikalista epaituko ditu asteartean Polizaren kontra «bortizki oldartzeagatik», bata LABekoa eta bestea CGTkoa. Leporatzen dizkioten gertaerak 2003ko ekainaren 12an jazo ziren, erretiroen erreformaren aurka egindako azken manifestazioan. LAB sindikatuak adierazi duenez, manifestazioa MEDEF ugazaben sindikatuen egoitzaren aitzinean amaitu zen, hots, Merkataritza eta Industria Ganberako eraikinaren aitzinean. Bertan, «Medef ustela» zioen margoketa agertu zela-eta, LABeko sindikalista geratu zuen Poliziak pixka bat urrunago eta jasan zituen kolpeen ondorioz, 10 eguneko baja hartu behar izan zuen. Beste sindikalista ingurutik pasatzerakoan lurrera bota zuten eta konortea galduta, ospitalera eraman behar izan zuten. Bi langileek salaketa jarri zuten arren, Poliziak beste bat aurkeztu zuen beren kontra erresistentzia bortitza leporatuta. Horregatik epaituko dituzte orain eta baliteke sei hilabeteko espetxe-zigorra eta 7.500 euroko isuna jasotzea bakoitzak. Ekintza sindikala «kriminalizatzea» bilatzen dutela adierazi eta jokaera hori gogor salatu du LABek. Sindikatu abertzalearen esanetan, esparru publikoan zein pribatuan sindikalgintzaren kontra gero eta eraso gehiago ari dira gertatzen, guztiak helburu bakarrarekin, «sindikalismo borrokatzailearen presentzia ezabatzea». LABen ustez, «dauden arazoen muinera jo beharrean, Gobernuan dagoen eskuinak eta patronalak gatazkak pertsonalizatzea» bilatzen dute eta, «gertaera desitxuratuen edo delitu asmatuen» aitzakiarekin, sindikalistak «gaizkile hutsak balira bezala eramaten dituzte epaitegira».
Langileak beldurtu
Jokaera horren helburua «langileria beldurtzea eta menderatzea» dela nabarmendu du LABek, eta dei egin du, asteartean, urtarrilak 30, arratsaldeko 14.00etatik goiti, Baionako epaitegira joateko Xano Fourcaderi eta Mikel Lapeyreri elkartasuna adieraztera.
|