- Emakumeen Liga
Hondarribia-Irun galtzaile, partida negargarria jokatu eta gero
HONDARRIBIA - IRUN 47 ARRANZ JOPISA
48 Hondarribia-Irun: Antoja (9), Hlede (8), Iziane Castro
(13), Page (6), Mujanovic (9) hasierako bostekoa Pelaez (2), Suarez
(-), Csaszar (-). Arranz Jopisa: Mondt (13), Ciocan (5), Ujhely (6), Marta Zurro
(4), Itziar German (-) hasierako bostekoa Anna Cruz (10), Revilla (-)
eta Iria Villar (-). Epaileak: Pagas Baro, Rodriguez Avila. Egotzitakorik gabe.
Partzialak: 15-13, 9-17 24-30 atsedenaldian; 7-9, 16-9. Gorabeherak:
475 ikusle Hondartza pabiloian.
HONDARRIBIA
Emakumeen Ligako 16. jardunaldia oso eskasa suertatu zen Hondarribia-Irunentzat; izan ere, oso partida eskasa jokatu zuen, eta sailkapenean aurretik jarri berri zaion Arranz Jopisa Burgosen aurka 47-48 galdu zuen. Egia da ostegunean Faenzaren aurka jokatzekoa dela Hondarribiko taldea, Emakumeen Eurokopako final-zortzirenetan, eta, ondorioz, ligan apur bat erlaxatu dela azken aste bietan. Alabaina, oso itxura pobrea eman zuen atzo Jon Txakartegiren taldeak. Dena den, azken unera arte irabazteko aukerak izan zituen Gipuzkoako taldeak. Lehendabiziko laurdena 15-13 aurretik amaitu ostean, gaztelarrek aurrea hartu zuten bigarrenean. Mondt-en eta Anna Cruzen lan onari esker, atsedenaldira markagailua 24-30 zela iritsi ziren. Bigarren zatian defentsek hartu zuten garrantzirik handiena. Orotara, 16 puntu baino ez zituzten sartu talde biek, betiere etxekoen kaltetan. Betiko moduan, Murriel Pageren erreboteek eta Iziane Castroren puntuek eusten zuten partida. Azken laurdenean asko sakatu zuten hondarribiarrek, baina ezin izan zuten atzetik aurrerako lana amaitu eta galtzaile suertatu ziren.
|