«Franz + Polina» lanari eman diote Urrezko Fipa
·Jaialdia atzo amaitu zen sari banaketa eginda; gaur sarituen filmak ikusgai dira
Ugariak izan ziren atzo gauean eman zituzten sariak. Urtero bezala, gaualdia zortziak aldera Biarrizko Gare du Midi aretoan hasi zen, eta bertan banan-banan sari guztiak eman zituzten. Fikzio eta serieen sailetan Urrezko eta Zilarrezko Fipa sari nagusiak Errusiako programek eraman zituzten.
BIARRITZ
Aste hasieran aurtengo jaialdia abiatu aurretik, Errusiatik zetozen programak goraipatu zituzten antolatzaileek. Eta, atzo gaueko sari banaketan, fikzio eta serieetako epaimahaiek antolatzaileekin bat egin zutela agertu zen.Fikzioen artean, jaialdiko Urrezko Fipa sari nagusia Mikhaïl Segal zinemagileari eman zioten, “Franz + Polina” izeneko lanagatik. Amodiozko istorio bat aipatzen du, eta filma 1943. urtean girotzen da Bielorrusian, gatazka giroan. Epaimahaiak fikzioaren edertasuna goraipatu zuen sari banaketaren atzoko ekitaldian. Zilarrezko saria, berriz, Alemaniako Züli Aladag zinemagilearen “Wut” filmak irabazi zuen. Emakumezko aktore onenarena, berriz, Susan Lynchi eman zioten; “Soundproof” filmean lan egiten du. Gizonezkoarena “Longfort” filmeko Jim Broadbent aktoreak eraman zuen. Biarrizko jaialdiko serieen bigarren sekzio nagusian ere Errusiako programak izan ziren nagusiki sarituak. Urrezko Fipa Gleb Panfilov zinemagilearen “V kruge pervom” izeneko serieak eskuratu zuen; zilarrezko saria, berriz, Vladimir Bortkoren “Master i Margarita”k. Dokumentalen sailean, Urrezko Fipa Kanputxeako prostituzioa aipatzen duen Rithy Panh zinemagile frantsesaren filmak irabazi zuen, “Le papier ne peut pas envelopper la braise” lanak. Zilarrezkoa Portugalgo Salazarren diktadurari buruzko“Cartas a uma Ditadura” Ines de Medeirosen filmari eman zioten. Atzo gauean sari guztiak banan-banan azalduz joan ziren, eta sarituek agertokira igotzeko aukera ukan zuten garaikurra eskuratzearekin batera eskerrak emateko.
Erreportajeak Erreportaje handien sailean saritu nagusiak Stephane Marchetti eta Alexis Monchovet kazetari frantsesak izan ziren, “Rafah, chronique d’une ville dans la bande de Gaza” Palestinako gatazka aipatzen duen erreportajeari esker. Zilarrezko Fipa Greziako Yorgos Avgerospoulos kazetariak eskuratu zuen Nigeriako Deltan girotu duen “Delta, Oil’s dirty business” izenburuko erreportajearengatik.
Musikaren eta ikusgarrien atalean, berriz, Alemaniako programak izan ziren nagusi. Urrezko Fipa “Knowledge is the beginning” Paul Smaczny-ren lanak eskuratu zuen eta zilarrezkoa, berriz, Günter Atteln zinemagilearen “Seelenlandschaften” filmari eman zioten.Film laburretan, Urrezko Fipa Austriako Christoph Reiner zinemagile gazteak eraman zuen “Drake” filmari esker, eta Zilarrezkoa, Senegaletik etorritako Dyana Gaye-k “Dewenti” lanagatik. Itxiera gaualdia Gare du Midi aretoan egin zuten,eta, sari banaketa burutu ondoren, filma proiektatu zuten. Bezperan, aurretik aukeraturiko itxierako filma ematea debekatu zieten; hori dela-eta, horren truk antolatzaileek lehiaketan zegoen “Raffaele Mastroianni, profession: voleur” erreportajea proiektatu zuten, datorren urtera arte agur esan ondoren.
Sari gehigarriak urtero ematen dituzte
A.B.
BIARRITZ Lehiaketan diren sari nagusietatik kanpo, urtero zenbait sari gehigarri izaten dira eta horietariko bat da Mitriani izenekoa. Frantses sorkuntza onenari ematen diote urtero, eta aurtengo epaimahaiak Stephane Marchetti eta Alexis Monchovet kazetariak berriz saritzea erabaki zuen jaialdian aurkeztutako “Rafah, chronique d’une ville dans la bande de Gaza” izeneko erreportajearengatik. Modu berezian aipatu zuten, gainera, lehiaketan ez zegoen Joseph Beauregard zinemagilearen “Les avocats du salopar” programa. Europako herrialdeetako gazteak biltzen dituen epaimahai berezia dago Fipa jaialdian. Eta, beste epaile guztiek bezala, lehiaketan zeuden programei buruzko iritzia emateko aukera izan zuen. Erreportaje handien saila saritzea erabaki zuten “Rafah, chronique d’une ville dans la bande de Gaza” izenburuko filmagatik. Sari hori atzo eguerdian eman zuten Biarrizko Bellevue aretoan.
|