GARA > Idatzia > Iritzia

Heriotza punta-puntako azpiegitura batean

Herri honetan, beste munduko edozein herritan bezala, badira lehen mailako azpiegiturak. Itsasertzean dauden herri ororentzat, portuak lehen mailako azpiegituren artean satzen dira. Lehen mailako zerbitzuak eskaintzen dituzte portuetan, eta sarritan agintari politikoek eta ekonomian adituek zamari eta bidaiariei dagozkien trafikoaren inguruko datu eta txostenak jakinarazten dituzte. Betiere garrantzitsua dela nabarmentzen dute. Orduan, nola izan daiteke portuan ari diren beharginek segurtasun baldintza eskasak izatea? Ez al dute toki berezia merezi lan segurtasunaren azpiegitura horren balio estrategikoa nabarmentzeko onartzen diren egitasmoetan? Urtarrilaren 24an izandako lan istripuaren ondorioz koman zegoen 53 urteko langile bat hil da. Garabiarekin lanean ari zen eta pieza bat erori zitzaion gainera. ELA, LAB eta UGT sindikatuek eta Zamaketari Koordinadorak 24 orduko lanuzteak deitu dituzte, portuan, segurtasun baldintzak eskasak direla salatzeko asmoz. Bergé taldean bi heriotz gertatu dira astebeteko epean. Bilboko portutik ez ezik Asturiastik ere albiste iluna iritsi zitzaigun atzo. Bermeoko garraiolari bat istripu baten ondorioz hil zen. Urteko seigarren astean gaude, eta dagoeneko 14 herritar hil dira lanean ari zirela. Zaila da ulertzea heriotza horiek sortzen duten hain zirrara politiko eta sozial eskasa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo