GARA > Idatzia > Kirolak

Oriotarren indarra agerian geratu da Hondarribiko VII. Jaitsieran

Oriok lan bikaina egin zuen igande arratsaldean izan zen Hondarribiko VII. Traineru Jaitsieran. Ehunka zaleren aurrean, gipuzkoarrek lehen bi postuak eskuratu zituzten San Pedroren, Hondarribiaren eta Laredoren aurretik. Oraindik traineru denboraldia hasteko asko falta den arren, benetan aipagarria aurten TKEn arituko den Libiaren lana, baita Imanol Cascante pasaitarra entrenatzaile duen Laredoko ontziarena ere.
 
Zorte oso txarra, ordea, Castroko La Marinerak izan zuen. Juan Mari Etxaberen mutilek bigarren ziaboga estriborretik hartu zuten eta, beraz, kanporatu zituzten. Balio handirik izan ez arren, kantabriarrek bigarren denbora onena egin zuten berez helmugan.
 
Egunak bi gertakari kurioso utzi zituen, bestalde. Batetik, Vicente Carpintero Zierbanako patroia uretara erori zen irteeran estatxa hartzerakoan. Bizkaitarra azkar asko igo zen berriz ontzira. Bestetik, beteranoen proban, Badalonatik etorritako ontziaren lana nabarmendu behar da. Arraunlari kataluniarrek bigarren amaitu zuten Endaikaren atzetik.
 
Traineruen hurrengo jaitsiera otsailaren 17an izango da Orion. Denboraldiko aurrenekoa Plentzian jokatu zen, eta etxeko taldea, Arkote, jaun eta jabe izan zen.
 
Galizian ere bai
 
Euskal Herrian bakarrik ez, Galizia aldean ere hasi dira bertako traineruak lehen probak egiten. Igandean, esaterako, Cabo da Cruzek antolatutako erlojupekoa jokatu zuten Boiroko uretan. Irabazlea Tiran izan zen 20.09 denbora eginda, Samertolameu eta etxeko ontziaren aurretik.
 
Deigarria da Mecos laugarren postutik ez zela pasatu, eta Amegrove erkidea bosgarren izan zela. Guztira 19 ontzik hartu zuten parte, eta beste datu interesgarri bat: Perillo, Chapela eta Esteirana bi ontzi uretaratzeko gai izan ziren, hirurak elkarte apalak izan arren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo