GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Jo puntua 2007-01-28
Kirmen Uribe - Idazlea
Min handiegia

Robert Louis Stevensonek kontatzen du. Parisen gertatu omen zen idazleen bilkura batean. Astero biltzen ziren idazleok tertulia egiteko. Behin, maiteminaz hitz egitea egokitu zitzaien. Guzti-guztiak ezagutzen zuten zer den maiteminduta egotea, bakar batek izan ezik. Hura ez zen sekula ere maitemindu. Gainontzekoek esan zioten ezinezkoa dela maiteminari buruz ezer esatea norberak nor bere larruan sentitu ez badu. Horrelaxe, tertulia utzi zuen idazleak eta alde egin zuen esanez ez zela itzuliko tertuliara maitemina zer den ezagutu arte. Horrexegatik ez zen gizona itzuli hiru urte iragan arte. Bueltatu zenean baina, beranduegi zen, tertuliarik ez baitzen biltzen ordurako. Stevensonek horren karietara dio askotan ez dela beharrezkoa zerbaitez hitz egiteko nor bere larruan bizitzea. Idatzi daitekeela edo iritzia eman zerbaiti buruz, gertu-gertutik ezagutu gabe ere.

Antzeko zerbait jazo zitzaidan Taiwanen. Hantxe kontatu nuen zer suertatu zitzaien euskal jesuitei Txinako enperadorearekin egon zirenean. Txinako enperadorea hiri debekatuan bizi zen. Leihotik begiratu eta hiri bateko bizimodua ikusten zuen berak. Eunukoek benetako hiri bateko bizitza antzezten ziotelako enperadoreari. Artisauarena egiten zuen batek, beste batek oihalak saltzen zituen, beste batek portzelana, beste batzuk txalupetara igo eta arrantzan egiten zuten. Gustukoena borrokak izaten zituen enperadoreak, eta halaxe, eunukoek azokan gerta zitekeen liskarren bat antzezten zioten. Barre egiten zuen berak, leihotik begira. Leihoa ixten zuenean itzali egiten zen alegiazko hiri hartako bizimodua. Huraxe zen errealitateaz jakin zezakeen guztia, bizitzaren itzal hura. Enperadoreak ezin baitzuen benetako mundua ikusi. Hiriburuko kaleak zeharkatzen zituenean kaleak hustu egiten ziren eta denda guztiak itxi. Beste hiri batera bidaiatzen zuenean berriz, gurdiaren alde banatan bi lerro zaldun jartzen ziren. Ikustezina zen enperadorea herritarrentzat eta, era berean, herria berarentzat.

Jesuitek galdetu zioten nola agin zezakeen horrela, benetako mundua ezagutu gabe. Enperadorearen erantzuna garbia izan zen: nahiago zuela ez jakin nolakoa zen benetan mundua, inozoa izan nahi zuela berak, eta horrelaxe bakarrik izango zela justuagoa.

Istorioa bukatu eta Taiwango entzuleen artean zegoen neska batek arrazoia eman zion enperadoreari. Eta esan zuen guztiok egiten dugula hori. Gauza txarrak ez ditugula entzun nahi izaten. Min handiegia egiten digu sufrimenduak. -


Kirmen Uribe - Idazlea - Artikulo gehiago [..+]
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
GARA refuerza su proyecto comunicativo
Jendartea
Unibertsitatea sortzeko bertze urrats bat egin du Nazio Eztabaida Guneak
Euskal Herria
Fallece la madre de Iñaki de Juana, que llevaba año y medio sin poder visitarle
Mundua
Los territorios ocupados palestinos siguen desangrándose en choques fraticidas
Kultura
Magia eta akrobaziak hitzaren alanbrean
Kultura
«Franz + Polina» lanari eman diote Urrezko Fipa
Euskal Herria
La propuesta de Uztaritze plantea una autonomía de base nacional
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss