GARA > Idatzia > Euskal Herria

Fiskaltzak nahi izan arren ezin da zigortu udalak euskal presoak laguntzea

Zazpi urtean lan publikoetan aritzea debekatu diote epai- leek Joxean Barandiaran andoaindarrari. Zergatik eta euskal preso bati ordenagailu bat erosteko erabakia udalbatzara ez eramateagatik. Horrek, atzean, kutsu politiko garbia ikusten du alkate ohiak.

Laneko kontuak zirela-eta, Madrilgo hotel batean gosaltzen ari zela jakin zuen Joxean Barandiaranek, EH koalizioko Andoaingo alkate zenak, Estatu espainoleko fiskal nagusi zen Jesus Cardenalek bere aurkako helegitea bideratu zuela, «Abc", «El Mundo" eta «La Razon" egunkari espainolak irakurrita. Zergatik bada? «Andoaingo alkateak ETAko logistikako buru ohi Asier Oiartzabali ordenagailu bat erosteagatik". Hori baieztatu zuten, behintzat, egunkari espainol horiek, eta hori gutxi balitz bezala, Barandiaranek sinatu zuen udal aginduaren kopia bat ekartzen zuten argazki handi batean.

Baina nola liteke udal bateko agiri pribatuak egunkari batean argitaratzea? Horren gaineko ikerketa judizialik ez dute abiatu argi baitago auzibide hori nondik eta norengatik hasi zen. Egia da Andoaingo Udalak preso politikoari ordenagailua erosi ziola; egia da ere bai orain egun batzuk ebatzi zuela Donostiako Auzitegiak Andoaingo alkate ohiari eta zinegotzi bati zazpi urterako gaitasungabetzeko zigorra ezartzea; baina ordenagailua erosteko azken oniritzia ez zuen Barandiarek sinatu, gaur egungo PSEko alkateak baizik.

PSE-PP Gobernua ere erostearen alde

Oraindik amaitu ez den auzibide horren abiapuntua 2003ko udal hauteskundeetan dago. Sei urte lehenago, 1997an, PSEko Perez Gabarain alkate zegoenean, Presoen aldeko Giza Eskubideen Batzordea eratu zuen Udalak. Bertan, nagusiki, Andoaingo preso sozialei laguntzen zieten.

Bi urte geroago, Euskal Herritarrok koalizioak boterea eskuratu zuenean, Batzordea indartu zuten, eta lanean jarraitu zuen. Orduan, udalerriko preso politikoei eta haien senideei laguntzak bideratzeko aukera jaso zuten. Eta modu horretan, 2003an, Batzordeak ontzat eman zuen Asier Oiartzabali ordenagailu bat erosteko eskaera. Oiartzabalek bi urte zeramatzan bakarturik, mediku zerbitzurik gabe eta ikasketei eusteko beharrezkoa zuen.

Batzordeak bere meneko zinegotziari igorri zion eskaera, eta horrek, ostera, alkateari. Hori 2003ko ekainean jazo zen, eta bi egun geroago, PSEk eta PPk egun osatzen duten gobernu taldeak hartu zuen Andoaingo Udalaren gidaritza. Alkateak ontzat eman zuen eskaera; Udaleko teknikariak, ordea, ezin zuela hori egin zioen, eta zalantza argitzeko azken erabakia udalbatzak eman behar zuela. Barandiaranek, ordea, ontzat eman zuen.

Hori dela-eta, Estatu espainoleko fiskal nagusi ohi Jesus Cardenalek, komunikabideetara isilpean helarazitako albistea aintzat hartuta, Barandiaranen eta EHko zinegotziaren aurkako auzibidea hastera bultzatu zuen. Bost urteko espetxe zigorra -funtsak modu bidegabean erabiltzea egotzita- eta hamahiru urtez ardura publikoetan aritzea zigortzeko -prebarikazioa egotzita- eskatzen zuen Fiskaltzak bien aurka. Epaiketan, ordea, Fiskaltzak espetxe zigorra urtebete jaitsi zuen, eta gaitasungabetzeko eskaera zazpi urtera, ordenagailua ordaintzeko dirua bi auzipetuok aurretiaz itzuli zutelako.

Donostiako Auzitegiak, ordea, zazpi urtez gaitasungabetzea erabaki du. Baina ez du diru publikoa modu bidegabean erabili dela ikusi, ordenagailua udal ordenantzek adierazi moduan erosi zelako. Aldiz, erabakia udalbatzara ez eramateagatik zigortzen ditu Auzitegiak bi andoaindarrak. Orain, Fiskaltzak helegitea ezarri dio epaileen erabakiari; azken batean, ez baita inondik inora garaile agertzen. Nahiz eta, Barandiaranen ustez, auziak zuen helburu politikoa nolabait lortu izan: berriro ere udal ordezkari gisa aritzeko aukera errotik moztea Andoaingo alkate ohiari.

Joxean Barandiaranen defentsak ere helegitea aurkeztuko du Fiskaltzaren jarreragatik. Horrek, gainera, epaiketan hirugarren akusazio bat gehitu zuen aurka: Auzitegi Nazionalean izandako epaiketa baterako senideentzako eta lagunentzako autobus bidaia ordaintzea. Epaileak, ordea, argi erantzun dio fiskalari: hori egungo Alkatetzak ordaindu zuen.

Eta ez soilik bidaia ordaintzea. Izan ere, 2003ko urrian, PP-PSE Gobernuak ordenagailua ordaintzeko erabakia eta bidaiarena udalbatzara eraman baitzituen. Eta zalaparta handirik gabe ontzat eman zuten. Baina akatsa Barandiaranek egin zuela esan, eta ezker abertzalearen aurka jotzeko aukera ez zuten alferrik galdu, ikusi den bezala.

Perez Gabarain, giza eskubideen batzordearen sustatzaile izatetik hori suntsitzera
Nahiz eta hainbat politikarik eta komunikabide espainolek Joxean Barandiaran eta Jesus Mari Olazabal zinegotzien gainean denetarik esan duten, argi ikusi da akatsen bat egitekotan erabakia udalbatzara ez eramatea izan dela hori, nahiz eta legegintzaldiaren azken uneak izanik, ez zegoen horretarako denborarik.

Denborak, ordea, beste kontu bat argitu eta erakutsi du. Hau da, 1997. urtean, PSEko Jose Antonio Perez Gabarain alkatea zela sortu zuten Presoen aldeko Giza Eskubideen Batzordea sorreran parte hartu zuen alkateak berak deuseztatu duela egun. Beste alde batetik, egun Andoainen Udaleko kide diren politikariek argitu beharko dute, noizbait, Barandiaranek sinaturiko agindua nork helarazi zien isilpean komunikabideei, hori legezkoa ez dela jakinda.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo