GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2007-01-28
Amagoia MUJIKA
Magia eta akrobaziak hitzaren alanbrean
atzoko bertso egunaren aje gozoan zaila da magian ez sinestea. magikoaizan zen arratsaldea; «mundiala»,iragarria zuten bezala. bertso etaakrobazia ederrak ikusi ziren, hitzarenalanbre gaineko txiribueltak.

Hau mundiala izango da», aurkeztu zuen saioa Ander Lipusek. Eta mundiala izan zen; zirku mundiala, bertso saio mundiala, arratsalde mundiala. Bidaia kilikagarria, akrobazien erakustaldia, alanbre gaineko bertsoak... aginduak zituzten. Esana zuten «aho zabalik» utziko zituztela entzuleak. Emandako hitza bete zuten.

Kursaaleko hitzordu handia, Bertso Egunekoa, 18.00etan zegoen jarria, eta ordubete lehenago ikustekoa zen kanpoaldean osatutako ilara, kasik Kursaalen luzera guztia hartzen zuena. Egiten zuen hotza kontuan hartuta, ondo nabarmentzea merezi duen datua da. SustraiColina eta Anjel Mari Peñagarikano bertsotan saiatu ziren giroa epeltzen, baina ez zegoen erraza, nahiz eta haiek ondo jardun berean. Behin ateak ireki zituztenean, barruko epelean itxarotea hobe. Eta ez zen asko itxaron beharrik izan, ondo puntual altxatu baitzen atze-oihala. Orduan hasi zen ikuskizuna.

Jon Maia «gizon garaia», Maialen Lujanbio «hitzaren kontortsionista», Andoni Egaña «ilusionista», «ur azpian ere bertsotan egin dezakeen» Amets Arzallus, «Villabonakoa izanagatik santa ez den» Amaia Agirre eta Sebastian Lizaso «erraldoi ahaltsua» agertu ziren Donostiako kuboko plaza biribilera. Jendartean zeuden, berriz, Xabier Silveira eta Xabier Paya «bufoiak». Zirkuko aurkezle, batzuetan pailazoago besteetan filosofoago, Ander Lipus aktorea aritu zen.

Taula gainean, aspaldian behea jotako eta noizbait mundiala izandako zirku baten arrastoak ikus zitezkeen. Ez zen gehiago behar izan kolorez, ilusioz eta magiaz betetako arratsaldea josteko. Bertsolariak artista handiak dira, berriz ere erakutsi zutenez.

Jon Maia eta Maialen Lujanbio hasi ziren ikuskizunarekin. Maia, bakearen ahotik kantatzen, eta Lujanbio, bakea desorekatu nahi duten indarren ahotik. Maialenek usoarekin parekatu zuen Maia une batean, eta poliki jardun zuten. «Usoaren konparazioa ez duzu alperrik aipa/ zeru gainetik hainbat urtetan pasa izan naiz jarraika/ eta azpian gora tiroka eduki ohi det hamaika/ lur honetan ezin naiz gelditu pasoko txoria naiz ta», kantatu zuen Maiak. Eta erantzun Maialenek: «Ta euskaldunek zu geratzea nahi izandu dute beti/ hegoak hegoaldean eta hankak iparren izaki/ pakea egin dute bi zati, hiru, lau, bost, mila zati/ burua hemen behar luke baina burua nun dun ez daki».

Latigo bat eskuan hartuta deitu zituen Lipusek altxatzera Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso, eta aspaldiko laguna inoiz domatzeko tentaziorik izan ote duten galdetu zien. Lizaso adiskidetasunaren errespetuaz hasi zen, baina azkar eraman zuen Egañak beste terreno batera: «Probatu degu saio osteko parrandatxoen gozoa/ probatu degu arratsalde bat luzea eta zozoa/ ta konpartitu noizbait ohea, autoa eta basoa/ gauza bakarra ez deu probatu harreman sadomasoa». Hortik aurrera, «larru beltzeko tanga», latigoa eta aurpegian antifaza jarri zizkion Egañak lagunari, eta umore biziko tartea osatu zuten.

Kolore guztietako egoerak sufritu eta gozatu zituzten atzo bertsolariek, eta denek asmatu zuten batzuetatik eta besteetatik eroso eta dotore ateratzen. Eta, noski, bertso ederrak josi zituzten. Gainera, berek ere entzuleak adina gozatu zutela zirudien. Lipusen proposamen ausart eta bikainekin entzuleren bat deseroso sentituko zen igoal, bertsolaria trantze horretatik nola aterako zen pentsatuz. Bertsolariak sufritzen duenean entzuleak ere sufritu egiten du. Baina ez zen sufritzeko moduko trantzerik izan, dena izan zen gozatzekoa.

Taula gainean zeudenez gain, Xabier Paya eta Xabier Silveira ere aritu ziren, jendartetik horiek. Parean zuten «zirkua» eta bertako «pailazoak» zirikatzen jardun zuten, eta horretan, zirikatzen alegia, iaioak direla erakutsi zuten berriz ere.

Eta aurrera jarraitu zuen ikuskizunak; ondo jarraitu, gainera. Andoni Egaña panpina sabeliztun baten paperean jarri zuen ondoren Ander Lipusek. Egoera bitxia zen: Egaña aulki txiki batean eserita eta Lipus atzealdean bere sabeliztunaren besoa eutsi eta mugitzen. Zarauztarrak umorerik ez zaiola falta erakutsi zuen. «Ile gabe zabiltza joan dan aspaldian», hasi zitzaion Lipus. Eta Egañak jarraitu: «Baina trasplanteren bat badaukat abian/ hiru ile sartua atzo eguardian/ laster naiz ileakin gainera aidian».

«Eskua kendu ta aske», bota zion Lipusek bere mugimenduak agintzen zituen bitartean. Eta Egañak: «Txarra danikan ez uste/ besteen menpe sortua naiz ni nahiko buruhauste/ orain askatasun eske/ hasia besteak beste/ guztiok ere aske hobeto molda baigintezke».

Txan magoaren magia

Jon Maia eta Amaia Agirre tartean labana bat zegoela jarri zituen zirkuko aurkezleak, Maiak Agirre bikotekidea ohean beste batekin harrapatu berri zuela. Agirre oso ideia ausartekin eta ondo aritu zen saio guztian, eta Maiak ere ateraldi bikainak izan zituen. Bazirudien nahiko garbi zuela labankada eman behar ziola engainatu zuen bikotekideari, baina azken bertsoan hala kantatu zuen zumaiarrak: «Uste dezu naizela erdi txoropito/ baina ohetik berriz ez zera jaikiko/ bueno hiltze hau ere ez dezu neurriko/ bizi zaitez ni gabe ehun urte ta piko/ egunero pixka bat hil zaitez ta kito».

Txan magoaren laguntzarekin, Amets Arzallusek ale benetan politak utzi zituen egungo egoera politikoaren gainean. Txanek soka moztu eta berriz nola osatzen zuen ikusita, horrela kantatu zuen Arzallusek: «Hitzen magian sokari tira pausoka dator hurrena/ pausoak hanka, hankak eskua, eskubiderantza trena/ eskubidea ebaki eta goaz bidean barrena/ hitz hoiek denak josiko ditut eta horra mezu dena/ bidea soka hauskor bat dela pausoka egiten dena».

Eta Txan magoak eskainitako magia ikuskizuna ere ederra izan zen, aspaldian magian sinesteari utzi zioten asko hunkitzeko modukoa. Eta berriz magian sinesten hasteko modukoa. Oro har, atzoko saioaren ondoren zaila da magian ez sinestea. Hitzaren magian, denaren magian. Eta bertsolarien akrobaziek sortzen duten bertigoaz gozatzeko arratsaldea ere izan zen. Horren adibide Maialenek osatu zuen salto eta txiribuelta ariketa. «Ni ixiltzera noa. Jarriozu hitza nire gorputzari», agindu zion Lipusek. Eskuekin ahoa tapatu zuen orduan. «Ta zer san nahi ote du hitz egiten ez duenak/ eztarriko sokei dardar egin ez diezaiekenak/ mutu dauden ta mutuaraziak ez dira berdinak denak/ ahoko eskuak eurenak diren edo besteren batenak», kantatu zuen Maialenek. Eta maila berean, bikainean alegia, jarraitu zuen entzuten ez duenaren eta ikusten ez duenaren ahotik. Txiribuelta ikusgarriak Maialenenak.

Habaneran Amaia Agirre eta Jon Maia galdegile lanetan jarri zituen ondoren Lipusek, eta erantzule lanetan, Sebastian. Galderak bezain zorrotzak izan ziren erantzunak, eta saioa ederra hori ere.

Eta bukaeran, Andoni Egañak eta Amets Arzallusek segidillak eta magia uztartu zituzten, bezperan entseatutako trukuak jendaurrera ekarrita. Bikaina izan zen bertso-magia saioa ere, nahiz eta oraindik bertsotan magia trukuetan baino iaioagoak diren Egaña eta Arzallus.

Arratsaldeko beste gozamena Unai Iturriagaren eta Igor Elortzaren “Gu ta gutarrak” emanaldi berriarekin etorri zen. Musika, erritmoa eta hitz zorrotzak elkartuz gustura ikusi genituen bi lagunak oholtza gainekoan, eta gozarazi egin zuten. Aurrerantzean izango da talde hori entzuteko aukera gehiago.

Mundiala atzoko Bertso Eguna. Mundiala zirkua, mundiala Ander Lipus eta mundialak bertsolariak, izan pailazo, emakume bizardun, mago edo kontortsionista. Mundialak hitzaren akrobatak, eta entzulea, aho zabalik. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
GARA refuerza su proyecto comunicativo
Jendartea
Unibertsitatea sortzeko bertze urrats bat egin du Nazio Eztabaida Guneak
Euskal Herria
Fallece la madre de Iñaki de Juana, que llevaba año y medio sin poder visitarle
Mundua
Los territorios ocupados palestinos siguen desangrándose en choques fraticidas
Kultura
Magia eta akrobaziak hitzaren alanbrean
Kultura
«Franz + Polina» lanari eman diote Urrezko Fipa
Euskal Herria
La propuesta de Uztaritze plantea una autonomía de base nacional
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss