GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2007-01-28
Unibertsitatea sortzeko bertze urrats bat egin du Nazio Eztabaida Guneak
Nazio Eztabaida Guneak behar akademikoen inguruan egin duen azterketaren emaitzak ezagutarazi zituen atzo Andoainen. Horien arabera, oraingo unibertsitateek ez dituzte Euskal Herriaren hezkuntza eta ikerketa premiak asetzen, eta Euskal Unibertsitatearen diseinua osatu eta gauzatzen hasteko unea da, ezinbertzekoa bezain egingarria baita. «Egitasmoa bideragarria da ekonomikoki, ikasleek ondo hartu dute eta irakasle prestatu ugari dago», ziurtatu zuten.

ANDOAIN

«Euskaldunok ahalegin eta erantzukizun bikoitza dugu, normaltasuna eraiki eta horren arabera bizi behar baitugu, Estatu frantsesaren eta espainolaren eragina saihestu nahian beti». Baieztapen hori eginda hasi zuen Jagoba Zulueta Euskal Unibertsitatearen sustatzaileak atzoko jardunaldia. Hutsune handi eta estrategikoak betetzeko indarrak bildu eta hamaika urrats egin behar dela ohartarazi ondotik, etorkizuna definitzeke duen Euskal Herriarentzat unibertsitateak duen garrantzia nabarmendu zuen. Hortaz, Euskal Unibertsitatea denen artean sortu behar dela erran zuen, ardura sektore bakarrarena izan ez dadin.

Uste berekoa da Xabier Isasi UEUko kidea ere: «Unibertsitatea ezinbestekoa da gure nazioa garatzeko eta euskara bizitzeko, goi mailako hiztunak prestatzeko lekua delako eta oraingo unibertsitateetan gabezia handiak daudelako euskarari dagokionez. Gainera, mundializazioaren eragina dela-eta, gero eta garrantzi handiagoa du instituzio orokor horrek, gizartea aldatzeko, ekonomiarako eta kulturarako», adierazi zuen.

Isasik oroitarazi zuenez, 1918 eta 1923 artean hasi zen Euskal Unibertsitatearen aldarrikapena gorpuzten, Euskaltzaindiak ekimen bereziak bultzatu zituenean. Geroago Euskal Herriko Unibertsitatea sortu zuten eta eztabaidak izan ziren izena dela-eta. Pello Salaburu errektore ohia, erraterako, kontra azaldu zen, izenak nazio osoari erreferentzia egiten diolako eta erakundea ez delako nazionala. Udako Euskal Unibertsitateak oinarri berriak ekarri zituen eta euskara berreskuratu zuen, 1973an ikastaroak antolatzeari ekin zionean.

Ipar Euskal Herriko eredua «zentralistagoa» dela ohartarazi zuen Isasik, eta titulu asko eskaini arren, hutsune nabarmenak dituela erran zuen.

Dena dela, aurrerapausoak izan dira aldarrikapena egitasmo egingarri bihurtzeko bidean. Udako Euskal Unibertsitateak 2003an egin zuen II. Kongresua mugarritzat jotzen du Xabier Arregi sustatzaileak, konpromiso berrituak hitzartu baitzituzten eta Euskal Unibertsitatea kontzeptua argi definitu baitzuten. «Etorkizuneko helburu gisa noizbait sortuko den unibertsitate fisikoa da, hau da, izaera juridikoa eta entitate fisikoa duen erakundea da», idatzi zuten. Gainera, egitasmorako zuzendariordea izendatu eta Sustapen Batzordea martxan paratu zuten.

Zabala eta aurrerakoia

Lehenbiziko aurreproiektuan instituzioak izanen lituzkeen ezaugarriak zehaztu zituzten: zabala, osoa, aurrerakoia eta berritzailea izanen litzateke, eta irakaskuntza eta ikerketa hartuko lituzke barrenean. Behin-behineko titulu eskaintza ere proposatu zuen Arregik Nazio Eztabaida Gunearen jardunaldian: Enpresa Zientziak, Ekonomia eta Zuzenbidea, Hiri ekologia, Etnologia eta Antropologia, Ikus-entzunezko komunikazioa, Fisioterapia, Hizkuntza zientzia aplikatuak eta Arkitektura dira oraingoz aukeratuta dituzten gradukoak.

Baina, ba al da nahiko ikasle gisa horretako proiektu bat gauzatzeko? Nazio Eztabaida Gunekoek egindako azterketaren arabera, urteko 41.000-58.000 euskaldun izaten da unibertsitatean jarduteko prest; ikasle berriak, berriz, 6.000-8.000 izan ohi dira. Hori ez da baikor izateko arrazoi bakarra, ordea, egitasmoa bideragarria baita ekonomikoki, oraingo ikasleek hagitz ongi hartu baitute eta irakasle kualifikatu ugari baitago lan egiteko gertu. Beraz, diseinua osatu eta gauzatzen hasteko garaia dela nabarmendu zuen Arregik, unibertsitatean, euskalgintzan, naziogintzan eta herri mugimenduetan dabiltzanak inplikatu eta elkar hartuta.

Aitor Bengoetxea Euskal Unibertsitateko Sustapen batzordeko kideak, azkenik, aukera juridikoen berri eman zuen. Bide ugari aztertu ondotik, behin-behineko hautua egin dute: «EAEn gizarte ekimeneko eta izaera juridiko pribatuko unibertsitatea sortzea da egingarriena. Euskalgintzan diharduen jendea eta eragile politiko eta ekonomikoak izango dira sustatzaileak, eta diru laguntzak lortzeko gakoa interes publikoa erakustea izango da».



«Garrantzitsua da behar objektiboak subjektibo bihurtzea»
M. I.

ANDOAIN

Nazio Garapenerako Biltzarrak Euskal Herriaren hezkuntza eta ikerketa beharrak zehaztu ditu hainbat eragileri iritzia eskatuta. Euskara, hezkuntza, sexu parekidetasuna, lehenengo sektorea, ingurumena, migrazioak, lan harremanak, gazteria eta kirola dira aztertu dituzten esparruak. Atzo ere, Andoainen egin zuten jardunaldian, ekarpenak jasotzen aritu ziren.

Goierriko gizon batek, adibidez, zera proposatu zien: unibertsitatea etxegintza eta pabiloigintza basatia kontrolatzeko baliatzea. Bertze bizilagun batek oro har Hego Euskal Herriko ikuspegia gailentzen dela ohartarazi zuen. «Lehenengo sektorea krisian dagoela erraten da, baina Ipar Euskal Herriko toki askotan osasun ona du», adierazi eta honako galdera utzi zuen airean: «Unibertsitatea Euskal Autonomia Erkidegoan garatuz gero, Iparraldekook atzerritartzat hartuko gintuzkete?».

Orduan, gazte batek legedia europarrak uzten dituen zirrikituen berri eman zuen. «Atzerriko enpresa izanez gero, edozein tokitan jar daiteke unibertsitatea», erran zuen. Bertze batek, aldiz, behar objektiboak subjektibo bihurtzeari eta ekimena gizarteratzeari eman zion garrantzia: «Euskal Unibertsitatearen beharra erreala dela erakutsi behar dugu».

Bertze herritar batek mugarriak ongi zehaztu behar direla adierazi zuen. Argi jakin behar da haren ustez zer, nola eta zer bitartekorekin egin. Edukiak eta moduak izanen lirateke gizon horrentzat Euskal Unibertsitatearen berezitasunak, eduki malguak eta zabalak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
GARA refuerza su proyecto comunicativo
Jendartea
Unibertsitatea sortzeko bertze urrats bat egin du Nazio Eztabaida Guneak
Euskal Herria
Fallece la madre de Iñaki de Juana, que llevaba año y medio sin poder visitarle
Mundua
Los territorios ocupados palestinos siguen desangrándose en choques fraticidas
Kultura
Magia eta akrobaziak hitzaren alanbrean
Kultura
«Franz + Polina» lanari eman diote Urrezko Fipa
Euskal Herria
La propuesta de Uztaritze plantea una autonomía de base nacional
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss