Nafarroa ere jaitsierako fasea jokatu beharrean izango da
Maulek ere mailari eusteko borrokan jarraitu beharko du; Donibane Lohizune, berriz, igoera fasea jokatzeko moduan izango da
Nafarroak ezin izango du bigarren fasea jokatu, galdu egin baitzuen lehenengo faseko azkeneko jardunaldia, eta jaitsierako fasea jokatu beharko du. Lehen Maila honetan dabiltzan beste bi euskal taldeek bazekiten azkeneko jardunaldia jokatu aurretik ere zer egin beharko zuten. Donibane Lohizunek bigarren fasea jokatuko du, eta Maulek, jaitsierakoa.
Bosgarren multzoan, Nafarroaren partida zen garrantzitsuena. Gorri-horiek nahitaez irabazi behar zuten Tyrossen zelaian. 2.000 ikusle batu ziren norgehiagoka ikusteko, eta horietatik laurdenak Nafaroa Beheretik joanak ziren. Partida oso estua izan zen, baina etxekoek 24-22 irabazi zuten, eta euskaldunen itxaropena bertan behera geratu zen. Markagailuan 7-16 ere aitzinetik izan ziren, eta bazirudien garaipena ere lor zezaketela, baina azkeneko minutuetan ihes egin zien, eta ezer gabe geratu ziren. Orain mailari eustea izan behar dute erronka, eta horretan ahalegindu beharko dute hurrengo fasean. Erdoziok egin zuen euskaldunen entsegua, eta Zelanek transformazio bat, hiru zigor-kolpe eta drop bat.
Azkeneko jardunaldian, Maulek ez zuen zer eginik. Dena erabakita zegoela ekin zion partidari, irabazita edo galduta, zuri-gorriek jaitsierako fasea jokatu beharra baitzuten. Hala ere, azkeneko fase hori indartsu ekiteko garrantzitsua zen lehenengo fasea irabazita amaitzea, eta horixe egin zuten zuberotarrek, 12-9 irabazi baitzioten Fleuranceri. Norgehiagoka ez zen ona izan, baina puntuak etxean geratu ziren, eta horixe izan zen garrantzitsuena. Landarribilkok egin zituen zuri-gorrien puntu guztiak, lau zigor-kolpe gauzatuta. Seigarren multzoan ere, Donibane Lohizunek segurtauta zuen igoera fasea jokatzeko txartela, baina azkeneko jardunaldian ere garaipena eskuratu zuen Sarlaten aurka, 25 eta 16. De Carlik lortu zuen gorri-berdeen entsegu bakarra, eta berriro ere Haisagerre izan zen protagonista nagusia, berak egin baitzituen punturik gehien, sei zigor-kolpe eta transformazio bat gauzatuta.
Bigarren Maila
Bigarren Mailako emaitzak ez dira gustura egoteko modukoak izan; izan ere, bi euskal taldeetatik inork ezin izan baitzuen partida irabazi. Bokalek galdu egin zuen, eta Donapaleuk, berriz, berdindu.
Nafarroa Behereko taldeak garaipenak behar ditu bat bestearen atzetik mailari eutsi nahi baldin badio, baina 9-9 berdindu zuen Fumel taldearen aurka. Zuri-urdinak 9-3 aitzinetik izan ziren, baina euskaldunek ezin izan zioten alde horri eutsi, eta amaieran berdinketarekin konformatu behar izan zuen. Tauzinek zigor-kolpe bat gauzatu zuen, eta Escondeurrek bi egin zituen.
Bokalek, berriz, zaplazteko dezentea hartu zuen Langonen zelaian; 32 eta 7 galdu zuen. Emaitza horrek argi eta garbi uzten du lapurtarrek zer-nolako neurketa egin zuten. Lasseronek egin zuen euskaldunen entsegua, eta Capdupuyk lortu zuen beltzen transformazioa. Sailkapenean, Bokalek atzerapausoa eman du, eta une honetan bosgarren postuan dago 30 punturekin. Bokalek, berriz, sailkapeneko azken-aurreko postuan jarraitzen du 24 punturekin, eta mailari eutsi nahi baldin badio, hemendik aitzinera gogor egin beharko du lan. Bestela, zaila izango du datorren denboraldian ere Bigarren Mailan lehiatzea.
Angeluk irabazi du Hirugarren Mailan jokatu duten euskal derbia
Hirugarren Mailan euskal talde asko daude, eta bi derbi izan dira. Bat Angelun, eta etxeko taldeak 39 eta 14 irabazi zion Larresorori. Emaitzak erakusten duen moduan, etxekoak jaun eta jabe izan ziren. Bestean, Hendaiak irabazi egin zuen Bardozeren zelaian (10-21). Beste emaitzak hauek izan dira: Mugerre 13 / Corraze Nay 19; ASB 26 / Pont-Long 10; eta Senpere 8 / Rion Les Landes 16.